Nuklearra eta gasa taxonomia berdean sartu ditu Bruselak

Batzordeak egintza delegatua onartu du, eta trantsiziorako direla dio, eta ikatza baztertzeko beharrezko. McGuinness komisarioak ukatu egin du taxonomiak sinesgarritasuna galdu duela, edota zuriketa berdea erraztu duela. Europako Batzordeak ez dio men egin bere adituen plataformari.

Mairead McGuinness komisarioa gaurko agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2022ko otsailaren 2a
13:46
Entzun

Diru pribatua helburu klimatikoetara eta ingurumenera behar bezala eta ahalik eta gardenen bideratzeko tresna izan behar zuenak zuriketa berdeari zirrikitua zabaldu dion kezka agerikoa da gaur. Horrez gain, taxonomia osoaren sinesgarritasuna kolokan gelditu dela ere uste dute askok.

Azkenean, Europako Batzordeak onartu egin du energia nuklearra eta gas naturala EBko taxonomian sartzea. Argindarra sortzeko bi jarduera ekonomiko horiek berdetzat hartuko dira orain, inbertsio pribatuak etiketatzeko orduan.

Ezarritako irizpideak

Erabaki da energia nuklearrean inbertitzea berdetzat har daitekeela baldin eta 2045. urterainoko eraikuntza baimena duten zentral berriek «ingurumenari eta ur baliabideei kalterik ez egiteko irizpideak betetzen badituzte».

Gasari dagokionez, berriz, ikatza ordezkatzeko diren eta kilowatt-ordua ekoizteko atmosferara gehienez 270 gramo karbono dioxido isurtzen duten zentralek behin-behineko etiketa berdea izango dute. Gas planta berri horiek irizpide hori bete beharko dute 2030era artean, eraikuntza baimena izan nahi badute, eta planak izan behar dituzte 2035aren bukaerarako gas berriztagarrietara edo isurketa txikiko gasetara igarotzeko.

Choozeko zentral nuklearra, Ardeetan (Frantzia). JULIEN WARNAND, EFE

Mairead McGuinness Europako Finantza komisarioaren arabera, «estandar horiekin, baldintza zorrotz horiek puntako berrikuntza eta aldaketa sustatuko dute sektore horietan». Deigarria, hori bai, bere agerraldia ez duela hasi gasa edo nuklearra aipatuz, ikatza baizik. «Europako Batasunean oraindik argindar sorkuntzaren %15 hartzen du ikatzak, eta beharrezkoa dugu hori aldatzea».

Presio ugari

Komisarioak ez du argitu egintza delegatuaren bozketa nola joan den Batzordearen gaurko bilkuran, zer herrialdek egin duen alde eta zeinek kontra. Gai honetan, hori bai, presio politikoak izugarriak izan dira dira, batez ere gasaren edo nuklearraren menpekotasun handia duten herrialdeena. Eta horiek ez dira nornahi Europako Batasunean. Alde batean, Alemania buru duen blokea egon da (ekialdeko herrialde askorekin batera), zeinak jo eta su defenditu duen gas naturalak deskarbonizaziorako trantsizio energia izan behar duela. Aldi berean, hori bai, Alemania energia nuklearra taxonomian sartzearen kontra zegoen.

>Protesta bat Frankfurten, taxonomiaren zuriketa berdearen kontra, urtarrilean. RONALD WITTEK, EFE>

Baina beste bloke batek, Frantzia buru, gogor defenditu du energia nuklearra, argudiatuz ez duela isurtzen beroketa globala eragiten duen berotegi gasik, baina kontuan izan gabe, besteak beste, hondakin nuklearren arazoa. Azkenean, herrialde bakoitzaren menpekotasunak idatzi du haien jarrera, baten edo bestearen alde, edota baten edo bestearen kontra.

Hala ere, Batasuneko eta Batasunetik kanpoko hainbat kargudun politikok gaitzetsi dute gasa eta nuklearra berdetzat hartzea. Eta, jakina, erabakiari ez diote abegi onik egin ingurumen gaietan aritzen diren gobernuz kanpoko erakunde nagusiek.

