AFGANISTAN

Norvegiako Gobernua eta «herrialde aliatuetako funtzionarioak» talibanekin batzartuko dira, Oslon

Norvegiaren arabera, «argiak» izango dira giza eskubideen inguruko planteamenduetan. Oslok nabarmendu du batzarra eginda ez direla ari muturreko islamistak legitimatzen. Etzitik asteartera bilduko dira.

Emakumezko batzuk eta haur batzuk, Kabulgo ospitale batean. MONCHO TORRES / EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 21a
16:28
Entzun

Talibanen ordezkaritza bat Norvegiako Gobernuarekin eta Afganistango gizarte zibileko eragile batzuekin bilduko da, Oslon, etzitik aurrera. Atzerri Ministerioak jakinarazi duenez, asteartera bitartean egingo dituzte bilerak, eta horietan egongo dira, gainera, «herrialde aliatuetako funtzionarioak». Norvegiako Gobernuak ez du jakinarazi zer aliatuk parte hartuko duten, baina, hango hedabideen arabera, Erresuma Batuko, EB Europako Batasuneko, Frantziako, Alemaniako, Italiako eta AEBetako funtzionarioak ere mahai baten bueltan eseriko dira Afganistanen agintean dauden muturreko islamistekin.

Anniken Huitfeldt Novergiako Atzerri ministroaren esanetan, «argiak» izango dira talibanei egingo dizkieten planteamenduetan; «batez ere nesken hezkuntzari eta giza eskubideei dagokienez». Izan ere, 20 urteren ondoren talibanak agintera itzuli ziren, berriro, joan den abuztuan, eta hartu zituzten aurreneko neurrietako bat izan zen emakumezkoak bizitza publikotik kanporatzea.

Afganistandik erbesteratu direnek Mendebaldeari egindako eskaera nagusietako bat da talibanak ez ditzala gobernu gisa onartu. Hori bera kontuan izan du Norvegiak, bileraren berri ematerako orduan. «Bilerak egiteak ez du esan nahi talibanei aitortza egitea, haiek legitimatzea».

Norvegiako Gobernua «oso-oso kezkatuta» dago Afganistanen gertatzen ari denarekin. «Desastre humanitario baten atarian daude milioika pertsona», nabarmendu du ministroak. «Herritarrei lagundu ahal izateko, ezinbestekoa da nazioartea eta afganiarrak talibanekin hizketan hastea». Huitfeldtek argudiatu du beharrezkoa dela herrialdeko «de facto-ko» agintariekin hitz egitea. «Ezin dugu baimendu egoera politikoak desastre humanitarioa areagotzea». NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, goseteak 23 milioi afganiarri erasaten die; hau da, populazioaren %55i eragiten dio. NBEk 6.000 milioi euro eskatu dizkie herrialdeei, aurten, krisi humanitarioari aurre egiten ahalegintzeko.

Talibanak 1996 eta 2001 artean ere egon ziren agintean. Baina 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondoren, nazioarteak herrialdea inbaditu zuen, AEB buru zuela, eta muturreko islamistak boteretik kendu. Bi hamarkada geroago, tropak erretiratzen hasi ziren, eta talibanak atzera itzuli ziren agintera.

EBko diplomazialariak, Kabulen

Horren guztiaren harira, EBk adierazi du klubeko herrialdeetako hainbat diplomazialari Kabulera itzuli direla, «gutxienezko presentzia bat» edukitzeko eta, modu horretan, iristen den laguntza humanitarioa bideratzeko. Peter Stano EBren Atzerriko bozeramaileak ohartarazi du, ordea, ez dela ulertu behar talibanei egindako «aitortza baten gisara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.