ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Burujabetza nahia nazioarteratzeko, hirurehun bat gailur argiztatuko dituzte

Gure Esku-k eta Kataluniako plataforma ugarik mobilizazio bat prestatu dute uztailaren 2rako. Pirinioetara igota, «herri gogoa aktibatzea eta burujabetzarako prozesu bat abiatzea» da asmoa.

Gaur goizeko ekitaldian ateratako argazkia. MARISOL RAMIREZ/FOKU
jon olano
2022ko urtarrilaren 29a
13:18
Entzun

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazio handi baten berri eman du Gure Esku dinamikak: Kataluniako plataforma batzuekin batera, Pirinioetako hirurehun gailur baino gehiago euskal eta kataluniar herritarrez bete nahi dituzte, tontorrak argiztatu eta burujabetzaren aldarrikapena nazioartera zabaltzeko. Uztailaren 2an izango da mobilizazioa, Pirinioetako Bidea izena jarri diote, eta «erronka kolektiboaren» asmoa izango da «herri gogoa berpiztea, burujabetzarako prozesu bat abiatzeko».

Gure Esku-k ekitaldi bat egin du gaur goizean Bilbon mobilizazioaren xehetasunen berri emateko. Euskal herritarrek 115 gailur bete beharko dituzte, Jaizkibeldik (Gipuzkoa) Benasquera. Horiek bitan bereizi dituzte: gailur berde eta gorri gisa izendatu dituztenak. Igoeraren eta jaitsieraren iraupenaren, ibilbidearen, desnibelaren eta sarbidearen ezaugarriak aintzat hartuz bereizi dituzte, eta, berdeen kasuan, uste dute ez dute ez dutela aparteko zailtasunik eta jende gehienarentzat irigarriak direla. Beraz, izen ematea irekia izango da gailur berdeen kasuan. Halere, edukiera mugatu dute, «masifikazioa saihestu eta ingurumena zaintze aldera».

Kontrara, gailur gorri gisa izendatutakoak mendizale trebatuentzat izango dira soilik, eta izen ematea mugatua egongo da. Horietara joateko espedizio taldeak sortuko dituzte, eta gailur gorriren batera joan nahi dutenek posta elektronikoz jarri beharko dute harremanetan antolatzaileekin, zein gailurretara joan nahi duten zehaztuta. Izen ematea martxoan jarriko dute martxan, www.pirinioetakobidea.eus atarian, eta hamar euro ordaindu beharko da: bost euro antolakuntza gastuei aurre egiteko eta beste bost istripu zein erreskateetarako asegurua estaltzeko. Federatuta dauden mendizaleek soilik antolaketa gastuetarako bost euroak ordaindu beharko dituzte.

Gure Esku-rekin batera, ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Kataluniako Txangozaleen Elkarteen Federazioak antolatu dute mobilizazioa, eta laguntzaile dira Omnium Cultural eta Artistes de la Republica. «Epe luzerako elkarlan baten abiapuntu gisa» irudikatu dute deialdia, antolatzaileen hitzetan. Mobilizazioarekin batera dokumental bat ere egitea aurreikusten dute.

Pirinioetako Bidea argiztatuz, «autodeterminazio eskubidearen alde nazioarteko komunitatearen arreta» berenganatu nahi dute antolatzaileek: «Mezu argi bat bidaliko dugu Pirinioetatik mundura: katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu». Izan ere, uste dute burujabetzaren auziaren aurrean, nazioarteko komunitateak ezin duela «beste aldera begira jarraitu». Zehazki, etorkizuna «erabaki ahal izateko prozesu bat landu, adostu eta bultzatzeko beharra» aldarrikatuko dute egitasmoaren bidez.

«Aktibazio soziala»

Gainera, eztabaida zabalik dagoela nabarmendu dute, oroitarazita Eusko Ikaskuntzak eta Ikasketa Katalanen Institutuak subiranotasun gatazkak konpontzeko kode bat prestatzeko oinarriak landu dituztela eta Europako indar subiranistek Self Determination Caucusa osatu dutela Europako Batasunean argitasun lege bat bultzatzeko asmoz: «Interesgarria da alor akademiko eta politikotik sustatutako ekinbide hauek norabide berean lerrokatu izana, eta uste dugu hauen eragina biderkatu litekeela aktibazio sozialarekin».

Gaur, ordubeteko ekitaldian, Gure Esku-ko ordezkariek hartu dute hitza. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu bozeramaileek nabarmendu dutenez, 1939an Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariak eta Lluis Companys Kataluniako Gobernuko presidenteak elkarrekin erbestera abiatzeko Pirinioak zeharkatu zituztenean, «mezu argi bat» utzi zieten ondorengo belaunaldiei: «Gure borrokak partekatuak dira; parteka dezagun. Beraz, askatasunerainoko bidea ere bai».

Horrez gain, erabakitzeko eskubidea «demokrazia eta askatasun kontu bat» dela adierazi dute: «Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar da herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea». Ildo horretan, erabakitzea «askatasuna erabiltzea» dela uste dute: «Erabakitzea ez da inoiz gatazka iturri; erabakia ukatzea, aldiz, bai. Espainiako eta Frantziako estatuek gatazka demokratiko bat eragin dute gure herriei erabakitzeko askatasuna ukatuz eta gure aurkako errepresioa erabiliz. Arazoa ez dago, beraz, Katalunian edo Euskal Herrian; arazoa estatuena da».

Hori horrela, galdetu dute: «Non egon nahi dugu Europan hurrengo autodeterminazio erreferenduma(k) egiten direnean: beste mosaiko bat egingo dugu, ‘turista subiranista’ izango gara ala guk ere hautetsontziak jarriko ditugu?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.