Ikastolen jaiak

Senpereko lakura itzuliko da Herri Urrats

Gaur aurkeztu dute Ipar Euskal Herriko Ikastolen aldeko besta; Itzulera da 2022ko bestarako hautatu duten leloa. 2023ko ikasturte hasieran Senperen irekitzekoa duten bosgarren kolegioa eraikitzen laguntzeko izanen dira etekinak. Mobilizazioa ere iragarri du Seaskak azterketak euskaraz egitearen alde.

Seaskako arduradunak, gaur, 2022ko Herri Urrats aurkezten Kanbon (Lapurdi). EKHI ERREMUNDEGI BELOKI
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urtarrilaren 25a
11:26
Entzun

«Aurten bai, ikastolen besta Senpereko (Lapurdi) lakuan ospatuko dugu. Edo hala espero dugu behintzat». Ihintza Bidart Herri Urratseko antolakuntzako kidearen hitzak dira. Gaur goizean, aurkeztu dute 2022ko Herri Urrats, Kanbon (Lapurdi), eta ohiko formatura itzultzeko esperantza dutela adierazi dute. Hala, Itzulera izanen da 39. Herri Urratsen leloa. Eta aurten, Seaskako ikasleak omenduko dituzte: «Pandemia garaian ikasturte gogorrak bizi izan ondoan, haiek dira ikastolen bestaren protagonistak», adierazi du Bidartek. Leloa eta logoa ere ikasle batek proposatuak izan dira. Lehiaketa egin zuten Seaskako ikasleen artean, eta 235 proposamen eskuratu zituzten. Amaia Ampo Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleak egindakoa hautatu dute: ikurrina marraztua duen zapeta bat. «1987an eta 2003an Herri Urratsek irudi gisa erabili zuen zapata berriz heldu zaigu. Aurten, diseinu berri batekin, baina beti prest urratsak emateko euskararen alde».

Oraindik badelako bidea egiteko. Azterketak euskaraz egin ahal izateko Bordeleko (Okzitania) akademiako errektorearekin dituzten solasen berri eman du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz Frantziako Hezkuntza ministerioak abenduan idatzitako zirkularrean baxoko azterketako ikasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatua da, eta brebetako azterketari buruzko aipamenak kendu dituzte. Zehaztasun falta hori negoziaziorako baliatu nahi du ikastolen elkarteak.

Baina Seaskak eta errektoreak ez dute zirkularraren «irakurketa bera» egiten. Hala adierazi zien joan den astean egin zuten bilkuran. «Oraingoz azaldu digunaren arabera, ez omen da deus erabakirik azterketen hizkuntzari dagokionez, baina berekin izandako solasaldiak zinez kezkatu gaitu. Zirkularra aitzinatze bat izan ordez, gibelatze bat izateko arriskuan da». Seaskak 2019an EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Errektoretzarekin izenpetu zuen hitzarmenean ikasleek baxoan pasatu ohi duten Ahozko Handia partez euskaraz izanen zela adostu zuten Jorajuriaren hitzetan. Alta, errektorearen erranetan, euskara ikasgaia berezitasun gisa hartua dutenek baizik ez dute izanen aukera hori; hau da, aurten baxoa pasatzekoa duten ehun ikasleetatik hamarrek.

Brebetari buruz, zientzietako azterketa euskaraz egitea «zuzenketarako teknikoki konplikatuegia ote den» erran die Seaskaren arabera. «Ez dugu onartuko antolaketa teknikoaren aitzakiarik azterketetarako sei hilabete eskas direlarik» adierazi du Jorajuriak. «Guretzat, ez da dudarik: azterketak euskaraz egiteko eskubidea dugu, eta, brebetan eta baxoan ez badugu aitzinamendurik, gure eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara».

Bordeleko errektoreak otsailaren 4a aitzin erantzuteko engaiamendua hartu duela azaldu du Jorajuriak. Eta egun horretarako deitu du mobilizaziora Seaskak: giza katea eginen dute Baionako tren geltokia eta suprefetura artean. «Guretzat erantzuna biziki argi da: EEPrekin izenpetu hitzarmena errespetatu behar dute, Ahozko Handia euskaraz egitera aukera ikasle guziek izan beharko dute, eta zirkularrak dioen bezala azterketa batzuk euskaraz egiteko aukera izan beharko dugu». Hori lortu ezean 30 urteko gibelapena litzatekeela erran du Jorajuriak, azken urteetan baxoko azterketan Historia-Geografia eta Matematika probak euskaraz erantzuteko parada izan baitute ikasleek.

Herri Urrats berotzen

Senpereko lakuan jendea biltzeko aukerarik gabe ospatu dute Herri Urrats azken bi urteetan. Iaz, Boga kanpaina egin zuten, eta 30 ekitaldi antolatu zituzten Ipar Euskal Herriko ikastolek. Urte osoan bildutako diruarekin, finkatutako helburuetara iritsi direla jakinarazi dute gaur: 300.000 euro eskuratu dituzte Seaskaren bosgarren kolegioaren gastuei aurre egiteko. Aurten ere, herritarren eta erakundeen babesa izanen dutela espero dute.

Baina maiatzeko lehen igandea itxaron gabe hasiko dira ekitaldiak antolatzen. ETB 1eko Go!azen telesail musikalaren emanaldi berezi batekin abiatu dute Herri Urratsen girotze kanpaina. Zortzigarren denboraldia otsailaren 4an bukatuko da, baina bezperan, otsailaren 3an, azken atalaren aurrestraeinaldia eginen dute Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Les Select zinegelan. Bertsoak ere izanen du lekurik, martxoaren 13an bertso saio berezia antolatuko dutelako Senpereko Larreko gelan. Bizkaiko, Nafarroako, eta Xilabako txapelketetako sei finalista arituko dira: Miren Artetxe, Odei Barroso, Saioa Alkaiza, Eneko Lazkoz, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria.

Azkenik, udaberrian aurkeztuko dute aurtengo Herri Urratseko kantua. Zetak taldeak ondu du aurtengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.