Milaka lagun bildu ditu GKSk Bilbon eta Iruñean

«Bizi kalitatearen okertzea eta eskubideen ezabapenak» salatu dituzte gazteek bi hiriburuetan eginiko manifestazio banatan. Iruñean, hainbat lagun identifikatu ditu Espainiako Poliziak

Milaka pertson Bilbon, GKSren manifestazioan. IMANOL MAGRO
Ion Orzaiz - Imanol Magro
2022ko urtarrilaren 29a
19:36
Entzun

GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak milaka lagun bildu ditu Iruñean eta Bilbon eginiko manifestazioetan. 7.000, antolatzaileen arabera. Burgesiaren diktadura gelditu lelopean egin dute protesta bi hiriburuetan, 18:00etan. Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik atera da manifestazioa, eta Iruñean, berriz, Sarasate pasealekutik.

Protestaren bukaeran, antolatzaileek salatu dute azken urteetan okertu egin dela bizi kalitatea, eta eskubideak «ezabatu» dituztela: «Bizi baldintzak okertzen ari dira azken urteetan. Gazteriaren artean langabezia kronikoa, aldi baterako lanak eta soldata baxuak nagusitzen dira. Bizitza ere erabat garestitu da azkenaldian: oinarrizko produktuak, argindarra, errepideetako peajeak, gasolina... Krisiaren aurpegi ekonomikoa da hau».

Hori dela eta, «bankariei, enpresari handiei eta politikari profesionalei» mezua helarazi nahi izan diete: «Zuek zarete askatasunez bizi ahal izateko oztoporik handiena, eta zuen eraginetik kanpo mobilizatu eta antolatuko gara. Beste alde batetik, Euskal Herriko eta gainontzeko lurraldeetako gazte eta langile sektoreei zuzendutako mezua ere zabaldu nahi dugu: geure artean esperantza piztu eta antolatu egin behar dugu, zapalkuntzarik gabeko gizarte bat posible delako eta horren alde borrokatu behar dugulako».

Egoera horren aurrean, gainera, botere politikoaren eginkizuna «eskubideak ezabatzea» izan dela salatu dute GKSko kideek: «Pobrezian eta askatasun ezean oinarritutako bizi eredu batera eraman nahi gaituzte». Izurri garaian eskubideen murrizketa «areagotu» egin dela uste dute: «Oinarrizko eskubideen ezabapena, etxeratze agindua, konfinamendu perimetralak, kontrol sozialerako kameren ezarpena, COVID ziurtagiria, gazteon kriminalizazioa, jazarpen poliziala, osasun zerbitzuen murrizketak... Hori krisiaren aurpegi politikoa da».

Botere politikoaren eta ekonomikoaren aurrean, beharrezkotzat jo dute «alternatiba bat» eratzea «estatu sozialistaren bidean lan egingo duena». «Klaserik gabeko gizartea, zapalkuntza mota guztien gaindipena eta askatasun politikoa izan behar ditugu helburutzat. Gure aldarrikapenak eta mobilizazioak zentzu horretan egin behar ditugu, hori delako guztion arazoen soluzio bakarra». Helburu horren alde indarrak batzera deitu dituzte bertaratutako gazteak: «Eta gure indarrak estatu sozialistaren eraikuntzara bideratu behar ditugu; bestela, era batera edo bestera, gizarte kapitalistak gure aldarrikapenak irentsiko dituelako. Gizarte kapitalistak munduko lurralde askotan dena delako arazoak eta miseriak sortzen ditu, eta lurralde horietan guztietan sozialismoaren aldeko mugimenduak sortzera igaro behar dugu, eremu txiki batetik bakarrik ezin zaiolako gizarte globalizatu bat aurre egin».

Identifikazioak Iruñean

Espainiako Poliziak zenbait pertsona identifikatu ditu Iruñean, manifestazio bukaerako ekitaldia prestatzeko lanetan ari zirela. Ekitaldirako materiala miatu eta zenbait gauza eraman dituztela salatu dute GKSko antolatzaileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.