Osakidetza

LABek helegitea aurkeztuko dio Osakidetzaren LEPeko auziaren azken autoari

Epaileak sei hilabetez luzatu du instrukzio epea, baina sindikatuak uste du ebazpenak akatsak dituela eta akats horiek froga berrien galera eragin dezaketela.

Osakidetzaren LEPeko azterketa, 2018ko udan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko otsailaren 1a
16:11
Entzun

LAB sindikatua pozik agertu da Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak Osakidetzaren 2016-2017ko LEP lan eskaintza publikoko iruzurraren auzian hartutako azken erabakiarekin, baina ebazpenari helegitea aurkeztuko dio, «autoa hobetzeko eta defentsen ekintzak baliogabetzea eragozteko». Sindikatuaren esanetan, «luzapen autoaren azalpen eta argudio gabeziek hauskortasun handiegia dute», eta datozen hilabeteetan egin daitezken aurkikuntzak arriskuan jar ditzake, defentsaren errekurtsorik egongo balitz.

Aurkeztutako helegitean, sindikatuak adierazi du epailearen autoak ez dituela Prozedura Kriminaleko Legeak ezarritako baldintzak betetzen, ez delako fiskaltzak eta gainerako aldeek LABek aurkeztutako eskaeraren inguruan duten iritzia jasotzen. Era berean, salatu du ez dituela aipatzen ez sindikatuak Neurofisiologia, Neurokirurgia, Mikrobiologia eta Urologia azterketak eskatzearen aurkako autoari jarritako errekurtsoa —ebazteke dago—, ezta Anestesiologiako epaimahaikide Alberto Martinezek inputatu bezala deklaratzeko eskakizunaren ingurukoak ere.

Epaitegiak LEPeko filtrazioen instrukzio fasea sei hilabetez luzatzea erabaki du, sindikatuaren eskaerei erantzunez. Aurreko astean, LABek traumatologiako azterketetan «anonimotasuna hausteko» erabilitako gako hitzen berri eman zion epaitegiari, eta ikerketa gainerako espezializazioetara —21 denera— zabaltzeko denbora gehiago eskatu zuen. Zehazki, sindikatuak adierazi zuen Lenke, Mason, Lichman eta Reagan Morrey hitzak «azpimarratuta eta letra larriz» ageri zirela 70 puntu baino gehiago atera zituzten hautagaien %95en azterketetan, eta hautagai haien lantokien kokapen geografikoa eskatu zuen, «pertsona horiek epaimahaiko kideekin duten lotura aztertzeko».

Azterketei dagokionez, Osakidetzak izaniko jarrera «konplizea» ere kritikatu du LABek. Sindikatuaren arabera, ulertezina da «eskandalua hasi eta ia lau urtera» erakundeak jatorrizko azterketak kausara eraman ez izana: «Horrek agerian uzten du Osakidetzak ez duela inolako laguntzarik eman gertatutakoa argitzeko».
Aurreko astekoa, baina, ez zen LABek egindako lehen luzapen eskaera izan. Urte hasieran eginiko eskaeran, argudiatu zuen inputatutako hainbat pertsonen deklarazioak falta zirela egiteko, eta beste hainbaten inputazio eskaerei emaniko ezetzari jarritako helegitea ebazteko zegoela. Izan ere, LABek Osakidetzako hainbat goi kargudun inputatzeko eskatu zuen, eta instrukzio epailearen ezetza zela medio, Arabako Probintzia Auzitegian errekurtsoa aurkeztu zuen, ebatzi gabe dagoena.

LABek adierazi du ikerketa «fase berri batean» sartuko dela, eta ezinbestekotzat jo du Osakidetzako gune operatiboa osatzen zuten kideen inputazioa, besteak beste, abenduan Miriam Aparicio Osakidetzako hautaketa eta hornidura arduradunak eginiko deklarazioetan oinarrituta. Sindikatuak uste du LEPa diseinatzearekin «euskal osasun publikoan plazen banaketa diskrezionala blindatu» zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.