Otsailaren 11tik 18ra egingo dute Emakumeak Zientzian egitasmoa

«Adin guztietako jendeak» izango du ekimenean parte hartzeko aukera. 25 ekintza baino gehiago antolatu dituzte, eta aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izango dira.

Emakumeak Zientzian ekimenaren antolatzaileak, gaur, Donostian.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko urtarrilaren 26a
13:27
Entzun

Zientzia «nesken kontua» badela ahalik eta «pertsona gehienei» zabaltzeko,Emakumeak Zientzian ekimenaren barruan programa «zabal bat» diseinatu dute, 25 ekintza baino gehiagorekin. Otsailaren 11tik aurrera antolatu dute proiektuaren seigarren edizioa, «batik bat» 11tik 18ra bitarteko astean. Gaur egungo osasun egoera dela-eta, aurrez aurreko jarduera guztiak «behar diren» osasun neurriekin egingo direla adierazi dute antolatzaileek, eta horietako batzuetan COVID txertaketa ziurtagiria aurkeztu beharko dela.

Proiektuaren helburua da, besteak beste, zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak «gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea», eta neskek zein nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten «sustatzea». Horretarako, «adin guztietako jendeak» izango du ekimenean parte hartzeko aukera; izan ere, familientzako, nerabeentzako, eskolentzako 55 urtetik gorako emakumeentzako eta publiko orokorrarentzako jarduerak antolatu dituzte. Ekintzak aurrez aurrekoak, birtualak edo hibridoak izango dira.

Programazio osoa eta izena emateko aukera gaur jarri dute ikusgai Emakumeak Zientzian proiektuaren webgunean. Eskainiko dituzten akintzen artean daude, besteak beste, esperimentu tailerrak, jokoak, antzezlanak, mahai inguruak,  erakusketak eta filmen proiekzioak.

Horrez gain, seigarren edizioko berrikuntza eta «proba pilotu» gisa, ekimen bat jarriko dute martxan: Donostiako saltoki batzuen erakusleihoetan emakume zientzialari batzuk omenduko dituzte. Otsailaren 11tik 18ra bitarteko astean, gainera, proiektuaren webgunean dibulgazio materiala jarriko dute eskuragarri.

Erakundeen laguntza

Hamazazpi euskal erakunderekin elkarlanean antolatu da 2022ko Emakumeak Zientzian egitasmoa; iaz baino sei erakunde gehiagok hartu dute parte. Zehazki erakunde hauek eman diote bultzada proiektuari: Polymat, CIC Nanogunea, Donostia International Physics Center (DIPC), Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), CIC Biomagune, Biodonostia, Tecnun-Ingeniaritza Eskola, Ceit, Eureka zientzia museoa, Gipuzkoako Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala, Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Lortek, EHUko Informatika Fakultatea, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola eta Kimika Fakultatea, Elhuyar eta Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.