Etxebizitza

Alokairua arautzeko etxebizitza lege berria hitzartu dute Nafarroan

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k lege proiektua erregistratu berri dute Nafarroako Parlamentuan. 2010eko legea berritu nahi dute, eta, besteak beste, alokairuen iraunkortasunerako indizea edo alokairu kontratuen erregistroa sortzea proposatu dute.

Ana Ansa (Geroa Bai), Jose Maria Aierdi Etxebizitza kontseilaria, Arantza Biurrun (PSN) eta Mikel Buil (Ahal Dugu), gaur, Iruñean, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
2022ko urtarrilaren 17a
11:40
Entzun

Nafarroako administrazioak erreminta gehiago izango ditu aurki etxebizitzaren merkatua arautzeko orduan, batik bat alokairuen atalean. Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru alderdiek —PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k— 2010eko Etxebizitzaren Legea aldatzeko lege proiektua hitzartu dute, eta goizean erregistratu dute parlamentuan. Hiru alderdietako eledunak pozik agertu dira emaitzarekin. Jose Mari Aierdi Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilariak azpimarratu du legearen edukia «sakona eta aurreratua» dela etxebizitzarenaren gisako gai delikatu batean.

Proiektuak bere bidea egin behar du orain legebiltzarrean. Goizean Eledunen Batzordetik pasatu ostean, ohiko prozedurari jarraitu beharko dio: lehenik, osoko bilkuran aintzat hartu beharko da; ondoren, batzordeetatik igaro beharko du, eta azken testua osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko da. Akordioa hitzartu duten taldeek ez dutenez gehiengorik, beste taldeen babesa edo onespena beharko dute tramitazio horretan. Litekeena da, beraz, tramitazioan aldaketak sartzea. Jose Mari Aierdik onartu du EH Bilduk eta Ezkerrak negoziazioen nondik norakoen berri izan dutela.

Berritasun nagusietako bat alokairuen errenta arautzeko mekanismo berria izango da; alokairuen iraunkortasunerako indizea, alegia. Adierazle horren bitartez, gobernuak gehienezko prezio baten erreferentzia ezarriko du alokairua eskuragarri egiteko, tokiz toki. Adierazle horren zenbatekoa bi tarteren artean egongo da: urteko errenta 3.600 eurokoa izango da gutxienez, eta lanbidearteko soldata bider 1,5 gehienez.

Beste berritasunetako bat da lehen aldiz Nafarroan alokairu kontratuen erregistroa ezarriko dela. Legeak zehazten duenez, bi erreminta horien bitartez, administrazioak aukera izango du alokairuen prezioak modu egokian aztertzeko, prezioen tentsio handiko eremuak definitu ahal izateko eta horren arabera neurriak hartzeko.

Halaber, babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa iraunkor egin nahi du legeak, administrazio publikoek etxebizitzekin egiten duten esfortzu horri eutsi ahal izateko. Izan ere, egun Nafarroak sustaturiko 56.000 etxebizitzetatik ia erdira murriztu da jabego publikoa (28.000, zehazki), eta legeak jabego horri eustea proposatzen du. Hala, babes ofizialeko etxea galtzeko baldintzak ere ezartzen dira: adibidez, etxea ohiko bizitoki gisa ez erabiltzea.

Espainiako legediarekin talka

Oraintxe bertan, Espainiako Kongresuan etxebizitza lege proiektua tramitazioan dago, eta Geroa Baiko Ana Ansak espero du bi legeen artean «talkarik ez egotea». Aierdik gogorarazi du Espainian etxebizitza merkatua arautzeko lehen legea ezarri nahi den bitartean Nafarroan jada «tradizio bat» eta bide bat eginda dagoela. Itxaropena agertu du eztabaida eragin dezaketen gaietan ados jartzeko gai izango direla bi administrazioak. Gaineratu duenez, «estatuko legearen musikarekin bat egiten dute» akordioa sinatu duten hiru alderdiek, batik bat prezioen tentsio handiko eremuetan alokairua arautzeko formulazioari dagokionez.

Ahal Dugu-ko Mikel Builen esanetan, Espainiako legearen filosofiara egokitzeko erremintak planteatzen ditu lege horrek. Pozik agertu da emaitzarekin, baina azpimarratu du hainbat kontutan ez direla ados jarri, eta espero du tramitazioan zuzenketa bidez beren planteamenduak onartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.