Frantzia

Eric Zemmour zigortu dute adingabe migratzaileen aurkako gorrotoa sustatzeagatik

Parisko auzitegi batek 10.000 euroko isuna jarri dio, adingabe migratzaileak «lapurrak, hiltzaileak eta bortxatzaileak» direla esateagatik. Inkesten arabera, babesa galtzen ari da polemista ultraeskuindarra.

Zemmour, pasa den astean egin zuen agerraldi batean. CHRISSTOPHE PETIT TESSON / EFE
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 17a
15:51
Entzun

«Lapurrak, hiltzaileak eta bortxatzaileak». Eric Zemmour Frantziako presidentegaiak horrela definitu zituen familia sorterrian duten adingabe migratzaileak. Iazko irailean izan zen, CNews hedabideak egin zion elkarrizketa batean; adingabe horiek deportatzearen alde eta «etengabeko inbasioaren aurka» hizketan jardun zen polemista ultraeskuindarra.

Orain, Parisko auzitegi batek zigortu egindu Zemmour hitz horiengatik: gorroto arrazista sustatzea egozten diote. Fiskaltzaren arabera, Zemmourrek adierazpen askatasunaren mugak gainditu zituen. Presidentegaiaren abokatuen arabera, ordea, «errealitatea mahai gainean jartzen» ari zen Zemmour, «modu gordin batean».

Azkenean, epaileak 10.000 euroko isuna jarri dio ultraeskuindarrari, eta, ordaintzen ez badu, kartzelara joan daiteke. Zigorra ez da handia, ezta Zemmourri jarri dioten lehenengoa ere, baina are eta argiago uzten du zein den presidentegaiak hartu duen bidea.

Dena den, horrenbeste polemikatan sartuta ibiltzeak ez dirudi mesederik egin dionik haren kanpainari. Inkesten arabera, behera egiten ari da Zemmourren hautagaitzaren babesa, eta, oraintxe, boto gehien jasoko luketen hautagaietan laugarrena izango litzateke Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan. Le Monde-k eta Franceinfok gaur argitaratu duten inkesta batek dioenez, frantziarren %62k uste dute Zemmour «arrisku bat dela demokraziarentzat».

Polemista

Azken hilabeteetan, Zemmour kontuan hartzeko moduko hautagaia bilakatu da, protagonista izateko baliabideak dituena eta gaiak —immigrazioa, segurtasuna eta identitatea—inposatzeko gaitasuna duena. Abenduaren hasieran aurkeztu zuen ofizialki bere hautagaitza.

Ziurrenik, polemista da hura deskribatzeko hitzik egokiena, baina Zemmour harago ere badoa: erreakzionarioa da, homofoboa, arrazista, xenofoboa... Oraingoz, haren ibilbide politiko laburra espero gabeko fenomenoa bilakatu da, egun duen hedaduragatik. Ikusteko dago zer lortzen duen.

Euskal Herrian ere izana da Zemmour, urri amaieran, bere liburua aurkezten. Miarritzen egin zuen ekitaldian, jende andana bildu zen haren aurka protestatzera, besteak beste EH Baik, LABek, Les Bascosek, IPEH Antifaxistak eta GKSk deitu zituzten mobilizazioetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.