Katalunia

Jordi Cuixartek utzi egingo du Omniumeko zuzendaritza

Marcel Mauri presidenteordeak ere ez du hautagaitzarik aurkeztuko hurrengo kongresuan, eta zuzendaritzak Xavier Antich proposatuko du Cuixart ordezkatzeko.

Jordi Cuixart, Omniumeko burua, aurtengo Diada egunean. TONI ALBIR, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 14a
10:07
Entzun

Gaur goizean Kataluniako RAC1 irrati kateari emandako elkarrizketan iragarri du erabakia Jordi Cuixartek: Omniumen hurrengo kongresuan ez da aurkeztuko plataformako buru izateko. Sei urte zeramatzan Cuixartek Omniumeko buruzagitzan —preso egin ditu urte horietatik lau—, eta ez du jarraitzeko asmorik. Erabaki bera hartu du Marcel Mauri presidenteordeak ere, eta, beraz, zuzendaritzak beste bat proposatuko du Omniumeko idazkari nagusi izateko: Xavier Antich.

Bi agintaldi bete ditu Cuixartek Omnimueko presidente gisa, eta hura espetxean egon zen tartean Mauriren esku geratu ziren kudeaketa lanak, nahiz eta presidente karguan berak jarraitu. «Hasieratik elkarrekin izan ginen honetan, eta bera ere presidente izan da», esan du Cuixartek Mauriz galdetuta. Haren esanetan, zuzendaritza berria behar du orain erakundeak: «2017ko betaurrekoak egokitu egin behar dira 2022rako». Mugimendua zuzenduko duen talde berria otsailaren 26ko kongresuan erabakiko dute, eta hortik aurrera Cuixart aurreko lanpostura itzuliko da, Guillem Agullo eskolara.

Aurrez ere esana zuen, eta berretsi egin du buruzagi independentistak, bere asmoen artean ez dago politikagintzan aritzea. «Ekintzaile bat naiz, eta Omniumen eta herrialdearen esanetara egongo naiz aurrerantzean ere, baina ez politikari modura». Cuixartek gaur arratsaldean hitz egingo du Carles Puigdemont presidente izandakoarekin eta ERCko idazkari nagusi Oriol Junquerasekin.

2015ean hartu zuen Omniumeko idazkari nagusi kargua Cuixartek, gerora Generalitateko presidente izango zen Quim Torraren ordez. Ordurako urteak zeramatzan erakundeak lanean, bazkide gisa lehenik eta presidenteorde karguan azken urteetan. 2017an behin-behinean espetxeratu zuten, urte bereko urrian egindako erreferendumari lotuta sedizioa egitea egotzita. 2019an bederatzi urteko kartzela zigorra eta beste hainbesteko inhabilitazioa ezarri zion Espainiako Auzitegi Gorenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.