Frankismoko Krimenak

Unidas Podemosek salaketa jarri du Martxoaren 3ko sarraskian Martin Villak zer «erantzukizun» izan zuen iker dezaten

Gaineratu dute iraganean «krimenak» egin dituzten Espainiako «segurtasun indarren» eta hainbat agintariren zigorgabetasuna amaitu behar dela.

Juantxo Lopez de Uralde, Pilar Garrido eta Roberto Uriarte diputatuak Gasteizko Justizia Jauregiaren parean. BERRIA
unai etxenausia
2022ko urtarrilaren 20a
17:12
Entzun

Pilar Garrido, Juantxo Lopez de Uralde eta Roberto Uriarte Unidas Podemos alderdiko Espainiako Kongresuko diputatuek Rodolfo Martin Villa ministro ohiaren aurkako salaketa erregistratu dute Gasteizko epaitegietan. Martin Villak 1976an Gasteizen izandako gertakarietan izan ditzakeen erantzukizun penal «posibleak» argitze aldera. Gaineratu dute iraganean «krimenak» egin dituzten Espainiako «segurtasun indarren» eta hainbat agintariren zigorgabetasuna amaitu behar dela. Beraz, «beharrezkoa da» maila horretako giza eskubideen urraketen erantzuleak justizia auzitegietan epaitzea, nabarmendu dutenez.

Martin Villak astelehen honetan Nueva Economia Forumeko informazio gosari batean tonu ironikoan egindako adierazpenetan esan zuen litekeena dela 1976ko Martxoaren 3an Gasteizen eta 1978ko uztailaren 8an Iruñean gertatutako hilketen «erantzule politiko eta penala» izatea. Halere, esan zuen gobernuak ez zuela «plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda», haren aurkako akusazio autoak dioen bezala.

[YouTube]https://youtu.be/lV7r_O9acvg[/YouTube]

Unidas Podemoseko diputatuek argitu dute salaketa Gasteizen jarri dutela hor daudelako horiek epaitzeko instrukzio epaitegiak. Are, Martin Villaren kontrako salaketa hau Argentinako epaileek hasitako prozesu judizialari «kalterik egin gabe» hasi dutela esan dute diputatuek: «Gaur egun etenda baitago».

Salaketaren nondik norakoak

Gogorarazi dute hilketa hori ikertzeko ireki ziren aurretiazko eginbideak artxibatu egin zirela, inolako ikerketa polizial edo judizial eraginkorrik gabe. Horregatik, alderdiak aurkeztu duen salaketaren arabera, bai gertaera horiek, bai 1978ko Iruñeko Sanferminetan gertatutakoak «ez ziren inolaz ere gertakari bakarrak izan, ezta bakanak ere, eta testuinguru orokor batean kokatzen dira». Estatu osoan dozenaka kasu dokumentatu dira 1976ko eta 1980ko urteetan, «inolako kondena judizialik gabe», salatu dute diputatuek.

Era berean, salaketan esplikatzen da Martxoaren 3ko agenteen arteko elkarrizketen grabazioak gordeta daudela oraindik ere. Elkarrizketa horietan, Martxoaren 3an eliza hustean izandako esku hartzea deskribatzen da. Eliza horretan greban zeuden langileen batzarra egiten zen, eta grabazioetatik argi eta garbi ondorioztatzen da elizan bildutako pertsonen aurkako erasoaren plangintza. «Hau gerra bat da erabat, munizioa eta granadak amaitzen ari zaizkigu. Aldatu. Historiako jipoirik handienetako bat eman dugu. Bide batez, hemen sarraski bat izan da. Aldatu». Horiek dira polizia kanalaren bidez jasotako elkarrizketen aldaketa batzuk, salaketan aipatzen direnak.

Diputatuentzat, egitate horiek gizateriaren aurkako delitu gisa har daitezke, «bizitza bezalako oinarrizko ondasunei eragiten dietelako eta estatuaren instantziek bultzatutako plan bati obeditzeko zantzuak daudelako». Salaketan ageri den bezala, diputatuek baieztatu dute «hainbat tresna juridiko» daudela nazioarteko ikuspegitik eta bertako arauditik Gasteizen martxoaren 3an gertatutako «egitate larriak ikertzeko eta epaitzeko».

Azkenik, azpimarratu dute biktimek eskubidea dutela egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak sustatzeko, eta «orain arte sistematikoki ukatu» zaiela. Horregatik, Uraldek, Garridok eta Uriartek salaketa onar dezala eskatu diote Gasteizko instrukzio epaitegiari, eta dagokion prozedurari hasiera eman diezaiola; «delitu egitateak» eta Martin Villaren erantzukizun posiblea eta esku hartzea ikertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.