Ukraina

Poroxenko Ukrainara itzuli da epaileen aurrera, «traizioagatik» akusatuta

Zelenskiri egotzi dio haren kontrako epaiketa bultzatzea, arrazoi politikoengatik. Hamabost urte arteko zigorra jaso dezake presidente ohiak.

Viktor Poroxenko Ukrainako presidente ohia, gaur, Kieven, bere jarraitzaileei zuzentzen. MIKHAIL PALINCHAK, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko urtarrilaren 17a
17:40
Entzun

Petro Poroxenko Ukrainako presidente ohia bere herrialdera itzuli da gaur goizean. Varsoviatik irten den hegaldi batean iritsi da Kievera, eta lurreratu bezain laster egin ditu lehen adierazpenak, zain zituen milaka jarraitzaileren aurrean. «Ez gaude hemen Poroxenko babesteko, Ukraina batzeko eta babesteko baizik». Aireportuan, mugako kontroleko guardiek pasaportea kendu diotela salatu du, Kieveko auzitegi baterantz abiatu aurretik.

Ukrainako justizia estatuburu ohia ikertzen ari da «traizio delitu» baten arduradun den argitzeko. 2014. urtetik 2019ra bitartean herrialdeko presidente izandakoari egozten diote Ukraina ekialdeko Donbass eskualdea kontrolpean duten talde armatu independentistak finantzatzea, lurralde horretako ikatz enpresei egindako legez kanpoko erosketen bidez. Fiskaltzaren ustez, 45 milioi euro baino gehiago bideratu zizkien Errusiak babestutako talde independentistei, 2014 eta 2015 artean. Epaileek errudun jotzen badute, hamabost urte arteko espetxealdira zigortu dezakete.

Poroxenkok ukatu egin ditu akusazio guztiak, eta ziurtatu du bere kontrako epaiketa Volodimir Zelenski egungo presidentearen amarru bat dela, oposizioa isilarazteko eta herritarren arreta Ukrainak dituen arazoetatik desbideratzeko. «Agintariak nahastuta daude, ahul, eta eta [Errusiako presidente Vladimir] Putinen aurka aritu beharrean, gure kontra ari dira borrokan», adierazi du auzitegian, saioaren etenaldi batean.

Ukrainara itzuli aurretik, Proxenko Europako hainbat herrialdetan barrena ibili da azken asteetan, iazko abenduaren 20an «traizioagatik» auzipetu zutenetik. Kieveko auzitegi batek bere ondasunak bahitzeko agindu zuen urtarrilaren hasieran. Ukrainako enpresari aberatsenetakoa da presidente ohia.

Poroxenkoren itzulerak haren eta Zelenskiren arteko norgehiagoka indartu du herrialdeko agertoki politikoan, hain justu, Kievek eta Mendebaldeak ohartarazi dutenean Errusia Ukraina inbaditzeko prestatzen ari dela. Moskuk ukatu egin du halakorik, baina ziurtatu du neurriak hartzera behartuta egongo dela NATOk Europa Ekialdean hedatzen jarraitzen badu. Egoera zein den ikusita, batasun politikorako deia egin diete Kieven aliatuek Ukrainako alderdiei.

Zelenskik «oligarken» kontra borroka hitzeman eta aste gutxira abiatu zuten Poroxenkoren kontrako auzia. Ukrainako Gobernuak «oligarken aurkako legea» onartu zuen iazko azaroan. Gobernuaren esanetan, lege horren helburua da «oligarkek» Ukrainako politikan duten eragina murriztea. «Oligarken» erregistro bat sortuko dute, eta zerrendan horretan agertuko diren herritarrek ezin izango dituzte alderdi politikoak finantzatu, ezta estatuko enpresen pribatizazio prozesu handietan parte hartu ere. Poroxenkoren jarraitzaileek uste dute gobernuak presidente ohiaren kontra egiteko baliatuko duela legea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.