Zaldibarko zabortegiko hondamendia

Zaldibarko zabortegiko hondamendiari buruzko informazio gehiago eskatu du Europak

Herritar batek eskatu zuen ikertzeko ea gertakari horretan arau hausteren bat egin zen hondakinen kudeaketari eta zabortegiei buruzko Europako legedian.

Zaldibarko zabortegiako hondamendia. BERRIA
unai etxenausia
2022ko urtarrilaren 27a
12:23
Entzun

Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak informazio gehiago eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Europako Batzordeari 2020ko Zaldibarko zabortegiaren (Bizkaia) hondamendiari buruz. Lehenago, ordea, herritar batek eskatua zuen iker zezatela ea gertakari horretan arau hausterik egin zen hondakinen kudeaketari eta zabortegiei buruzko Europako legediari dagokionez. Hondamendian, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran zabortegiko bi langile hil ziren, luiziaren ondorioz.

Eskaera Batzordeko presidenteak, Dolors Montserrat PPko ordezkariak, eskaera horren berrikuspena irekita mantentzea erabaki zuen, eta Europako Batzordeari eskatu zion bidal ziezaiola txosten bat istripuari buruz duten informazio guztia eta dokumentazio hori eta Bruselak horri buruz egin duen ikerketa azaltzeko.

Carlos Alonso herritarrak helarazi zuen ikertzeko eskaera, Ermuako (Bizkaia) San Lorentzo Auzo Elkartearen, Zaldibar Argitu herri plataformaren eta Ekologistak Martxan Bizkaia elkartearen izenean, eta bertan eskatu ikertzeko ea istripuan Europako legediaren urraketarik izan zen. Alonsok adierazi zuenez, Zaldibarko hondamendia ez zen «kasualitatea edo ustekabekoa» izan. Aitzitik, haren ustez, «jabeek ustiapen eskasa» egin zuten.

Salaketa jarri zuten elkarteek uste dute hondakinen kudeaketari buruzko Europako araudiak urratu zituztela. Adierazi dutenez, orain eurodiputatuen eta Europako Batzordearen esku dago kasuaren inguruko informazio osagarria eta eguneratua ematea aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.