Enpresak

CAFek kontratu bat irabazi du Israelen

Tel Aviv hirirako tren arinen sistema bat eraikiko du, eta 98 tranbia egingo ditu.

CAFek Tel Aviverako egingo duen tranbiaren irudi bat. CAF
Iker Aranburu.
2022ko urtarrilaren 31
12:57
Entzun

CAF bere eskaera zorroa betetzen ari da 2022. urtearen hasieran. Zeelanda Berrirako 23 tren elektriko egiteko kontratuari eta Solaris filialak jasotako eskaera handiei beste bat gehitu die: 98 tranbia egingo ditu Tel Aviv hirirako.

Inguru horretan beste lan bat badu CAFek, eztabaida handia sorrarazi duena: Israelek okupatutako Jerusalem ekialdea eta Zisjordaniako hainbat kolonia judu lotuko dituen tranbia egiteko lehiaketa irabazi du. CAFeko langileek beraiek eta nazioarteko hainbat taldek lan hori ez egiteko eskatu diote enpresako zuzendaritzari, baina eskaerak alferrikakoak izan dira.

Tel Aviv ez da, ordea, nazioarteak militarki okupatutzat jotzen duen lurralde gisa hartzen, Israelgo estatuaren parte baizik. Are gehiago, nazioarteak Tel Aviv jotzen du Israelgo hiriburutzat eta han daude enbaxada gehientsuenak, hango gobernuak Jerusalem dela esan arren.

Hiri handia da Tel Aviv, 1,3 milioi biztanletik gora biltzen baititu bere metropolian, eta haren berrikuntzan ari da orain NTA Metropolitan Mass Transit Systems garraio publikoen agintaritza. Gush Dan eremuko garraio publikoko sistema nagusia eraikitzen ari dira, Israelen sekula gauzatutako garraio proiektu handiena da, duen bolumenagatik eta zailtasunagatik. Haren barruan dago Purple Line proiektua, CAFek eta Saphir enpresak elkarlanean eraikiko dutena.

Kontratu handia

Oso kontratu handia da, 1.015 milioi eurokoa. Horren barruan dago tren arinaren sistema bat diseinatzea, eraikitzea, finantzatzea eta 25 urteko epean mantentzea. Linea berria 27 kilometro luze izango da, eta 45 geltoki izango ditu, eta hiriko erdigunea (2000 Terminala) eta metropoliko ekialdea lotuko ditu. Amaierako zatian bi adarretan zatituko da: Bar Ilan Unibertsitateen eremura iritsiko da bat, eta ondoko Yehud-Monoson hirira bestea.

Tren arinaren sistema eraikitzeaz gain, zoru baxuko 98 Urbos tranbia hornituko ditu CAFek. Tranbia horiek ia 35 metro luze izango dira, eta bakoitzak bost modulu izango ditu. Horrez gain, proiektuak etorkizunean beste 32 unitate gehiago egiteko aukera ere biltzen du. Era berean, aukeratutako kontsortzioak seinaleztapeneko, energiako eta komunikazioetako sistemak hornitu eta linea 25 urtez mantentzeko lanak ere egingo ditu.

CAF Taldeari dagokion proiektuaren zatia 525 milioi euro baino gehiagokoa da, eta unitate berrien diseinua eta fabrikazioa, seinaleztapeneko, energiako eta komunikazioetako sistemak hornitzea eta proiektua integratzea biltzen du. Horri gehitu behar zaio SPV sozietatean duen % 50eko partaidetza, hark kudeatuko baitu linearen mantentze lana. Linea berria 2027. urtean guztiz operatibo egotea aurrez ikusi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.