Australiako Gobernuak deportatu egin du Djokovic

Serbiarrak ezingo du jokatu Australiako Irekia, eta Serbiara bidean da jada. Herenegun atxilotu eta paperik gabeko migratzaileak atxikitzeko erabiltzen den hotel batera eraman zuten.

Djokovic, aste honetan, entrenatzen. KELLY DEFINA / POOL
Jon Ordoñez Garmendia - Paulo Ostolaza
2022ko urtarrilaren 15a
07:34
Entzun

Ofiziala da: Novak Djokovicek ez du Australiako Irekia jokatuko. Serbiarra deportatu egin du Australiako Gobernuak. Bart egin dute hori erabakitzeko epaiketa, urgentziaz, eta erabakia tenislariaren aurkakoa izan da.

Djokovic, herenegun, atxilotu eta paperik gabeko migratzaileak atxikitzeko erabiltzen den hotel batera eraman zuten, Melbournen. Aurretik, Australian egoteko bisa bertan behera utzi zioten, bigarren aldiz.

Epaitegiaren erabakia jakin bezain pronto egin ditu adierazpenak tenislariak: «Erabakiarekin erabat dezepzionatuta nago. Azken asteetan, zoritxarrez, ni izan naiz protagonista, baina espero dut aurrerantzean maite ditudan kirola eta txapelketa izango direla», adierazi du. Djokovicek gaur eguerdiko 12:30etan hartu du Dubaira eraman duen hegazkina, eta handik iritsiko da Serbiara.

Aleksandar Vucic Serbiako presidenteak ere gogor hitz egin du Australiaren jokabidearen aurka: «Pertsona eta herrialde baten aurkako sorgin ehiza bat izan da. Novaken bidez erakutsi nahi izan dute nola funtzionatzen duen ordena mundialak, eta edozeinen aurka egin dezaketela ere bai», esan du. «Ez duzue Djokovic umiliatu, zuen burua baizik».

Atxikita

Atxikita egon den zentro horretan egon zen hilaren 6an ere Djokovic, bisa lehen aldiz kendu ziotenean. Duela zenbait urtetatik erabiltzen dute hotel hori paperik gabeko migratzaileak atxikitzeko, eta, hotel bat izanagatik, erosotasun gutxi eskaintzen dituelako ospea du.

Australiako Immigrazio ministroak. auzitegian aurkeztu duen 258 orrialdeko txosten batean, deportazioaren alde argudiatu zuen tenislaria herrialdean geratzeak suspertu egin ditzakeela COVID-19aren kontrako txertoaren aurka daudenak, eta ondorioz istiluak sor daitezkeela, aurretik Melbournen izan direnak bezalakoak.

Azken egunetan tenislaria atxikitzearen kontrako protestak izan dira Melbournen. Djokovici Australian tenisean jokatzen uztearen eta aske uztearen alde oihu egin dute protestariek. Australiako Irekia jokatuko den estadioaren parean, berriz, beste protesta bat izan zen atzo; herrialde horretako banderak eta eskuin muturreko taldeen ikurrak eraman zituzten zenbaitzuek.

Amaiera

Serbiarraren asmoa Australiako Irekia jokatzea zen. Bihar hasiko da, eta Miomir Kecmanovicen aurka zuen lehen partida Djokovicek. Txertatu gabeko dago, ordea, eta herrialde horretara sartzeko beharrezkoa da txertatuta egotea. Medikuaren baimen batekin joan zen Australiara tenislaria urtarrilaren 5ean. Iritsi zenean, bisa kendu eta atxilotu egin zuten. Astelehenean, berriz, aske uztea erabaki zuen auzitegi batek, argudiatuz ez zutela berdintasunez tratatu. Azkenean, deportatu egingo dute. Ustez, amaitu da auzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.