Migrazioak

Flandriak 15 urteko kartzela zigorra ezarri dio giza trafikatzaile bati, 39 pertsonaren heriotzarengatik

Kamioi batean itota aurkitu zituzten migratzaile vietnamdarrak, Ingalaterrako ekialdean, 2019an.

Vo Van Hong akusatuaren abokatu Antoon Vandecasteele prentsarekinhitz egiten, gaur, ebazpena jakin ostean. STEPHANIE LECOCQ / EP / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko urtarrilaren 19a
15:48
Entzun

Brujasko (Flandria) auzitegi batek hamabost urteko kartzela zigorra ezarri dio Vo Van Hong giza trafikatzaileari, 39 pertsonaren heriotzarengatik. Migranteak Europako kontinentetik Erresuma Batura legez kanpo eramateko sarearen arduraduntzat jo du Vo.

Tragedia 2019. urtean gertatu zen: 39 hilotz topatu zituzten Ingalaterrako Essex eskualdeko industriagune batean abandonaturiko kamioi batean. Vietnamdarrak ziren hildakoak, 15 eta 44 urte artekoak, eta itota hil ziren bidean. Auzitegiak deliberatu duenez, horietako hamabostek gutxienez Voren sarearen bidez bidaiatu zuten. Vok gutxienez 115 pertsona pasatu zituen Erresuma Batura 2018 eta 2020 bitartean, ondorioztatu dutenez. Horretan nahastuta egon izana ukatu zuen Vok epaiketan, eta bera ere sarearen biktima zela adierazi zuen.

Beste 23 pertsona epaitu dituzte Brujasen, eta horietako 19 erruduntzat jo dituzte.

Ikertzaileen arabera, migranteak oxigeno faltarengatik eta beroarengatik hil ziren, eta ahaleginak eta bi egin zituzten kamioiaren sabaia hausteko, eta senideei telefonoz laguntza eskatzeko.

«Argi geratu da zigor gogorra jasoko duela halako praktiketan jendearen ongizatea aintzat hartu gabe jarraitzen duen edonork», esan du biktimen senideen abokatu Luc Arnouk. Izan ere, auzitegiak giza hilketarako dagoen zigorrik handiena ezarri dio Vori, eta ia milioi bat euroko zigorra ordaindu beharko du.

Ingalaterran duela urtebete epaitu zituzten aferan nahasturiko besteak. Bi kamioi gidari eta beste bi trafikatzaile giza hilketarengatik zigortu zituzten. Izan ere, nazioarteko afera bihurtu da: Vietnamgo auzitegi batek ere zigorrak ezarri zizkien sareko hango arduradunei, eta beste 26 pertsona epaitu behar dituzte Frantzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.