FUTBOLA

Athletic-Real Madril eta Reala-Betis, Espainiako Kopan

Zuri-gorriek eta txuri-urdinek etxean jokatuko dute final-laurdenetako partida bakarra, otsailaren 3an

Alexander Sorloth eta Yeray Alvarez lehian, Anoetan jokatutako derbian. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 21a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Real Madril eta Betis izango dituzte aurkari Athleticek eta Realak Espainiako Kopako final-laurdenetan. Biek etxean jokatuko dute kanporaketako partida bakarra, San Mamesen eta Anoetan. Egun berean jokatuko dute: txuri--urdinek, 20:00etan, eta zuri-gorriek, 21:30ean. Bezperan jokatuko dira beste bi kanporaketak: Rayo Vallecano-Mallorca (20:00) eta Valentzia-Cadiz (21:00).

Hamar egun barru jokatuko dute Kopako partida, eta, tartean, Espainiako Ligako neurketa bakarra jokatuko dute Realak eta Athleticek: Realak Getafe hartuko du igande honetan, eta Athleticek Rayo Vallecanori egingo dio bisita egun berean. Beraz, ikusteko dago nola helduko dioten Kopako kanporaketari. Gaur-gaurkoz, konfiantzaz lepo daude biak ala biak, balentria egin berri baitute, Ligako eta Kopako jarduneko bi txapeldunak kanporatu baitituzte final-zortzirenetan: txuri-urdinek Atletico Madril utzi dute bidean, Anoetan 2-0 irabazita; zuri-gorriek, berriz, Bartzelona utzi dute lehiatik kanpo, San Mamesen, luzapenean, 3-2 gailenduta. Ustez aurkariak faborito izan arren, Imanol Alguacilek eta Marcelino Garciak zuzendutako taldeek neurketa bikaina jokatu zuten, eta merezita ariko dira final-laurdenetan.

Nagusi izan dira Reala eta Athletic final-zortzirenetan, baita aurretik jokatutako kanporaketetan ere. Horri esker daude finaletik bi koskara besterik ez. Talde txuri-urdinak lau aurkari utzi ditu bidean: Panaderia Pulido (0-4), Zamora (0-3), Leganes (2-3) eta Atletico Madril. Athleticek, berriz, bi partida besterik ez ditu jokatu, Espainiako Superkopan aritu baitzen. Bartzelonaren aurretik, Mancha Real kanporatu zuen: 0-2. Aldea dago haien aurkarien artean ere, Betisek lau kanporaketa jokatu baititu, eta Real Madrilek bi. Lehenak Independiente Alacant (0-4), Talavera (2-4, luzapenean), Valladolid (0-3) eta Sevilla (2-1) kanporatu ditu; eta bigarrenak, Alcoyano (1-3) eta Elx (1-2, luzapenean).

Athleticek eta Real Madrilek joan den igandean jokatu zuten azkeneko aldiz elkarren aurka, Riaden, Superkopako finalean, eta Espainiako taldeak 2-0 irabazi zuen. Ligan, berriz, bitan jokatu dute denboraldi honetan, eta bietan nagusitu da Real Madril: 1-0 Bernabeun, eta 1-2 San Mamesen. Kopan, makina bat alditan neurtu dituzte indarrak. 55 partida jokatu dituzte: 23 irabazi dituzte zuri-gorriek, zortzi berdindu, eta 24 galdu. 2006an izan ziren aurkari azkeneko aldiz, final-zortzirenetan, eta Espainiako taldea sailkatu zen: 0-1 irabazi zuen San Mamesen, eta 4-0 Bernabeun.

Realak ere oroitzapen txarra du Betisen aurka Kopan aritutako azken aldiaz. Iaz izan zen, final-zortzirenetan, eta txuri-urdinek 3-1 galdu zuten luzapenean, bana egin eta gero. Aurretik jokatutako bost kanporaketetatik bakarrean sailkatu ziren, bigarrengoan, 1964-1965eko sasoian. Bolada hori eten nahi dute. Baita elkarren aurka jokatutako ligako azkeneko partidaren kitarakoa hartu ere: 4-0 galdu zuten Sevillan (Espainia) abenduan. Etxean ariko dira orain, eta hori aprobetxatu nahi dute.

Athleticek eta Realak beste abantaila bat izan dezakete. Izan ere, Kopa jokatuko duten egunetan 2022ko Qatarko Munduko Koparako sailkatzeko partidak jokatuko dituzte Hego Amerikan, eta, horren ondorioz, baliteke Real Madrileko eta Betiseko hainbat jokalari faltatzea: Militao, Casemiro, Vinicius, Rodrigo eta Fede Valverde Espainiako hiriburuko taldean, eta Guido Rodriguez eta Pezzela Sevillakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.