Gazte mugimenduak

«Zartada Gazte Ekimena kalean da», gazte mugimenduak «batu» nahi dituen egitasmoa

Martxoaren 18an, 19an eta 20an egingo dute lehen topaketa, Gasteizen. 'Bat egitetik, hamaika izatera' leloa izango du.

Mugimenduko zenbait kide, abaneduaren 29an egin zuten asanblada irekian. ZARTADA GAZTE EKIMENA
Nagore Arin.
2022ko urtarrilaren 17a
11:45
Entzun

Atzo aurkeztu zuten Zartada Gazte Ekimena, eta, mugimenduko kideen esanetan, «Euskal Herriko gazteria eta gazte mugimenduak batu, aktibatu eta elkarlanean jartzeko» helburuz sortu da, «elkarrekin hausnartu, ikasi eta mobilizatzeko». Euskal Herriko zenbait eragileren eta kideren artean sortu dute, eta «egungo testuinguruaz hausnartu eta erantzun bat artikulatu nahian» bildu ziren lehenengoz duela hainbat hilabete. Ordutik, zenbait antolaketa gune martxan jarri eta hainbat bilera egin dituzte.

Hain justu ere, bilera horietan aipatutako kezketatik eta beharretatik abiatuta antolatu dute mugimenduaren lehen hitzordu garrantzitsu izango den topaketa: martxoaren 18an, 19an eta 20an egingo dute, Gasteizen, eta Bat egitetik, hamaika izatera lema izango du. Antolatzaileen esanetan, «elkargune baten beharrak» eraman ditu, besteak beste, topaketa hori antolatzera, eta eskaintza «mobilizatzaile, edukizko eta aisialdizko bat» bilduko du.

Elkarlana, ezinbesteko

Hitzordu horren bitartez, kolektibotasuna, elkarlana eta halako balioak indartu nahi dituzte, eta «eragileak saretuz, elkarrengandik ikasiz eta batera ekinez» egin nahi dute hori. «Hain gogor kolpatzen gaituzten honetan, gazte mugimenduari bultzada emango diogu herri eta auzoak eraldatzen jarraitzeko», adierazi dute.

Horretarako, baina, eragile, kide eta norbanako gehiagoren laguntza eskatu dute: «Bi hilabete ditugu aurretik, eta ordura arte ez gara geldirik egongo. Norabide honetan lan egitera animatzen ditugu Euskal Herriko gazte mugimendua eta gazteria, herri eta auzoetan batzera, gazteak elkartzera eta nahi beste egitera».

Bide horretan, askotariko baliabideak jarriko dituzte eskuragarri, askotariko edukiak landu ahal izateko eta «kaleak astintzeko». Halaber, antolaketarako guneetara deituko dute, «guztien hitza entzun eta eztabaida zein hausnarketa askotarikoak kolektiboki emateko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.