Iruñeko Udala

EH Biduk, Geroa Baik eta PSNk Enrique Maia arbuiatzeko adierazpena egingo dute udalean

Adierazpen xenofoboak «daturik eman gabe» egitea eta «kolektibo oso ahulak jomugan jartzea» egotzi diote Iruñeko alkateari

Enrique Maia Iruñeko alkatea. IñAKI PORTO / EFE
2022ko urtarrilaren 20a
14:36
Entzun

Iruñeko Udalaren hurrengo osoko bilkuran adierazpen bat aurkeztuko dute EH Bilduk eta Geroa Baik, nork bere aldetik, Enrique Maia alkatea arbuiatzeko, berriki eginiko adierazpen xenofoboengatik. «Delituak egiten dituzten ia pertsona guztiak ez dira hemen jaiotakoak», esan du Navarra Sumako alkateak azken egunetan, hainbat lekutan.

EH Bilduk salatu du Maia hasia dela «migratzaileen kolektiboaren kontrako kanpaina batean, datu bakar bat eman gabe». EH Bilduk bereziki deitoratu du alkateak jomuga gisa hartu izana bakarrik dauden adingabekoak. «Eraso arduragabetzat» jo dituzte alkatearen adierazpenak.

Ohar horretan, ekinaldi bat iragarri du koalizioak: otsailaren 3an udaletxean egitekoa den osoko bilkuran, mahai gainean jarriko du alkatea gaitzesteko proposamena, ordezkaritza duten alderdi guztiek bozka dezaten.

EH Bilduren arabera, hauteskunde estrategia dago Maiaren hitzen atzean, eskuin muturraren botoen bila. «Navarra Suma arrazakeria eta alarmismo soziala sustatzen ari da Iruñean, arduragabekeriaz, eta helburu alderdikoi eta elektoralistekin».

Taldeak gogorarazi du Iruñea harrera hiri izendatua dela 2017az geroztik, eta errefuxiatuenganako eta haurrenganako konpromisoak dituela. «Navarra Sumak duela bi hilabete Unicefekin berretsitako konpromiso horiek hautsi nahi ditu? Nafarroako eskuinak Voxen bideari ekin eta estatuari Haurren Eskubideen Konbentziotik ateratzea proposatuko al dio?».

Datuak mahaiaren gainean

Koalizioak udal gobernuaren datuak erabili ditu Maiaren adierazpenak gezurtatzeko asmoz. Izan ere, Segurtasun zinegotziak delitu eta delitugileen inguruko datuak eman zituen abenduaren 23an. Horietan, Navarra Sumako Javier Labairu zinegotziak onartzen du 2021eko indarkeriazko datuak eta iazkoak «oso antzekoak» direla. Horrek gezurtatuko luke, koalizio abertzalearen arabera, delituak areagotu direlako hori.

Maiaren hitzek ezinegona eragin dute hirian gizarte lanetan dabiltzan taldeen artean. «Gorroto diskurtsoek beldurra eragiten dute, eta hori ez da ona», esan dio BERRIAri Maite Zigandak, adingabeko etorkinekin lan egiten duen SEI elkarteko zuzendariak.

Bestetik, Geroa Baik ere oso arriskutsutzat jo ditu Maiaren adierazpenak, uste dutelako bizikidetzaren kontra egiten dutela, eta udalaren eginbeharra ez dela hori, baizik eta gizarte kohesioari eusteko politikak proposatzea. Halako adierazpenek bide arriskutsu bat irekitzen dutelakoan daude, eta berretsi dute Nafarroa harrera herria dela, eta gizartearen gehiengo handi batek bat egiten duela horrekin.

PSNk, berriz, otsailaren 3an aurkeztuko duen adierazpenean alkateak mezu xenofoboak saihets ditzala eskatuko du, eta neurriak hartzeko eskatuko dio segurtasunari dagokionez gainerako erakundeekin elkarlanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.