TORTURA

Estrasburgok Espainia zigortu du Xabier Atristaini inkomunikazio aldian abokatua aukeratzen ez uzteagatik

Zigor Reizabal abokatuak BERRIAri azaldu dio «oso larria» dela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiari eginiko ohartarazpena, zehazten baitu Madrilek eragotzi egin zuela Atristainek epaiketa «justua eta ekitatezkoa» izatea, eta espresuki egiten diolako erreferentzia inkomunikazioari: «Aurrekari bat izan daiteke». Gorenean berraztertze helegitea jarriko dute, Atristainen kartzela zigorra bertan behera geldi dadila eskatzeko.

Atristain, 2010. urtean, Guardia Zibilak atxilotuta. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2022ko urtarrilaren 18a
11:45
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak bertze zigor bat jarri dio Espainiari euskal herritar baten giza eskubideak urratzeagatik, baina ez zehazki orain arte bezala. Oraingoan, Xabier Atristain Gorosabel euskal presoaren kasuagatik jarri diote zigorra, 2010ean atxilotu eta inkomunikatu zutenean abokatu bat aukeratzen ez uzteagatik, eta, horren bidez, prozesu «justu eta ekitatezko» bat izatea eragozteagatik. Sententziak espresuki aipatzen du inkomunikazio aldia, Zigor Reizabal abokatuak BERRIAri jakinarazi dionez, eta, beraz, abokatuak uste du «oso larria» dela Espainiari emandako zigorra, baita «positiboa» ere, «lehenengo aldiz» erran baita «horren garbi» atxilotu batek bere abokatua edukitzeko eskubidea urratu dela. «Aurrekari oso garrantzitsua» izan daiteke, abokatuaren ustez.

Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea jarri ahal izateko baimena eskatuko du orain defentsak. Abokatuak uste du onartu beharko luketela, Estrasburgoren sententziak lotesleak direlako, eta, hala gertatzen bada, Gorenak sententzia bidez ebatzi beharko du defentsaren helegitea. Atristainen zigorra bertan behera uztea eskatuko dute, eta, beraz, edo libre geratu beharko litzateke —kartzelan dago gaur egun—, edo berriro epaitu beharko lukete. Bigarren kasuan, halere, hura epaitzeko erabilitako inkomunikazio aldiko deklarazioak ezin izanen lituzkete erabili froga gisa. Urtebete edo gehiago pasatu daiteke Gorenak auziaz erabakitzen duen arte. Dena den, defentsak eskatu du bitarte horretan ere eten egin dezatela Atristainen espetxe zigorra, Gorenak erabakitzen duen artean.

Inkomunikazio aldiaren ondoren torturak salatu zituen Atristainek. Bertzeak bertze azaldu zuen poltsa «askotan» egin ziotela, konortea galdu arte, bi aldiz botaka egin zuela, goma aparrarekin biltzen zutela, eta horren guztiaren ondorioz takikardiak izateagatik botika bat eman ziotela. Tortura psikologikoak ere salatu zituen: bigarren deklarazioan erran zuen, erraterako, bere neska laguna atxilotuko zutela egin ziotela mehatxu. ETAko kide izatea leporatuta dago preso gaur egun.

Espainiak 20.000 euroren kalte ordainak ordaindu beharko dizkio Atristaini. Estrasburgoko auzitegiaren arabera, Espainiak Giza Eskubideen Europako Akordioaren 6. artikulua hautsi zuen, epaiketa justu bat eta legezko laguntza izatea bermatzen dituena.

Epaiak dioenez, abokatua aukeratzeko debekuak «gero egin zen prozesu penalaren ekitatea hautsi zuen; izan ere, akusatuaren lehen deklarazioa proba gisa onartu zen». Estrasburgoko auzitegiaren esku hartzea ere arrazoitu dute epaileek, erranez haren lana dela halako epaiketak bidezkoak direla zaintzea.

Atristain 2010eko irailaren 29an atxilotu zuten. Berehala, Espainiako Auzitegi Nazionalak hura inkomunikatzeko agindu zuen, lehergaiak aurkitzeko ikerketa oztopatu zezakeela argudiatuta.

17 urte

Orduan egindako deklarazioetan, bere burua erruztatu zuen hainbat ekintzatan. Ezarri zioten ofizioko abokatua hainbat aldiz saiatu zen Atristainekin harremanetan jartzen bitarte horretan, baina Guardia Zibilak inkomunikatuta zegoela esan zion. Atristrainen egoera ikusita, ofizioko abokatuak uko egin zion Guardia Zibilaren aurreko deklarazioa sinatzeari.

Izan ere, «tortura latzak» jasan izana salatu zuten Atristainek eta orduan berarekin atxiloturiko Juan Carlos Besancek: bere garaian Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zuen atxiloaldia «oso gogorra» izan zela. Bere bikotekidea atxilotzearekin mehatxatu zutela gaitzetsi zuen Atristainek gerora, bertzeak bertze. Honela kontatu zuen AAMk Atristainek pairaturikoa, 2010eko urriaren 6an, hots, inkomunikazio aldia bukatu eta gutira: «Autoan poltsa jarri zioten buruan, oso estu, arnasarik gabe utziz ia itotzeraino. Bi aldiz galdu zuen konortea Madrilera bidean. Argi du guardia zibilek asko kontrolatzen zutela noiz arte eduki poltsa buruan, noiz galduko zuen konortea, eta abar. Madrilera iritsi bezain laster hasi ziren galdeketa luzeak, guardia zibil askoren parte hartzearekin, abokaturik gabe, erabat legez kanpokoak. Poltsa askotan jarri zioten buruan, estutuz, arnasarik gabe uzteraino. Bi aldiz botaka egin zuen, ez zuen ezer botatzeko, eta behazuna botatzen zuen. Goma aparrarekin biltzen zuten, izerditan blai zegoela buruan poltsa jartzen zioten. Ondoren ur hotza botatzen zioten sekulako kontrastea eraginez. Bi aldiz takikardiak izan zituen, eta botika eman zioten, lasaigarriak edo. (...) Buruan zerbait beroa eman ziotela nabaritu zuen. Orain azala joana du buruko zati batean. Bost egunez ez du lorik egin, ezta jan ere».

Bi urte egin zituen behin-behinean atxilotuta, eta 2012ko irailean irten zen kalera, epaiketa egin bitartean. Azkenean, 2013. urtean, 17 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Urte hartako maiatzaren 4an atxilotu zuen Ertzaintzak, zigorra kartzelan bete zezan.

Gaur egun Martuteneko espetxean dago euskal presoa (Donostia), bigarren graduan. Espainiako Espetxe Erakundeek 2020ko urrian erabaki zuten presoa Euskal Herriratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.