50 migratzaile aterpetuko dituzte Bidarten

Pirinio Atlantikoetako prefeturak herri batzuei harrera dispositiboan parte hartzeko eskatu die, «Frantziako elkartasun nazionalaren izenean». Calaiseko (Frantzia) kanpamentuetatik etorriko dira migratzaileak.

Calaisetik etorririk Baigorriko aterpetxean egon ziren 49 migratzaile, 2015ean. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 26a
15:46
Entzun

Bidarteko (Lapurdi) aterpetxe bat migratzaileen esku ezarri du Pirinio Atlantikoetako prefeturak. Agiri baten bidez zehaztu dute 50 lagun aterpetzen ahalko dituztela bertan, gehienez ere otsailaren 20ra arte. Atherbea gizarte laguntzarako elkarteak kudeatuko du egitasmoa, eta prefeturaren aginduz jarriko dute martxan, datozen egunetan.

Prefeturak zehaztu du Calaiseko kanpalekutik (Frantzia) ekarriko dituztela migratzaileak, asilo eskaera bertatik egin ahal izateko, edo beren egoeraren arabera egitura «egokietara» bideratzeko. Prefeturak argudiatu du «Frantziako elkartasun nazionalaren izenean» plantan ezarri duten egitasmo bat dela, «gainezka diren gune batzuk libratzeko». Segurtatu dute aterpetxearen barnean «joan eta etortzeko askatasuna» izango dutela, eta aterpea eta janaria eskainiko zaizkiela. Gehitu dute: «Gerretatik eta jazarpenetik ihesi datozen horiei harrera egitea helburu humanitario bati erantzutea da».

Calaiseko egoera

Ez da Frantziako Gobernuak halako egitasmo bat martxan jartzen duen lehen aldia. Izan ere, 2015ean Baigorrin (Baxenabarre) 49 errefuxiatu hartu zituzten, Calaiseko «oihanetik» ekarrita. Orduan ere, Atherbea egiturak kudeatu zuen harrera zentroa. Garai hartan, Calaisetik nahi zuenak har zezakeen autobusa, libreki. Baigorrikoa bezalako zentroetan asilo politikoa eskatzeko prozesua abian jartzeko laguntza eskaintzekoa zieten. Ordainez, Erresuma Batuko ametsa bertan behera behar zuten utzi errefuxiatuek. Eta asiloa erdiesteko aukerarik ez zutenentzat, sorterrira bidaliak izateko arriskua hartu.

Geroztik, ordea, Calaiseko egoerak ez du hobera egin: Frantziako Poliziak etengabe desegiten ditu bertako kanpalekuak, eta errefuxiatuek pairatzen duten jazarpena agertzen duten irudiak maiz agertzen dira bertako kazetarien eta argazkilarien lanetan. Iragan urteko azaroan, 27 migratzaile hil ziren Mantxako kanala itsasontziz igaro nahian, eta Darmanin Frantziako barne ministroak «Frantziako Poliziak pasatzaileen kontra eramaten duen lana» txalotu zuen orduan, Calaisera egindako hitzartze batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.