Immatrikulazioak

Muskildako ermitaren jabetzaren inguruko epaiari helegitea jarriko diote

Muskildako Patronatuaren eta Otsagabiko (Nafarroa) Udalaren arabera, auzitegiak «Erdi Aroko legedi batean» oinarrituta hartu du erabakia, eta horrek ez du zentzurik gaur egun. Iruñeko Artzapezpikutzak 1999an erregistratu zuen baseliza.

Muskildako baseliza, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2022ko urtarrilaren 24a
18:42
Entzun

Muskildako Andre Mariaren baselizaren jabetza Iruñeko Artzapezpikutzarena da. Hala erabaki zuen Nafarroako Auzitegiak azaroan, baina Muskildako Patronatua eta Otsagabiko Udala ez daude ados, ezta herritarrak ere. Horregatik, helegitea aurkeztuko diote epaiari.

Haien arabera, auzitegiak «Erdi Aroko legedi batean» oinarrituta hartu du erabakia, eta horrek ez du zentzurik. Legedi horren arabera, herriak du ondarea zaintzeko ardura, baina ez dago zehaztuta jabetza harena denik.

Errekurtsoa aurkezteko erabakia Otsagabiko herritarrek babestu zuten biltzar batean. Han, udalaren arabera, «argi geratu da gure ondarea babesteko zeregina dugula, eta, erabakia argitaratu zutenetik, nabarmena dela injustizia sentimendua». Nafarroako Auzitegiak azaroan eman zuen artzapezpikutzaren aldeko epaiaren berri.

Aurretik, 2017. urtean, Agoizko epaitegiak erabaki zuen Otsagabiko Udalari zegokiola baselizaren jabetza. Iruñeko Auzitegiak, ordea, aurkakoa erabaki zuen iaz, eta Elizari eman zion haren jabetza. 1998. urtean, Jose Maria Aznar presidente zela, lege frankista bat moldatu eta Elizari aukera eman zion edozein eraikin mota bere izenean erregistratzeko. Hori baliatuta, Iruñeko Artzapezkikutzak 1999ko azaroan erregistratu zuen baseliza.

Santutegia Muskilda mendiaren gailurrean dago. XII. mendean eraikitako ermita erromanikoa da, eta XVII. mendearen erdialdean eraberritu zuten.

Gutxi batzuk itzuli

Gaur bertan, Eliza katolikoak eta Espainiako Gobernuak akordio bat egin dute azken hamarkadetan Elizak immatrikulatu dituen ondasunen inguruan. Hitzarmen horren ondorioz, Elizak onartu du badaudela zenbait ondasun «beste norbaitenak» direnak edo «zalantzazko jabetza» dutenak, eta prest azaldu da horiek erregularizatzeko. Apezpiku Batzarraren iritziz, ez litzateke zuzena esatea ondasun horiek «itzuli» egingo dituztela, «Elizak ez baititu inoiz bereganatu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.