Aurora Beltran

«Areto txikiak maite ditut; hor, bazara edo ez zara, eta ni banaiz»

Aitak oparitutako gitarrak jarri zuen Aurora Beltran musikaren bidean, duela 50 urte. Tahures Zurdos taldeak markatu du bide hori, nahiz eta musikariak bakarrik grabatu dituen bere azken diskoak. Tahures 2019an itzuli zen; Beltran ez da inoiz joan.

edurne elizondo
2022ko urtarrilaren 21a
13:43
Entzun

Kanpoko giro hotzaren arrasto oro desagertu da etxeko atea itxi bezain pronto. Usin bizi da Aurora Beltran (Iruñea, 1964), duela 30 urte harat mugitu zenetik. Zaintzen dituen katuak ditu lagun, gitarrarekin eta sutondoaren gaineko partiturekin batera. Mahai gainean dira ideiak jasotzeko erabiltzen dituen orriak ere. Onartu du, baina, pandemian zaila izan zaiola deus idaztea. Giltzurrunetako gaixotasun batek dialisia egitera behartu zuenean ere, zuri gelditu ziren musikariaren orri horiek. Transplantea egin zioten 2018an, eta oztopoz betetako mendian gora ibili eta gero, gailurrera iritsi da.

Bitan jaio zarela sentitzen duzu?

Bai, eta bi aldiak ospatzen ditut. 1964ko abuztuaren 26an jaio nintzen, eta 2018ko abuztuaren 25ean egin zidaten giltzurruneko transplantea. Ebakuntza egin eta gero, zainketa intentsiboetako unitatean egon nintzen pare bat egunez. Ez dut gauza handirik gogoan ordukoaz, baina bai erizainek pastel puska bat ekarri zidatela urtebetetzea ospatzeko. Orain bi ditut.

2005ean jaso zenuen diagnosia. Nolakoak izan ziren ebakuntza egin arteko urte horiek?

Ni aurretik ere gaizki sentitzen nintzen. Tahures Zurdoseko taldekideekin egiten nituen bidaietan hankak anitz puzten zitzaizkidan. Medikuak erran zidan turista klasearen sindromea izanen zela, eta aspirina bat hartzeko hegazkin batera igo aurretik. Baina ez nuen hobera egiten. 2005ean, azkenean, analisiak egin zizkidaten. Bitan egin zizkidaten, medikuek pentsatu zutelako okertu zirela. Berdin atera ziren, ni nintzelako hagitz gaizki zegoena.

Berria jaso eta gero, zer?

Egoera berrira moldatu behar duzu. Banekien azkenean transplantea egin beharko nuela, baina hasieran urrun ikusten nuen hori. Kolpea hartu nuen dialisia egiten hasi beharko nuela erran zidatenean.

Egoerak okerrera egin zuela erran nahi zuelako?

Dialisiarekin hasi beharko nuela erran zidatenean, nire giltzurrunak %2 ari ziren lanean. Usiana diskoa aurkezteko kontzertua egin baino sei egun lehenago erran zidaten dialisia egiteko kateterra jartzera joan beharko nuela. Kontzertua bertan behera uztekotan egon nintzen, baina aurrera egitea erabaki nuen. Kontzertua egin eta handik bi egunera jarri zidaten kateterra.

Beldur zinen eritasunak musika bazter uztera behartuko ote zintuen?

Beldur handia nion aukera horri. Izan ere, Usiana nire azken diskoa gutxitan entzuten dudan disko bat da, sumatzen delako gaizki nagoela. Indarrik gabe nengoen. Baina lan egin behar nuen, ahalegina egin. Gero, etxera ailegatu, eta negarrez botatzen nuen kanpora sentitzen nuen etsipena. Eritasunak makina batera lotutako pertsona bat bilakatu ninduen.

Etxean egiten zenuen dialisia?

Bai. Ni bakarrik bizi naiz, eta hagitz gustura nago bakarrik. Baina erabat babesgabe sentitu nintzen etxean dialisia egiten. Ezin nuen lorik egin ere. Medikuak erran zidan pilulak hartu beharko nituela, eta eman zizkidan. Baina ez nituen hartu nahi. Pilatzen joan zitzaizkidan, eta, une batean, beldurtu ere egin nintzen, denak hartzeko aukera aztertu nuelako; deus sentitu gabe, orain erraten dudanean deus sentitzen ez dudan bezala. Denak hartzen baditut, zer? Normaltzat jotzen nuen hori pentsatzea, eta horrek beldurtu ninduen. Azkenean, bat hartu eta hasi nintzen atseden hartzen. Buelta eman nion egoerari; baina dialisia hagitz gogorra egin zitzaidan. Etxekoei eta lagunei, gainera, ez nien erakutsi nahi gaizki nintzela.

