Maite Ziganda. SEI elkarteko zuzendaria

«Gorroto diskurtsoek beldurra eragiten dute, eta hori ez da ona»

Iruñeko alkateak bakarrik dauden migrante adingabeekin lotu ditu azken asteetan izandako erasoak. Maite Zigandak salatu du zenbait adierazpenek beldurra zabaltzen dutela eta adingabeen egoera orokortu egiten dutela

BERRIA.
Olaia L. Garaialde.
2022ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Enrique Maia Iruñeko alkateak bakarrik dauden migrante adingabeekin lotu ditu azken asteburuetan Iruñean izandako hainbat istilu. Maite Ziganda SEI elkarteko zuzendaria erakundeen arduraz eta beldurraren eraginaz mintzo da. SEI migratzaileen doluarekin lana egiten duen gizarte hezkuntzako elkartea da.

Zein da bakarrik dauden migrante adingabeen egoera?

Nerabeak eta migratzaileak dira; horrek esan nahi du familia utzi dutela, eta dolu bat bizi izaten ari direla. Adingabeak izanda, gure ardura da doluan laguntzea. Hemen legedia oso gogorra da etorkinekin. Familia gabe etortzen dira, baina badute familia han. Nafarroako Gobernuak sistema bat dauka nerabeak artatzeko.

Zertan da gogorra legedia?

Oso gogorra da. Migratzaile bat etortzen denean gutxienez bi urtez egon behar da baieztatzen hemen egon dela. Bi urte horietan ezin du ez lanik egin, ez ikasi, eta askotan ezin du izena eman formakuntzetan. Imajinatu etorri berria zarela eta ezin duzula ezer egin. Gastuek behartzen dituzte lan egitera, eta horrek sustatzen du etxeetan kontraturik gabe egotera. Ez da ona, dena prekarizatzen dugulako. Nik uste dut hori dela gogorrena. Urte horien ostean urte baterako lan kontratua izan behar dute. 30 eta 40 ordu inguruko kontratuak izaten dira. Gaur egun nork egiten ditu horrelako lanak?

Iruñeko alkate Enrique Maiak azken aldiko hainbat erasorekin lotu ditu. Nondik atera da auzia?

Ez da bakarrik esaten dena, nola esaten den ere garrantzitsua da. Alkateak «kontuz ibili migratzaileekin», esaten duenean arreta jartzen du migratzaile hitzan, ez ditu nerabeak edo familiarik gabekoak aipatzen. Ziur nago alkateak ez zuela gorrotoa zabaldu nahi izan hitz horiekin, baina horrelako hitzek ez dute bizikidetza bultzatzen. Azken hilabeteetan Clara proiektua lantzen egon gara. Helburua da tokiko agintarien, udaltzainen eta komunitatearen gaitasunak hobetzea, hirietako bizikidetza baketsua mehatxatzen duten gertakari arrazistak eta xenofoboak, gorroto delituak eta diskurtsoak prebenitzeko, identifikatzeko eta horien aurka borrokatzeko. Alkateak egindako lana txalotu zuen, baina zer gertatu da horrekin?

Zer dago horren atzean?

Maila politikoan gauzak aztertu behar dira profesionaltasunez, eta pentsatu zer nahi dugun, mezu horiek gorrotoa zabaltzen dutelako. Helburua izan behar da nerabeei laguntzea arazoei aurre egiten. Zabaldu behar dugun mezua da lanean gaudela, zaindu behar ditugula, eta bizikidetza bultzatu behar dugula.

Ikusten duzu gizartea tenkatzeko arriskua?

Ez dut gustuko irakurtzen ditudanean erasoen inguruko albisteak. Ez zait inporta nork lapurtu duen edo bortxatu duen. Horrelako diskurtsoek beldurra eragiten dute. Horrek aurreiritzietan eragiten du; adibidez, horrek eragiten du pertsona arrazializatu bat ikustea eta beldurra aktibatzea. Beldurra gizartean oso arma boteretsua da; beldurrak geldiarazten gaitu. Gainera, ateak ixten dizkigu eta harremanak eragozten ditu. Erakundeetako ordezkariek kontu handiz ibili behar dute esaten dutenarekin, beldurra sortzea ez delako ona.

Nola eragiten die nerabeei?

Askok esaten dute nabaritzen dutela autobusean ez dela inor esertzen ondoan, edo baten ondoan eseri, eta segituan poltsa hartzen duela. Gehienak etortzen dira bere familia proiektua eta proiektu pertsonala hobetzeko, eta ez arazoak izateko. Ez dugu orokortu behar, horrek beldurra sortzen duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.