Epeetan eta formetan, trakets

Europako Batzordearen jarrerak soilik ez, jokamoldeak ere piztu du haserrea. Adostasuna lortzea gaitza zenez, Batasuneko erakundeetan ohikoa den portaera izan du Batzordeak, erabakia behin eta berriz atzeratuz 2021eko bigarren zati osoan; baina behin jarrera argitzen zegoela, nuklearrak eta gas naturala berdetzat hartzearen alde, Batzordea epeekin jolasten ibili dela dirudi.

Abenduan behin eta berriz atzeratuz joan zen taxonomiaren egintza delegatuaren zirriborroa, eta, azkenean, urte berria iristeko minutu gutxi batzuk falta zirela, 31 gauean bidali zien zirriborroa aldeei. Herrialdeei eta erabakian parte diren beste erakundeei, hasieran, urtarrilaren 12ra arteko epea eman zitzaien, iritziak emateko. Askoren eskariz, kontsulta epea luzatu egin zen, urtarrilaren 21eraino. Hiru aste guztira.

Kritikatzeko modukoa izan daiteke halako erabaki esanguratsu bat hartzeko tresna egintza delegatua izatea ere. Berez, Batasuneko beste organo legegileek aitortu zioten Batzordeari horrela jokatzeko eskumena (horregatik da delegatua), baina Luxenburgoko Energia ministroak gaitzetsi du hasierako taxonomia araudian ez zegoela nuklearrik eta gasik.

Gaurtik aurrera zer?

Batetik, Europako Batzordearen proposamenari, egintza delegatu moduan datorrenez, ezin diote zuzenketarik egin ez Europar Kontseiluak, ezta Europako Parlamentuak ere. Haiek soilik betoa ezar diezaiokete. Eta, horretarako, beharrezkoa da gutxienez Batasuneko herritarren %65 ordezkatzen dituzten hamabost herrialde agertzea kontra gutxienez. Alemania (gasarengatik) eta Frantzia (nuklearrarengatik) proposatutakoaren alde egongo dira, eta, beraz, hor ez dago jorratzeko bide luzerik. Lau herrialde soilik agertu dira, orain arte, proposamenak dioenaren kontra: Austria, Danimarka, Espainia eta Luxenburgo.

>Manheimgo (Alemania) ikatz zentralaren irudi termikoa. / RONALD WITTEK>

Ordea, bide bat zabal daiteke Europako Parlamentuan. Gehiengo sinplea ez da nahikoa, baina, 353 botorekin, Parlamentuak atzera bota dezake Batzordearen proposamena. Boto asko dira, hori bai. Pentsa daiteke Berdeek eta Europako Ezkerrak egintza delegatuari betoa ezarri nahiko diotela, eta horiek, gutxi gorabehera, 256 boz lirateke. Betoaren kontra leudeke ECRko kontserbadoreak (64) eta eskuin muturrekoak (70). Jarrera zehaztugabeagoa dute, bakoitzaren herrialdearen arabera, eskuineko Europako Alderdi Popularreko parlamentarioek, eta Renew Europeko liberalek.

Lau hilabeteko epean beta daiteke Europako Batzordearen egintza delegatua, nahiz eta muga bi hilabetez luzatzeko aukera dagoen.

Adituen taldea, kontra

Mairead McGuinnes komisarioak birritan izan du ahotan gaur Finantza Jasangarrietarako Plataforma. Ez da gutxiagorako. Europako Batzordea gai honetan aholkatzeko organoa da plataforma hori. Eta bere adituen iritziari muzin egin dio Von der Leyenen batzordeak. Aurretik eta orain, urtarrilaren 21ean Batzordeari helarazitako txostenean, plataformak argi utzi du nuklearra ezin dela berdetzat hartu; egia da, energia horrek ez du berotegi gasik atmosferaratzen, baina kalte esanguratsua egiten die ur eta itsas sistemei, ekonomia zirkularrari, kutsaduraren prebentzioari eta biodibertsitateari eta ekosistemei, hots, ez ditu betetzen jasangarritasun irizpideak.

