Indarkeria matxista

Sunbillan emakume baten autoari tiro egiteagatik atxilotutakoak, behin-behinean kartzelara

Atxilotuak epailearen aurretik pasatu ziren atzo, eta gaur eman dute epaiaren berri: behin-behineko espetxealdia agindu diete bi atxilotuei, emakumea hiltzen saiatzeagatik.

N-121 errepidea, Sunbilla parean. AGOBA MANTEROLA/FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko urtarrilaren 28a
16:08
Entzun

Foruzaingoak gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu asteon Nafarroan, Sunbillako (Nafarroa) tiroketaren harira. Atxilotuak epailearen aurretik pasatu ziren atzo, eta emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Iruñeko Epaitegiko titularrak gaur eman du epaiaren berri: behin-behineko espetxealdia agindu diete biei, komunikatua eta bermerik gabea, ustez emakumearen «bizitzaren aurkako atentatua» egiteagatik.

Epaileak ebazpen judizialean azaldu duenez, bi inputatuak gertakarien lekuan egon ziren erasoa gertatu zenean. Horrez gain, adierazi du egindako ikerketatik ondoriozta daitekeela akusatuek «bikote harremana» dutela, eta «zantzu objektiboak» daudela esateko «biktimaren bizitzaren aurka» egin zutela. Gaineratu du atxilotuak aurreko egunetan «hainbat aldiz» joan zirela erasoa egin zuten lekura. Hilketa saiakera egotzi die.

«Egitateen larritasunaren aurrean», epaileak espetxeratzea eta inputatuei ezar dakizkiekeen «zigorrik handienak» agindu ditu, baita biktimaren «bizitza eta osotasuna» babesteko beharra ere. Atxilotutako gizonak eta biktimak, gainera, seme adingabe bat dute. Hari dagokionez, epaileak guraso ahala esklusiboki eman dio amari, eta aitaren eta adingabearen bisitak eten ditu.

Ttipi-Ttapa komunikabideak emandako informazioaren arabera, biktima lanera bidean zihoan, autoan, eta hots bat entzun zuen Sunbilla parean zegoela. Lantokira iritsi zenean konturatu zen gertatutakoaz; orduan ohartu zen tiro baten arrastoa zuela autoan. Noticias de Navarra egunkariak azaldu duenez, balak autoaren leihoko markoa jo zuen, emakumearen buruaren parean. Biktimak salaketa jarri zuen foruzainen bulegoan, eta handik gutxira atxilotu zuten gizona.

Asteazkenean atxilotu zuen Foruzaingoak 40 urteko gizona, bikotekide ohia auto bat gidatzen zihoala ibilgailuari tiro egitea egotzita. Erasoa N-121-A errepidean gertatu zen, eta emakumea onik atera zen. Gizona Etxalarkoa (Nafarroa) da. Atzo atxilotu zuten beste emakumea, erasoarekin zerikusia izan zezakeelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.