Albistea entzun

Hizkuntza eskubideak jomugan

Frantziako Hezkuntza Ministerioak arautu du murgiltze irakaskuntza

Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ekaineko erabakitik espero zen zirkularra publikatu du ministerioak. Hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza «posible» dela dio frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren «maila bereko ezagutza» bermatzen baditu. Baxoan ikasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatu du.

Jean Michel Blanquer, Frantziako Hezkuntza ministroa
Jean Michel Blanquer, Frantziako Hezkuntza ministroa YOAN VALAT / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko abenduak 17 09:09

Frantziako Hezkuntza Ministerioak Eskualdeko Hizkuntzen eta Kulturen Irakaskuntzari Buruzko Zirkularra publikatu du aldizkari ofizialean. 2017ko zirkularra ordezkatzen du, eta hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza arautzen du. Dokumentu administratiboak ikastetxeen esku uzten du ikasitako hizkuntza bakoitzari eskainitako denbora, eta dio «posible» dela «murgiltze metodoa» erabiltzea. Frantsesaren eta hizkuntza gutxituaren «maila bereko ezagutza» jarri ditu baldintza gisa, eta «ebaluazio osagarriak» eginen dituztela iragarri du. Hizkuntzen Kontseilu Nagusia sortuko dute, eta biltzarretako bat hizkuntza gutxituei buruzkoa izanen da. Baxoan ikasgai batzuk euskaraz pasatzeko aukera aipatu du. Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren kontra hartutako ebazpenari erantzuten dio dokumentuak, baina ez du erabakiak sortutako ziurgabetasun juridikoa konponduko.

Zortzi orriko dokumentua da Frantziako Hezkuntza Ministerioak publikatu duena. Hirugarren atalean aipatzen du hizkuntza gutxituen irakaskuntza: Interesa duten ikasleentzat eskualdeko hizkuntzen irakaskuntza indartu, elebitasunaren koadroan izenburua du. Honela dio dokumentuak: «Murgiltzearen bidezko irakaskuntza ikasketa estrategia aukera bat da irakaskuntza elebidunean». Aitzitik, zehazten du irakaskuntza elebidunaren helburua dela frantsesa eta hizkuntza gutxitua maila berean jakitea. Ebaluazio osagarri batzuk sortuko dituzte ikasleen hizkuntza mailak neurtzeko.

Dokumentuak azpimarratzen du murgiltze eredua erabiltzea «baitezpada hautazkoa» izan behar dela ikaslearentzat, eta gurasoei dagokiela erabakitzea metodo hori proposatzen duen egitura batean haurraren izen ematea. «Beharraren arabera» eta «proiektu pedagogikoaren barruan», haurraren «adierazpena eta ulermena sostengatzeko», frantsesera jo daitekeela zehazten du. Baina dio ikasitako hizkuntza bakoitzari eskainiko zaion denbora ikastetxeen eta ikasgelen proiektu pedagogikoari «egokitua» izanen dela. Ikastetxeetan zer hizkuntzatan funtzionatu behar duten zehazteko irizpideak ere ematen ditu: frantsesa izan behar da. «Behar balitz, eta testuinguruaren arabera, eskualdeko hizkuntza ere erabil daiteke, frantsesarekin batera», argitu dute, hala ere.

Hasieran sartuko ez zutela uste bazen ere, azkenean azterketei ere egin die aipamena zirkularrak. «Ibilbide elebidun hori segitu duten ikasleek Baxoko proba batzuk eskualdeetako hizkuntzetan pasatzen ahal dituzte». Eragileen eskaera bat zen hori; besteak beste, Seaskarena. Azken hilabeteetan mobilizazio andana bat antolatu dute ikasleek azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, baina ez diete jaramonik egin. Abenduaren 10ean Bordeleko (Okzitania) errektoretza aitzinean protesta egitekoa zuten, baina bertan behera utzi zuten, eguraldi txarragatik. Zirkularrean ez da zehaztua zer ikasgai pasatzen ahalko dituzten euskaraz; Bordeleko errektoretzarekin negoziatu beharko du Seaskak.

