Martin Villa

Bartzelonako Urrezko Dominari eutsi dio Martin Villak

Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du hiriko udalak hartutako erabakia. 

Martin Villa, Madrilen egindako agerraldi batean. FERNANDO ALVARADO / EFE
Iosu Alberdi.
2022ko urtarrilaren 27a
16:16
Entzun

Bartzelonako Urrezko Domina berreskuratu du Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohiak. Hiriko udalak gehiengo osoz erabaki zuen hura kentzea, 2017an, baina Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du adostutakoa. Haren arabera, jada ezaguna zen gertaera baten inguruko «balio iritzi bat» dago erabakiaren atzean, eta hori ez da domina kentzeko nahikoa argudio. Izatez, udaleko ordezkariek ondorioztatu zuten Martin Villak ez lukeela medaila hori izan beharko, besteak beste, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eginiko sarraskiaren ostean iritsi zelako.

Domina jaso zuenean, Espainiako Harreman Sindikaletarako ministroa zen Martin Villa. Aurretik, ordea, Bartzelonako azken gobernadore zibila ere izan zen. Epe hartan, Joaquin Viola izendatu zuen hiriko alkate, gerora urrezko domina eman zion bera. Gauzak hala, Ada Colauk, 2015etik Bartzelonako aginte makila duenak, argudiatu zuen Martin Villaren jarduna «erregimen faxistaren egituren barruan» gauzatu zela, eta «diktadurak egindako tratu txarren, jazarpenen eta torturen arduradun politikoa» zela. Gauzak hala, domina kentzearen alde egin zuten Barcelona en Comuk, ERCk, JxCk, PSCk eta CUPek —Ciudadanos abstenitu egin zen, eta PPk aurka egin zuen—.

Bere aldetik, Martin Villak, domina itzultzeari uko egin dionak, erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, horretarako motibazio falta argudiatuta. Bartzelonako epaitegiak ez zuen hura onartu, udalak halako erabaki bat hartzeko marjina duelakoan. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena, baina, bestelakoa izan da. Haren arabera, posible da Bartzelonako Urrezko Domina kentzea talde edo norbanako bati, baina, horretarako, ezinbestekoa da argudio gisa erabilitako gertaerak domina eman zen epe berean gertatu izana eta une hartan haiek ezezagunak izatea, edo erabaki hura justifikatu zuten arrazoien aurkako adierazpen edo ekintzak egitea. Kasu honetan, epaileak ondorioztatu du Bartzelonako udal gobernu frankista Gasteizko gertakarien jakinaren gainean zegoela Martin Villari domina eman zionean eta, beraz, ez dagoela erabaki hura atzera botatzeko motiborik. Era berean, epaileak uste du dominen inguruko araudia berritzean, 2012an, udalak ontzat jo zituela aurrez emandako guztiak, Martin Villarena barne.

Gaur egun, Martin Villaren aurkako auzibide bat martxan da Argentinako Ganbera Kriminal Federalean. Ministro ohiaren helegitea dela medio, hura etetearen alde egin zuen herrialde hartako apelazio auzitegiak, Martin Villari egotzitako delituen inguruko frogarik ez dagoelakoan. Halere, Martxoak 3 eta Sanferminak 78 elkarteek adierazi dute hura ez dela bertan behera geratu: «Gelditu egin dute froga indartsuagoak aurkeztu arte; besterik ez. Martin Villa oraindik inputatuta dago gizateriaren aurkako delituengatik». Elkarteek azaldu dutenez, Martin Villak aurkeztutako helegiteari beste bat aurkeztuko diote.

Izatez, Espainiako ministro ohiak hilaren 17an adierazi zuen 1976ko martxoaren 3an eta 1978ko uztailaren 8an gertatutako hilketen «erantzule politiko eta penala» izan litekeela, baina gobernuak ez zuela «plan sistematiko, orokortu eta antolatu bat, gobernu demokratiko baten aldeko espainiarrak izutzeko pertsona esanguratsu jakin batzuk hilda», haren aurkako akusazio autoak dioen bezala. Hain justu, gizateriaren aurkako delituengatik auzipetu zuen Servinik, lau hilketaren erantzule delakoan: 1978ko sanferminetan, German Rodriguezena, eta 1976ko Martxoaren 3an, Gasteizko sarraskiko hiru langilerena —ondorengo egunetan beste bi lagun zendu ziren, baina horiei buruzko ikerketa zabalik utzi zuen Servinik—. Pedro Maria Martinez Ozio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Pereda izan ziren hilak.

Francisco Francoren diktaduran eta ondorengo urteetan kargu ugari izan zituen Martin Villak Espainiako Gobernuan. Carlos Arias Navarroren agintaldian, Sindikatuekiko Harremanetarako ministro izendatu zuten, eta Gobernazio ministro bilakatu zen Adolfo Suarez presidentetzara iristean; garai hartan segurtasun indarrek izandako jardun bortitzaren erantzukizuna egotzi izan diote. Gerora ere hainbat kargu garrantzitsu izan zituen; besteak beste, Espainiako presidenteorde, Endesako presidente eta diputatu ere izan zen, baita PPren gobernuko kide ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.