Zergatik ez?

Haiek ere gaizki pasatu zutelako, eta ez nuen gaizki agertu nahi haien aurrean. Egia erran, sentitu izan dut indartsu izatera behartzen zaituela gizarte honek. Eta amorru handia eragiten dit horrek ere. Indartsua zarelako, jendeak uste du edozeri aurre egiten ahal diozula, eta ez da egia. Nik ere badut gaizki egoteko eskubidea.

Musikaren munduak ere eraman zaitu indartsu agertu nahi izatera?

Hor ere emakume indartsuarena kanpotik inposatzen dizuten irudi bat da, neurri handi batean. Ni, egia erran, hagitz pertsona sentibera naiz. Halere, musikaren esparruan, eta gizartean, oro har, gertatzen da gauzak garbi dituen emakume bat bazara, behar denean mahaian kolpe bat ematen duen horietakoa, gatazka maite duen norbait bilakatzen zaituztela.

Zure bidea egiten ahalegindu zara, bertzeen iritzien gainetik?

Baietz uste dut. Nire asmoa ez da inoiz izan bertzeen aurka egitea, baizik eta nire bidea egitea.

Bide hori 7 urterekin hasi zen?

Orduan oparitu zidan aitak nire lehendabiziko gitarra. Gaixo nintzen, eta gurpil aulki bat erabili behar nuen. Bakarrik ikasi nuen gitarra jotzen, eta, bai, garbi dut nire geroko bidean giltzarri izan zela garai hori. Aita ere artista zen, artista plastikoa. Eta ulertzen ninduen.

Inportantea zen zuretzat babes hori?

Gurasoek ni zoriontsu izatea bertzerik ez zuten nahi. Agerikoa ematen du horrek, baina gero konturatu naiz ez dela beti horrela. 14 edo 15 urterekin hasi nintzen tabernetan jotzen, baina, garai hartan, ez zen ontzat jotzen hori, are gutxiago emakumea bazinen. Txartzat jotzen zen ordu txikietan karrikan egotea, eta gizonen artean.

Ez zenuen amore eman: Belladona sortu zenuten zenbait emakume musikarik.

Belladonaren etapak bat egin zuen euskal rock erradikalaren garaiarekin. Gu hagitz gazteak ginen, baina gogoan dut oholtzara igotzen ginenan ez genuela erakutsi nahi gure gorputzaren zati bakar bat ere. Musikariak ginen eta serio hartzea nahi genuen. Oroitzapen onak ditut garai horretaz, baliabide gutxi genuelako baina jende anitz biltzen zelako kontzertuetan. Oroitzapen txarrak ere badira, noski.

Zer oroitzapen txar duzu buruan?

Orduko jarrera matxisten ingurukoak, adibidez. Gogoan dut behin talde hagitz famatu bateko abeslariak ipurdia ukitu ziola gure taldekide bati. Haserre eta amorratuta etorri zitzaigun zer gertatu zen kontatzera, eta abeslaria agertu zen gero, barkamen eske. Erran zuen ez zekiela Belladonakoa zenik, arazoa hori balitz bezala. Tahures Zurdosekin ere izan ditut gisako hamaika egoera. Amorratzen nau onartzeak, baina, neurri batean, normalizatu egiten dituzu. Anitzetan haserretu naiz, eta kontra egin diet egoera horiek eragin dituztenei, baina bertze anitzetan nahiago izan dut isildu.

Musikaren industriako etxe handiak ezagutu dituzu; zer moduzkoa izan da esperientzia?

Erranen nuke industriaren barruan bi pertsona zintzo bertzerik ez ditudala ezagutu.

Industria horrek harrapatuta sentitu izan zara?

Bai, zalantzarik gabe. Tahures Zurdosen azken garaian, adibidez, bazter utzi gintuzten nik ez nuelako taldea utzi nahi izan. Disko bat egiteko, berrogei kanta eskatzen zizkiguten, gero hamar aukeratzeko. Joan baino lehen, paper bat sinatu behar izan nuen erranez bost urtez ez nuela grabatuko diskorik bakarrik.

Askatasuna berreskuratzeko erabaki zenuen zure lanak ekoiztea?