Laburbilduz, oreka joko batean oinarritzen da testua, murgiltze eredua elebitasunaren markoan kokatuz, Frantziako Konstituzio Kontseiluak finkatutako koadroan sar dadin. Frantziako Gobernuaren borondate politikoa erakusten du, eta epe laburrean oztopo administratiboak kentzeko balio lezake. Baina Damoclesen ezpata gainean dutela segitu beharko dute hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntzan dihardutenek.

Esperimentazioen bukaera

Biltzar nagusia izan du EEP Euskararen Erakunde Publikoak gaur arratsaldean. Murgiltze ikasgela berrien irekitze egutegia zuten, besteak beste, aipagaien artean. «Zirkularrak aitzinatzeko manera ematen digu», adierazi du Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak. «Guretzat biziki berri ona da. Molac legea-k murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartzea proposatzen zuen. Zirkularrean kontortsio ariketa bat egin dute errateko murgiltzea elebitasunaren metodo bat dela». Zehaztu du horren ondorioz sare guziak «berdin» tratatuko dituztela. Horrez gain, esperimentazioak desagertuko dira, eta sare publikoan eta pribatu katolikoan diren euskara hutsezko ikasgela koadro orokorrean sartuko dira. Era berean, Kurutxarrik uste du epe luzera ama eskoletatik harago ere euskara hutsezko irakaskuntza orokortzeko aukera egon litekeela: «Zirkularrak ez du debekatzen».

Hala ere, dokumentu administratiboak duen «ñabardura» azpimarratu du: juridikoki zirkularra da maila apalenekoa. «Espero dugu ez dela atakatua izanen, ez dela Estatu Kontseilura eramana izanen. Normalki berme guziak hartuak izan dira horretara ez iristeko. Guk nahi duguna da juridikoki segurtasuna lortzea». Horretarako, bai EEPn eta baita Euskal Hirigune Elkargoan ere konstituzio aldaketa eskatzen segituko dutela adierazi du. «Hauteskunde kanpaina parada izanen da aldi oro eskaera hori entzunarazteko; hautagai guziek entzun gaitzaten eta erran dezaten nola posizionatzen diren».

Euskal Konfederazioak ohar batean erran du zirkularra «maila apalekoa» bada ere «aitzinamendu» konkretuak ekarriko dituela. Erakundeei, hautetsiei eta hezkuntza arloko eragileei dei egin die heldu den urte hasieratik aitzina euskarazko irakaskuntzaren karta osatzeko ekimena izan dezaten, «eskola elebidunetan murgiltze eredua lehen mailako azken urteraino garatzeko, eta euskara batere presente ez den eskoletan oren parekotasunezko eredua plantan ezartzeko».

Hizkuntza gutxituen aldeko legearen bultzatzaile izan zen Paul Molac Bretainiako diputatuak ere baikorki hartu du Frantziako Gobernuaren zirkularra, «murgiltzeari segurtasuna» ematen diolako. Hala ere, azpimarratu du beharrezkoa dela Frantziako Konstituzioa aldatzea erabateko segurtasuna lortzeko.

Juridikoki, arriskuan beti

Maiatzaren 21ean iritsi zen Konstituzio Kontseiluaren erabakia. Hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntzari legezko koadro bat ematea xede zuen Molac legea hustu zuen, 4. eta 9. artikuluak Frantziako Konstituzioaren aurkakoak zirela erranez. Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluan oinarrituta, hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen, bai irakaskuntza publikoan, bai itunpekoan. Konstituzioaren aurkako bilakatu zituen ikastolak, eta baita azken urteetan irakaskuntza publikoan abiatu diren euskara hutsezko esperimentazioak ere.

