Kutsadura

Europan gutxienez 800 heriotza eragotzi ziren lehenbiziko itxialdian airearen kalitateak hobera egin zuelako

Europako 47 hiri aztertu ditu Londresko ikerlari talde batek. Ondorioak aski adierazgarriak dira: konfinamenduaren eraginez, murriztu egin zen aireko kutsadura, osasunaren mesedetan, argiki. Jaitsiera nitrogeno dioxidoan izan da nabarmenena.

Donostiako kaleak, autorik gabe, koronabirusarengatik ezarritako konfinamenduaren ondorioz, 2020ko maiatzean. JON URBE / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko urtarrilaren 26a
17:19
Entzun

2020ko udaberrian COVID-19aren pandemiari kontra egiteko xedez ezarritako konfinamendua itogarri izan zen askorentzat. Etxe zuloan gelditu beharrak, oro har, franko zaildu zuen kaleko airea arnastea. Kontrara, aireari dagokionez, itxialdiak ekarri zuen onurarik ere: mugikortasuna hain gogorki mugatua izanik, hainbat eta hainbat lantegitako jarduna ere oztopatua izan zenez gero, kutsatura murriztu egin zen. Airearen kalitatean izandako hobekuntza horrek heriotzetan nola eragin duen aztertu du orain ikerlari talde batek. Horra ondorioa: 800 heriotza baino gehiago eragotzi dira Europan.

Londreseko School of Hygiene and Tropical Medicine (LSHTM) erakundeak egin du azterlana. Zehazki, Europako 47 hiri izan dituzte aztergai horretarako. Ikerketaren emaitzak interpretatutakoan, agerian gelditu da aireko kutsaduraren murrizteak osasunari ekarritako onura; COVID-19ak ekarritako ondorioak aintzat hartu gabe, betiere. «Izurritearen lehenbiziko olatuan ondorio izugarri lazgarriak ekarri zituen osasunean eta esparru sozialean. Edonola ere, aukera paregabea izan dugu inguru urbanoetan kutsadura murrizteko politika posibleak aztertzeko», zehaztu du Antonio Gasparrini LSHTM erakundeko kideak.

Aztergai izan dituzten hirien artean, kutsadurak Parisen, Londresen, Bartzelonan eta Milanen eragiten ditu heriotza gehien oro har. Horietan ere sumatu da hobekuntza konfinamendu garaian, ikerketako emaitzek azaleratu dutenez. Dokumentuan, zerrenda batean bildu dituzte gas horren jaitsierarik nabarmenena izan duten herrialdeak: «Espainia, Frantzia eta Italia». Diotenez, nitrogeno dioxidoa %50-%60 murriztu zen horietan.

Euskal Herrian %46 NO2 gutxiago

Euskal hiriburuetan ere asko igarri zen konfinamenduan aire kalitatean, nahiz eta gaur zabalduriko txostenean horien inguruko daturik ez eman.

Ekologistak Martxan-ek Hego Euskal Herriko hiriburuetako 2019ko eta 2020ko martxoko datuak erkatu zituen, eta honako ondorioa atera zuen: konfinamenduaren eraginez, %46 karbono dioxido (NO2) gutxiago isuri zuten hirietan. Gas hori autoek eragiten dute nagusiki hirietan.

Kutsadura etena egun batetik besterakoa izan zen, gainera. Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Teknologia Fisikoen Zentroak egindako ikerketa baten arabera, %66 jaitsi zen Bilbon, derrigorrezko etxeratzea ezartzearekin batera. Metro koadroko 85 mikrogramo NO2 (mg/m2) zeuden alarma egoera aurreko astean, batez beste; eta 29 mikrogramo, berriz, ondorengoan.

Antzera gertatu zen Euskal Herriko gainerako hirietan ere. Iruñean, esate baterako, %85 gutxitu zen NO2 kutsadura martxoaren 11tik 19ra —alarma egoera 15ean ezarri zuten—. 58 mg/m2 neurtu zituen Nafarroako Gobernuaren sareak martxoaren 11n Iruñeko Lehen Zabalguneko neurgailuan, eta 10 mg/m2 handik astebetera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.