Mendebaldeko Sahara

Marokok gizon bat hil eta adingabe bat zauritu ditu bonbardaketa batean

 Rabatek bigarren egunez bonbardatu ditu gune zibilak. Droneak baliatu ditu Mendebaldeko Saharan egindako erasorako.

Mendebaldeko Sahararen askatasunaren aldeko manifestazio bat Madrilen, iazko azaroan. GIANNIS TRIANTAFYLLIDIS, EFE
arantxa elizegi egilegor
2022ko urtarrilaren 27a
11:36
Entzun

Urtebete pasatu da Maroko eta Fronte Polisarioa gerran hasi zirenetik, nahiz eta gatazkari buruzko informaziorik apenas heltzen den Europara, Rabatek ezarritako blokeoaren ondorioz. Tarteka, ordea, gertakariek gainditu egiten dituzte oztopoak. Horixe gertatu da gaur. Rabatek Mendebaldeko Sahara eta Mauritania arteko mugatik gertu igarotzen ari zen ibilgailu zibil bat bonbardatu du droneekin, eta gizonezko bat hil du. Erasoan adingabe bat ere zauritu da. Ibilgailuan zihoan haurraren ama ere bai, baina oraingoz ez dute eman hari buruzko informaziorik. Sahararren kanpalekuetatik Mauritaniako Zuerat herrira zihoan familia. Atzo, berriz, Marokoko armadak droneekin eraso zien Mheirizko (Mendebaldeko Sahara) hainbat gune zibili: besteak beste, logistika gune bati, isurkari kamioi bati, eta edukiontzi bati. Komunikabideek ez dute eman biktimen berririk.

Lehen aldia da Rabatek gune zibilen aurkako eraso zabal bat egiten duena —aurrez eraso bakanak egin izan ditu ibilgailu zibilen edo urre biltzaileen aurka—. Oraingoan, ordea, lurralde okupatuetatik harago egin dute erasoa, eta gune zibilak hartu dituzte jopuntuan. Fronte Polisarioak ere egin zuen erasoaldirik atzo. Zehazki, Sabjat Tanuchad eskualdea bonbardatu zuten, Mahbes inguruan.

NBEko Mendebaldeko Sahararako ordezkari berezi Staffan de Misturak berak gerra betean egin du eskualderako lehen bidaia. Ordezkari berezia urtarrilaren 13an heldu zen lehen aldiz Rabatera, aspaldian blokeaturik dauden negoziazioei bultzada bat emateko asmoz. Mendebaldeko Saharan independentziari buruzko erreferendum bat egitea da Nazio Batuen Erakundearen asmoa. Horretarako, baina, Rabaten blokeoa gainditu behar dute; izan ere, Marokok argi utzi du «gehienez ere» autonomia aitortuko diola Saharari. Fronte Polisarioak, ordea, independentziaz galdetu nahi die herritarrei, hori baita deskolonizazio prozedurarako bide orrian adostutakoa.

Azken urteotan dezente okertu da egoera. 2020ko azaroan, esaterako, Fronte Polisarioak hautsitzat jo zuen Marokorekin 1991n sinatu zuten su-etena, eta, hortaz, gerra egoera ezartzea erabaki zuen. Gerora, iragan abuztuaren amaieran, Aljeriak amaitu egin zituen Marokorekiko harremanak, eta horrek are gehiago okertu zuen testuingurua. Polisarioak argi utzi du nazioartea dela urratsa egin behar duena, eta argi esan zer norabide hartu nahi duen: Marokoren okupazioa onartu, edo deskolonizazio prozesua bultzatu, eta sahararren eskubideak errespetarazi.

Torturak

Marokoko epaitegi batek lau urteko kartzela zigorra ezarri zien atzo Smarako kanpalekuetan atxilotutako bi gazteri, Abidin Mohamed Fadeli eta Laaroussi Brahim Salami. Marokoren aurkako azken futbol partidan Aljeriaren garaipena ospatzeagatik atxilotu zituzten bi gazteak. Haien familiek salatu dute torturatu egin dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.