Hizkuntza gutxituak mintzo dituzten Frantziako meneko lurraldeetan erabakiak sortu zuen haserrea ikusirik, eta hauteskunde giroak motibatuta, Frantziako Gobernuak bere gain hartu zuen afera, Jean Castex lehen ministroaren eta Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren artean dauden desadostasunak agerian utzita. Erabakiaren ondorioak aztertu, eta proposamenak egitea agindu zien Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot diputatuei, eta uztailean publikatu zuten txostena. Bertan hobetsi zuten zirkular bat egitearen aukera, Frantziako Konstituzioa aldatzea baztertuta.

Joan den irailetik bilkura bat baino gehiago egin dituzte Frantziako Hezkuntza Ministerioko teknikariek, hautetsiekin, eragileekin eta hizkuntzen erakunde publikoetako ordezkariekin zirkularraren edukia adosteko. Udazkenean, «baikor» agertu ziren hartutako norabidearekin, eta eskuartean izan duten azken bertsioaren parekoa da ministerioak publikatu duena. Behin-behinean arnasa emanen badie ere, eragileek behin baino gehiagotan erran dute ez duela maiatzeko ebazpenak sortutako egoera konpontzen.

Dokumentu administratibo bat da zirkularra, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren meneko erakundeek izan behar dituzten irizpideak finkatzen dituena. Hortaz, ez du Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren balio juridiko bera. Inork Frantziako Estatu Kontseiluaren aitzinean auzitan jarriko balu, maiatzeko ebazpena kontuan hartuta, zirkularra bertan behera geldituko litzateke. Frantziako Konstituzioa aldatzeko eskatu dute ahots anitzek azken hilabeteetan; bataila horri ekin beharko diote eragileek eta hautetsiek ondoko hilabeteetan.

Hizkuntzen Kontseilu Nagusia

Frantziako Hezkuntza Ministerioaren barruan sortuko duten Hizkuntzen Kontseilu Nagusia da zirkularrak dakarren beste berritasun bat. «Atzerriko, eskualdeetako eta antzinako hizkuntzen irakaskuntzari buruzko gogoeta, kontsulta eta bultzada» izanen ditu helburu dokumentuaren arabera. Besteak beste, kontseilu horrek gidatuko du «eskualdeko hizkuntzen aldeko politika» Frantzian eta akademietan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Biktimaren senarraren autoa, istripua izan eta gero, La Vila Joiosan (Herrialde Katalanak). ©Alacanteko suhiltzaileak

Soraluzekoa zen Benidormen hil duten emakumea

Jon Ordoñez Garmendia

'Plaentxi.eus' herri komunikabideak BERRIAri baieztatu dionez, M. L. L. da hildakoa. 68 urte zituen. Benidormen zuen etxean topatu du Poliziak, harengana joan denean esatera senarra auto istripu batean hil zaiola. Gorpuak indarkeria zantzuak ditu, eta senarra da susmagarri nagusia.

Cabezudok ezingo du kartzela utzi du epai behin betikoa jaso arte

Cabezudok ezingo du kartzela utzi du epai behin betikoa jaso arte

Arantxa Iraola

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak egindako eskea ontzat jo du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, eta beste sei urtez luza daiteke behin-behineko espetxealdia

Luis Iriondo, Gernikako bunker batean, 2017an. ©Aritz Loiola / Foku

Luis Iriondo hil da, Gernikako bonbardaketen azken lekukoetako bat

Berria

Hainbat lan idatzi zituen, eta memoriari loturiko ekintzetan aktiboki jardun zuen. 100 urte bete eta hiru aste eskasera hil da.

Pello Otxandiano, artxiboko irudi batean ©Monika del Valle / FOKU

EH Bilduk bermatu nahi du hezkuntza komunitateak Hezkuntza Legearen eztabaidan parte hartzea

Irati Urdalleta Lete

Koalizio abertzaleak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroaren balorazioa egin du. Iragarri du «zuzenketa asko» egingo dizkiotela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.