Arte eszenikoak

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Arte eszenikoen dFeria jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

dFeria jaialdiko antolatzaile eta sustatzaileak, gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpen agerraldian. IñIGO URIZ / FOKU
Alex Uriarte Atxikallende.
2022ko urtarrilaren 25a
19:21
Entzun

Koronabirusaren pandemia gogor ari da jotzen kulturaren industria, baina, aurten ere, dFeria arte eszenikoen jaialdia egingo dute Donostian. Antzerkia, dantza, musika eta ikus-entzunezko eskaintza barnebiltzen dituen festibalaren XXVIII. ekitaldia izango da 2022koa, eta martxoaren 14 eta 17 artean egingo dute. Gaur aurkeztu dute antolatzaileek eta sustatzaileek jaialdiaren aurtengo egitaraua, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Aurkezpen agerraldian izan dira, besteak beste, dFeriako zuzendari Norka Chiapussa, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Harkaitz Millan eta Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara ordezkari Jon Insausti, jaialdia babesten duten Kutxa, SGAE eta Tabakalerako ordezkariez gain.

Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, oreka izango da 2022ko dFeria jaialdiaren oinarria: dantzaren eta antzerkiaren artekoa, intimismoaren eta handitasunaren artekoa, abangoardiaren eta ortodoxiaren artekoa, tokikoaren eta atzerrikoaren artekoa. Insaustik argitu gisa, «orekari eutsi dion jaialdi bakarra» da dFeria: «2020an, pandemiak eztanda egin zuenean, azken festibala izan zen ospatzen; 2021ean, berragertzen lehena izan zen; aurten, oreka eta konpromiso horri eutsiko zaio».

Halaber, oreka hartu dute aintzat aurtengo egitaraua osatzen duten 40 emanaldiak hiriko hainbat agertokitan banatzerakoan ere: Viktoria Eugenia, Kursaala, Antzoki Zaharra, Tabakalera, Intxaurrondo Kultur Elkartea, Gasteszena, Lugaritz Kultur Etxea eta abarretan izango dira emanaldiak.

Antzerkia

Chiapussa zuzendariak «gaien eta formatuen oparotasuna» izan du ahotan, aurtengo antzezlan nagusiak aurkeztean. Elephant in the Black Box konpainiaren Renaissance —Euskal Herriko estreinaldia izango da, martxoaren 14an, Viktoria Eugenian—, Marie de Jonghen Ama, Che y Mocheren El viejo y el mar eta Mostrenko kolektiboaren Espejismos, el lado epico aipatu ditu, batik bat, horien artean.

Orobat, antolatzaileek Euskal Herriko konpainien lanak aurkezteko tartea ere hartu dute; talde horien «konpromisoa eta maila» goraipatu dituzte, «esanguratsutzat» jo baitute Euskal Herriko antzerki kolektiboek dFerian duten presentzia. Hika taldearen La Tarara, Tanttakaren Mi hijo sólo camina un poco más lento, Erre produkzioak taldearen Fake Begirari Trampa / Fake Trampantojo eta Kulunka teatro etxearen Hegoak aipatu dituzte.

Dantza

Antzerkiarekin batera eta, zenbait kasutan, antzezlanekin uztarturik, dantza da dFeria festibalaren ardatzetako bat. Martxoaren 15ean, Oreka TX eta Harrobi dantza taldeak Kursaaleko fatxada hartu, eta Dendu dantza bertikaleko ikuskizuna eskainiko dute. Dendu, Insaustik azaldu legez, orekaren sinonimoa da, eta, beraz, «ezin hobe» islatzen du jaialdiaren aurtengo leitmotiva.

Horrez gain, hala Insausti, nola Chiapussa martxoaren 17an Viktoria Eugenia antzokian izango den Burgos-New York Dantz ikuskizunen serieaz mintzatu dira. Hiru obra aurkeztuko dituzte sail horretan, denak ala denak dantzaren lengoaiari buruzkoak: Robert Koch eta Carolina Isachen Gaslight, Sandra Egido Ibañez eta Carla Cervantes Caroren Cuando somos eta Alfonso Lopez eta Paula Fernandezen Desierto.

Era berean, Egia Kultur Etxeko Gasteszena dantzaren gordeleku izango da aurten ere: Gil Harushen Quo eta Fomo obrak eta Hilde Kochen Quorum estreinatuko dituzte bertan. Lehenengo bi ikuskizunek «dantzaren tradizioa eta modernitatea» landuko dituzte, Chiapussaren esanetan; Quorum, aldiz, «naturaren, gizakiaren eta bien arteko elkarreraginaren gaineko gogoeta» gisa aurkeztu dute antolatzaileek.

Diziplina anitzekoak

Antzerkiaren nahiz dantzaren alorrez harago, orotariko arte adierazpideak uztartzen dituzten obrak ere izango dira aurtengo dFerian. Horietako esanguratsuena, zuzendariak azaldu duenez, Vero Cendoya konpainiak martxoaren 15ean Viktoria Eugenian estreinatuko duen Bogumer (o hijos de Lunacharski) izango da.

Vero Cendoya konpainiak «Inklusibotasunaren alde egindako maila handiko lana» goraipatu du Chiapussak, eta ikusleak «historia, umorea, hausnarketa eta kalitatea uztartzen dituen obraz gozatzera» gonbidatu ditu, hau ere Euskal Herrian izango den estreinaldia izaki.

Bi eguneko ‘pre-feria’’

Aurtengo edizioa martxoaren 14an hasiko bada ere, astelehenez, jaialdia abiatu baino bi egun lehenago pre-feria bezala bataiatu duten egitaraua izango da, Viktoria Eugenia antzokian eta Gasteszenan. Martxoaren 12an Aukeran dantza konpainiaren Migratzaileak ikuskizunak jarriko du abian pre-feria, Viktoria Eugenian; migrazioa, mugimendua eta gorputzaren lekualdaketak jorratzen ditu. Hurrengo egunean, berriz, Egiako Gazteszenan, Marina Oteroren Fuck me lanaren Euskal Herriko estreinaldia izango da; fikzioa, dokumentala, dantza eta performancea uztartuko ditu Fuck me-k.

Jaialdiko ikuskizunetarako aldez aurretiko sarrerak jadanik salgai daude, Viktoria Eugeniako, Intxaurrondo Kultur Etxeko, Gazteszenako eta Lugaritz Kultur Elkarteko leihatiletan. Dena dela, jaialdia egingo den egunetan ere sarrerak erosteko parada izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.