Ukraina

Ukrainako Gobernuaren webguneei eraso diete

Erasoa jasan duten sailen artean daude Atzerri eta Hezkuntza ministerioak. Ez dute argitu nor den erantzulea.

Ukrainako Gobernuaren webguneetan agertutako mezua. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 14a
13:24
Entzun

Zibereraso baten biktima izan da Ukrainako Gobernua. Erasoa jasan dutenen artean dauden Atzerri Ministerioaren ataria eta Hezkuntza Ministerioarena. Gobernuko iturriek esan dute goiz dela erasoaren nondik norakoak argitzeko, baina gogora ekarri dute aurrez ere halako erasoak izan direnean Errusian izan dutela iturria, eta azken hau Errusia eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekin elkarrizketak amaitu berritan heldu dela.

Erasotzaileek mezu bat ere utzi dute gobernuaren atarian: «Ukrainarrak!... Zuei buruzko informazio oro ezagutarazi dugu. Izan beldur eta egon okerrenaren zain. Zuen iragana, oraina eta geroa da». Mezuak aipamena egiten dio Bigarren Mundu Gerran Sobietar Batasunaren aurkako borrokatu zen UPA Ukrainiako Armada Matxinoari ere, eta oharrean ikus daitezke Ukrainako bandera eta mapa gainean x handi bat dutela. Oharrak erreferentzia egiten dio «Ukrainako lurralde historikoari» ere, azalpen gehiagorik eman gabe.

Europako Batasuneko diplomaziaburu Josep Borrellek laguntza eskaini dio Kievi, eta «halako zerbait» espero zutela onartu du: «Ezin diogu errua inori bota frogarik gabe, baina imajinatzen genuen halako zerbait gerta zitekeela. Gure baliabide guztiak mugiaraziko ditugu Ukrainiari laguntzeko». Zuzenagoa izan da Suediako Atzerri ministro Ann Linde, eta Moskuri egotzi dio erantzukizun osoa. Lindek ohartarazi dio Vladimir Putinen gobernuari, Ukrainaren aurka jotzen badu «erantzun irmoa» jasoko duela.

Errusiak 100.000 soldadu inguru ditu Ukrainaren ekialdeko mugan, eta NATOk eta AEBek esan izan dute Ukrainari eraso egiteko intentzioa eduki dezakeela Moskuk. Kremlinak, baina, nabarmendu izan du ez duela horretarako asmorik. Asteon egin duten bileran bi aldeek argi utzi dituzte beren lerro gorriak: Ukrainan dituen tropak erretiratzea nahi du Mendebaldeak; Moskuk, hori egin baino lehen, nahi du NATOk bermatzea Ukraina eta Georgia ez direla erakundean sartuko, izan ere Putinek ez ditu nahi Mendebaldeko indarrak bere etxe atarian, are gutxiago azken urteetan izandako aurrez aurrekoen ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.