Gasarekin, berriz, plataformak ulertzen du gasa erabil daitekeela trantsiziorako, baina baldintza oso jakin batzuetan deitu ahalko litzateke berde. Plataformak argi esan du batzordeak zirriborroan jarritako isuri mailekin gas zentral berriek ez luketela bete ahal izango kalte handirik ez egiteko irizpidea. Eta, era berean, ezingo litzateke 2050. urterako deskarbonizazio helburua bete.

Berdin dio, adituen ustez, argindarra ekoizteko zentral guztia 2030erako emisio txikiko gasetara pasatzea. «Zentral efizienteenak ere 316 gramo karbono dioxido isuriko lituzke kilowatt-ordua sortzeko. Eta jarduera hori ez da berdea izango inoiz». Kilowatt-ordua 100 gramotik azpirako CO2 emisioekin egin beharko litzateke, klima aldaketaren arintzean ekarpen esanguratsua egiten duela esateko.

Eta plataforma ez da bakarra izan Batasuneko erakundeen artean Batzordearen proposamena auzitan jartzen. Europako Inbertsio Bankuko presidente Werner Hoyerrek ere gaitzetsi zituen abenduko amaierako zirriborro hura. Batasuneko inbertsio nagusietarako eta, beraz, ingurumeneko inbertsioetarako bankuak «ez du inoiz inbertitu proiektu nuklearretan, eta ez dauka hori aldatzeko asmorik, berdin dio taxonomiak zer esan», adierazi du Hoyerrek joan den astean bertan. Nuklearra argi arbuiatuz, hala ere, gasari buruz, zalantza gehixeago agertu ditu Hoyer alemaniarrak.

Bi kritikei, McGuinnessek erantzun die, batetik, irizpide oso zorrotzak jarri zaizkiela bai nuklearrari eta bai gasari, eta, bestetik, horrela nabarmendu egin dela bi energia horiek trantsiziorako izango direla: «Azpimarratu egin nahi dut trantsiziorako diren ideia hori». Komisarioaren ustez, bi ideia horiekin, «taxonomiak ez du sinesgarritasunik galduko». Istripu nuklear baten arriskuaz galdetuta, besteak beste, ikatz zikinak jendea hiltzen duela erantzun du komisarioak.

Taxonomia eta haren helburua

Inbertsio berde bat zer den zehaztea, hori da taxonomia deiturikoaren helburua. Ezer baino gehiago, sailkapen bat osatzea da, non zerrendatuko diren zeintzuk diren jarduera ekonomiko jasangarriak. Horrela, EBn kapital pribatua inbertsio jasangarrietan jartzen dutela ziurtatu ahal izango lukete inbertsiogileek (bankuek, funtsek...). Eta erraztu egingo litzateke behar bezala bideratzea klima larrialdiaren kontra eta ingurumenaren alde egiteko ezinbestekoa izango den dirutza. Taxonomiak ezarritako estandarraren arabera izango dira inbertsioak edota finantza produktua berde.

Europako arauen arabera, teknologia bat ezin daiteke berdetzat jo kalte esanguratsua egiten badio (taxonomiako) ingurumeneko sei helburuetakoren bati: klima aldaketaren arintzeari; klima aldaketarako egokitzeari; uraren babesari; ekonomia zirkularrerako trantsizioari; kutsaduraren prebentzioari; eta biodibertsitatearen eta ekosistemen babesari.

Taxonomiaren lehen ataleko ildo nagusiak, klima larrialdiari eta arintze neurriei dagozkien jarduerei buruzkoak, jada onartu ziren lehen egintza delegatu batean, eta indarrean da urte hasiera honetatik. Baina energia jardueren artean gai arantzatsuenei buruzko erabakiak atzeratu egin dira, behin eta berriz. Eta horrela gaur arte: Batzordea ez da ausartu erabakitzera zerrenda berdean sartu ala ez sartu (eta sartzekotan nola sartu) gasa eta nuklearra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.