Bai. Prozesu osoa kontrolatzeak askatasuna ematen dizu, eta askatasun hori maite dut. Baina ez da lan erraza, eta hori ere erran behar da. Zuk egin behar duzu dena. Halere, merezi du. Niretzat, behintzat, bai. Nahi dudana egiten dut, eta, batez ere, diruz ezin eros daitezkeen gauzak baditut.

Zuzenekoak, adibidez?

Bai. Oholtzara igo eta zuzenean jotzeko sentsazio hori zoragarria da. Maite ditut, batez ere, kontzertu akustikoak, areto txikietakoak. Aurrean dudan jendearen arnasa entzun dezaket, eta haiek nirea. Sentsazio horrek ez du preziorik. Hor, zure gabeziak agerian gelditzen dira. Bazara edo ez zara, eta ni banaiz.

“Adin bateko emakumea naiz, eta ez naiz hasiko orain apaltasunez mintzatzen”. 2009an BERRIA egunkariko elkarrizketa batean erran zenituen hitzok.

Orain, zaharragoa naizenez, esaldi hori berretsi bertzerik ezin dut egin! Are gehiago kontuan hartuta gizarte honek bazter uzten dituela adin bateko emakumeak.

Musikaren esparruan ere bai?

Duela gutxi, Mercedes Ferrerrekin hitz egin nuen; laguna dut, eta nire bizitzako erreferente nagusia izan da. Mercedesek aipatu zidan auzi hau. “Gure adineko zenbat emakume daude lanean? eta zenbat gizon?”, galdetu zidan. Arrazoi osoa du, emakumeak gutxi gara; gizonen kasuan, berriz, berdin du adinak, sasoiak, bai eta onak edo txarrak diren ere, anitzetan.

Zerk bilakatu du Mercedes Ferrer zure erreferente nagusi?

Lehendabizikoz ikusi eta entzun nuenean, telebistan, garbi izan nuen hori zela nik egin nahi nuena. Musika egiten eta jotzen duen emakume bat izan nahi nuen, eta nahi nuen jendeak abesti horien mamiarekin eta bihotzarekin gozatzea, nire fisikoari edo nire gorputzari erreparatu gabe.

Lortu duzu musikara lotutako nahi zenuen bizitza?

Musika izan da nire askatasun lurraldea. Musika da nire bizitzaren %90. Txikitan, maite nuen zuloak egitea eta altxorrak bilatzea. Musika izan ez banu, arkeologo izanen nintzen. Baina aitak gitarra oparitu zidan, eta musikaren munduan murgildu nintzen. Eta musika dena bilakatu da; adikzio baten moduko bihurtzen da, barruan duzun guztia bideratzeko modu bat. Musikaren trenera igo nintzen, eta ez naiz damutzen, bidean gauza anitz utzi ditudan arren.

Zeri uko egin behar izan diozu, adibidez?

Seme-alabak izateari, adibidez. Taldekideek bazituzten, gizonak zirelako, eta aitatasunak ez ziolako eragiten haien lanari. Nik ez nuen oholtza gainean egon nahi haurdun, edo seme-alabekin gora eta behera errepide eta hoteletan. Nik ez nuen gizonek zuten babesa. Egia erran, orain ez dut sentitzen deus galdu dudanik, eta anitz pozten naiz seme-alabak ez izateagatik.

Taldekideak aipatu dituzu; Tahures Zurdosek 2004an bukatu zuen bidea, baina berriz elkartu zarete. Kontent?

Gure managerrak ezkondu behar zuen, eta opari gisa Tahures Zurdosen kontzertu bat eskatu zigun. Elkartu ginen, eta areto bat alokatzea erabaki genuen. Bete egin zen. 2019ko abuztuan izan zen hori. Hasi ziren deitzen, eta berriz ere elkartzea erabaki genuen. Kontzertu batzuk egin genituen, baina pandemiak, berriz ere, dena bazter utzi zuen. Ea aurten zer aukera dugun jotzeko. Gu gogoz eta kontent gaude.


MOTZEAN

Zure abestiren bat?Azul eta Horas.

Bertze artista baten abesti bat? David Bowieren ia kanta guztiak ditut gustuko.

Zure kontzertu bat. Tahures Zurdosen itzulerakoa. Itzela izan zen.

Entzun duzun kontzerturen bat? Neil Youngen bat, Bilboko Casillan; eta Paco de Luciaren bertze bat, 1992. urtean.

Erretiroa hartzeko garaiaren beldur zara? Ez. Garbi dut nire neurria emateko gai ez naizenean oholtzatik jaitsiko naizela, damurik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.