Repsolek 6.000 petrolio upel isuri ditu Perun, azken urteetako «hondamendi ekologikorik handienean»

Limatik iparraldera dagoen kostaldeko 50 kilometro hartu ditu La Pampanilla findegiaren isuriak, eta guztira ia hiru kilometroko eremua hartu du orbanak. Pedro Castillo presidenteak esan du «ekozidio bat» izan dela, eta «onartezina» dela. Repsolek erantzun du ez dela bere ardura izan, eta Tongako sumendiaren erupzioarekin lotu du isurketa.

Petrolioa garbizeko lanak, Ventanillako hondartza batean. STRINGER, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko urtarrilaren 21a
13:01
Entzun

Repsolek Perun duen findegi batek petrolio isurketa bat izan zuen larunbatean, eta herrialde horretako Ingurumen Ministerioak jakinarazi duenez, isuriak 2,9 kilometro karratu hartu ditu jada: 1,74 kilometro koadro lurrean eta hondartzan, eta 1,18, itsasoan. Egindako kalkuluen arabera, 6.000 petrolio upel isuri ditu Repsolek, eta hamazazpi hondartzari eragin die, kostaldeko 50 kilometrotan, Limatik iparraldera. La Ventanilla distrituan dago Repsolen La Pampilla findegia, Callao probintzian, eta Chancay udalerriko Peralvillo hondartzaraino iritsi da isuria.

Peruko Gobernuaren arabera, azken urteetako «hondamendi ekologikorik handiena» da, eta lehenbailehen garbitzeko eskatu dio Repsoli. Pedro Castillo presidenteak «ekozidio bat» izan dela esan du; alegia, izaki bizidunen iraupena arriskuan jarri eta ingurumena guztiz suntsi dezakeen hondamendi bat. Castillok esan du onartezina dela gertatutakoa, eta herrialdearen subiranotasuna eta ongizatea zaintzeko neurriak hartu dituela. «Gure ekosistemak eta gure herriaren ohorea zapaltzen ez dugu utziko», gaineratu du.

Peruko Gobernuak, gainera, salatu du Repsolek hasieran garrantzia kendu ziola isurketari, 0,16 upel isuri zirela esanez. Peruko Gobernua eta Fiskaltza gertatutakoa ikertzen hasi dira, ingurumen delitu bat izan ote den jakiteko, eta 31,7 milioi eurorainoko isuna jar diezaiokete konpainiari, Rubern Ramirez Ingurumen ministroak jakinarazi duenez.

Castillo Cavero hondartzan izan zen atzo, kaltetuenetako batean, eta han esan zuen enpresek sortzen dituzten ingurumen kalteak gelditu egin behar direla. Mirtha Vasquez lehen ministroak esan du Nazio Batuen Erakundeak hondamendi ekologikoetko adituak bidaliko dituela laguntzera. Peruko Ingurumena Ebaluatzeko eta Ikuskatzeko Erakundeak hamar egun eman dizkio Repsoli orbaindutako ingurunea garbitzeko, eta gaur bertan txosten bat aurkezteko eskatu dio nola egingo duen azaltzeko. Hori egin ezean, 105.500 eurorainoko beste isun bat jar diezaiokete garbiketa ez egiteagatik.

Repsolek oraingoz ohar baten bidez esan du isurketa ez dela bere ardura eta «aurreikusi ezin zitekeen itsas fenomeno batek» eragin duela. Tine van den Wall Bake Peruko Repsoleko buruak Tongako sumendiarekin lotu du, eta nabarmendu du Peruko itsas armadak ez zuela tsunami alertarik eman sumendiaren erupzioaren ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.