Aroztegiko proiektua

Babesa adierazi diete Aroztegiko proiektua gelditzeagatik deklaratzera deitutako herritarrei

«Enpresa espekulatzaile eta suntsitzaileen menpe dauden gobernu eta epaitegiek sei herritar deitu dituzte deklaratzera, baina proiektu hau herri oso batek gelditu du», adierazi dute. Elkarretaratzera deitu dute urtarrilaren 27rako.

Epaiketa gaitzesteko Lekarozko (Nafarroa) plazan bildu diren herritarrak, gaur. AROZTEGIAREN AURKAKO MUGIMENDUA
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 23a
21:44
Entzun

«Onartezina da baliabide publikoak herritarren borondatea defendatzeko erabili beharrean lurra eta ingurua xehatzen ari direnen beharretarako erabiltzea». Hala salatu dute gaur, Lekarozko plazan (Nafarroa), hainbat herritarrek: «Enpresa espekulatzaileen galerak diru publikoarekin estaltzen diren bitartean, herri lurrak eta nekazaritza lurrak defendatzen dituztenei errepresio ekonomikoa ezarri nahi zaie».

Izan ere, ustez Aroztegiko proiektua gelditzeagatik, sei lagun deklaratzera deitu ditu Nafarroako Auzitegiak. Besteak beste, haiei babesa adierazteko elkartu dira gaur. Udaberrian egin zuten protesta, luxuzko 228 etxebizitza, 126 logelako hotel bat, spa gune bat eta golf zelai bat eraikitzeko proiektua geldiarazteko asmoz.

«TEX eta Palacio de Arozteguia SM enpresa espekulatzaile eta suntsitzaileen menpe dauden gobernu eta epaitegiek sei herritar deitu dituzte deklaratzera, baina proiektu hau herri oso batek gelditu du, ez sei pertsona horiek. Beraz, epaiketa hau herri oso baten kontrako erasotzat hartzen dugu», adierazi dute, eta eraso horri kolektiboki erantzungo diotela esan dute.

Erantzukizunak

Horretaz gain, dagozkien erantzukizunak hartzeko eskatu diete Nafarroako Gobernua babesten duten alderdiei: «Gatazka honek irtenbide politiko erraza du: proiektu hau betiko geldiaraztea», adierazi dute. Azkeneko aldiz irailean bildu ziren haiekin: «Talde parlamentario ezberdinekin bildu eta gure eskaera helarazi arren, isiltasun konplizea bertzerik ez dugu entzun», salatu dute.

Azkenik, urtarrilaren 27an Iruñean biltzeko deia egin dute, 09:00etan, Nafarroako Auzitegiaren parean. Deklaratzera doazenei babesa erakutsiko diete, eta epaiketa gaitzetsiko dute. Gaur irakurri duten oharra 30 eragilek baino gehiagok sinatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.