Galizia

Galiziako lau militante independentistari 28 urterainoko espetxealdia ezarriko diete «terrorismoagatik»

Zigor eskariak txikitzeko, epaituek akordioa egin dute fiskaltzarekin, eta Resistencia Galega talde armatuko kide izatea aitortu dute, beste hainbat akusazioren artean.

Lau akusatuak, gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean, delituak onartu dituztela adierazteko saioan. J.J. GUILLEN / EFE
ander perez zala
2022ko urtarrilaren 24a
16:58
Entzun

Fiskaltzarekin akordio bat lortu ostean, Galiziako lau militante independentistari 28 urterainoko kartzelaldia ezarriko diete «terrorismoarekin» loturiko hainbat deliturengatik. Auzitegi Nazionalean egin dute, gaur, adostasun hori islatu duen epaiketa saioa, eta, horretan, epaituek egotzi dizkieten akusazioak onartu dituzte. Bost minutu besterik ez du iraun prozesuak.

Horietako bik beteko dituzte espetxealdirik luzeenak, Anton Garcia Matosek eta Asuncion Losada Cambak, 28 urte eta hiru hilabeteko kartzelaldietara zigortuko baitituzte. Fiskaltzak aurrez eskaturiko 51 urteko zigorraldiak txikitzearen truke, epaitu horiek Resistencia Galega talde armatuko buruzagiak izan zirela onartu dute, baita «lehergailuak sortzearen, armak legez kontra erabiltzearen eta agiriak faltsutzearen» delituak ere.

Beste bi akusatuek ere aitortu dute Resistencia Galegako kide izatea, eta, hortaz, akordioaren ondorioz, Miguel Garcia Nogalesek lau urte eta sei hilabeteko kartzelaldia beteko du; Xoan Manuel Sanchez Rodriguezek, berriz, hiru urtekoa. Ados jarri aurretik, fiskaltzak hamabi urteko espetxealdiak eskatu zituen bi horientzat.

Lau zigortuetatik, Sanchez Rodriguez izan da gaurko saioan hitz egitea erabaki duen bakarra, eta adierazi du terrorismo hitzak ez dituela definitzen lau epaituak: «Nire militantzia ez da inoiz egon beldurrera bideratua, maitasunera baizik. Galiziari diodan maitasunagatik militatzen dut; iraungitze arriskuan dagoen herrialde bat da».

Garcia Matos eta Losada Camba 2019ko ekainean atxilotu zituzten, Vigon (Galizia), eta hamahiru urte zeramaten ihesean Portugalen eta Venezuelan, betiere Espainiako Guardia Zibilaren arabera. Hain justu, 2005eko operazio baten ostean atera ziren Galiziatik, orduan aske utzi baitzituzten.

«Epaiketa politiko bat»

Epaiketaren une berean, Ceivar errepresioaren kontrako taldeak elkarretaratze bat egin du Auzitegi Nazionalaren aurrean, eta kritikatu du epaiketa «iruzur bat» izan dela: «Epaiketa politiko baten aurrean gaude, baina, beste behin ere, Galizian independentista izateko aukera epaitu da».

Elkartearen arabera, fiskaltzak egindako lehen zigor eskariak Galiziako ekintzaile independentisten aurka egindako handienak izan ziren —denera, 126 urtekoak—; gainera, oroitarazi du lau epaituetako inori ez diotela egotzi «kalte pertsonalik edo materialik» egin izana.

Hain justu, Ceivareko hiru kide zeuden 2020 amaieran «talde kriminal bateko kide izatea» eta «terrorismoa goratzea» egotzita epaitu zituzten Galiziako hamabi militante independentisten artean; azkenean, denak absolbitu egin zituzten.

Espainiako Auzitegi Gorenak 2014an jo zuen Resistencia Galega «erakunde terroristatzat». Prozesu horretan, abokatuek argudiatu zuten talde armatuak ez zuela inolako hierarkia edo finantzaketarik, eta, beraz, erakundea «hastapenetan» zegoela ebatzi zuen auzitegiak.

Talde armatuak 2005eko uztailaren 20an atera zuen argitara bere lehen manifestua, eta urte hartan egin zuen bere lehen atentatua; azkena, gaurko epaiketako fiskaltzaren memoriaren arabera, 2014ko urrian izan zen. Hori bai, zenbait alderdi politikok eta kazetarik zalantzan jarri dute Resistencia Galega existitu denik ere, argudiatuta ez duela antolakuntza edo zuzendaritza argirik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.