Albistea entzun

Hilberria

Pello Zabala hil da, 78 urterekin

Hileta bihar 17:00etan egingo da, Arantzazuko santutegian. Fraide frantziskotarra, musikazalea, euskaltzalea, idazlea eta eguraldi iragarlea izan zen. Hainbat urtez aritu zen Euskadi Irratian esatari lanetan, eta BERRIAren sorreratik 2008ra BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko kide izan zen.

Pello Zabala, Arantzazun, 2011an. /
Pello Zabala, Arantzazun, 2011an. / Raul Bogajo/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa - Jon Ordoñez Garmendia -

2022ko otsailak 2

Pello Zabala fraide frantziskotarra, idazlea, euskaltzalea eta eguraldi iragarlea hil da. 78 urte zituen. Hileta bihar egingo dute, 17:00etan, Arantzazun, bere biziko tokian. Han egin zen fraide, han ikasi zuen eguraldiari begiratzen, eta handik aritu zen irrati esatari. «Atzera begira, ohartzen naiz Arantzazu Euskal Herriarekin asko lotu duela nire zeregin txikiak. Herriarekin oso gertu sentitzen naiz, eta eskertuta nago. Hori izan da nire bizitzan egin dudan lanik handienetakoa», esan zuen 2005ean BERRIAk egin zion elkarrizketan.

Oñatiko santutegiko aurpegi ezagunenetako bat zen. Hainbat urtez esatari lanetan aritu zen Euskadi Irratian, lehenik Klasikoak gaur saioan eta ondoren eguraldiaren berri emanez. Oraindik ere, eguraldia iragartzen zuen larunbat goizetan Landaberri saioan. «Euskal Herrian bizi denak eguraldiarekin lotuta bizi behar du nahitaez; horretara kondenatuta dago. Eguraldia egunero da notizia, egunotan froga daitekeen moduan. Euskaldunok gainean eraman behar dugun eguneroko soinekoa da eguraldia», esan zuen 2005eko elkarrizketa horretan. BERRIA Taldeko Administrazio Kontseiluko kidea izan zen 2003tik 2008ra.

1943. urtean jaio zen, Amezketan (Gipuzkoa), eta Arantzazun bizi zen. Umetatik izan zuen irakurtzeko zaletasuna, eta, horri esker, amarekin asko ikasitakoa zen, «oinez ikasi aurretik kasik», berak zioenez. Naturaren mintzoa liburuaren aurkezpenean, 2000ko abenduaren 1ean, hala esan zuen Euskaldunon Egunkaria-n: «Frailetza ikasten ari nintzela zein frailetzan nenbilela, musika eta euskara izan nituen beti afizio nagusi, eta harrapatzen nuen guztia irakurtzen nuen». 7 urterekin eskatu zuen Arantzazura joatea, eta 10 urterekin sartu zen Arantzazuko apaiztegian, nahiz eta Amezketako apaizak Donostiara joateko esan; hiriburua urrun geratzen zitzaiolako egin zuen Arantzazura.

1958an egin zen fraide. Filosofia ikasi zuen, Erriberrin (Nafarroa), eta ondoren Teologia, Arantzazun. Aita saxofonista eta tenore zuen, eta bera santutegiko organista izan zen 1978ra arte. Mezetarako zenbait pieza konposatu zituen. Musika txikitatik ikasi zuen, Amezketako parrokian. Musikazale handia zen, eta, 2000. urtean azaldu zuenez, 3.000 CD zituen. Euskadi Irratian musika klasikoari buruzko saio bat egiteko deitu ziotenean sortu zen Klasikoak gaur saioa.

Berez ez zuen meteorologo ikasketarik, baina eguraldiaren berri ematen hasi zen Arantzazuren izena zabaltzeagatik. Aurrena, hilean behin tenperatura ematen; gero, astean behin, eta, azkenean, egunero eta iragarpenak eginez. Tenporei buruz ikasten hasi eta sakontzea erabaki zuen. Hasieran jendeak gaizki hartu ziola zioen, baina gero toki askotatik deitzen ziotela horri buruz jakin nahi zutelako, baita hedabideetatik ere.

Naturari begiratzen zion eguraldiaren berri emateko, eta alderantziz. «Klima aldaketak asko eragiten die izakiei, eta era ezberdinean, urtetik urtera», esan zuen 2014. urtean BERRIAk egin zion elkarrizketan. Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia Elkartea ere bultzatu zuen, 2000ko martxoan aurkeztuta, Euskal Herri osoko eguraldi adituak elkartzen saiatuz.

Euskaraz ez ezik, latinez, gazteleraz eta frantsesez hitz egiten zituen, eta Arantzazuko apaiztegiko irakasle izan zen 1990era arte. Gainera, hainbat egunkari eta aldizkaritan idatzi zuen, besteak beste Arantzazu, Ardatz, Egan, Habe, Jakin, Zeruko Argia eta BERRIAn. Mendiko Behatokitik bloga ere idatzi zuen BERRIAn. Bi liburu idatzi zituen: Naturaren mintzoa: Egunez egun, sasoien gurpilean (Alberdania, 2000) eta Zeruan zer berri: Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira (Alberdania, 2006).

Hedabideetako, euskalgintzako eta politikagintzako eragile ugarik adierazi dituzte doluminak sare sozialetan, Zabalaren heriotzaren berri izan dutenean:

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ertzain bat isunak kobratzeko gailua erakusten Erkoreka saillburuari, gaurko agerraldian. ©Irekia

Ertzaintzak jarritako trafiko isunak unean bertan ordaindu ahal izango dira kreditu txartelarekin

Isabel Jaurena

Helburua herritarrek tramiteak errazago egitea da, baita baliabide publikoak eraginkorrago bihurtzea ere

Hondarribiko alardea, artxiboko irudi batean. ©Juan Herrero / EFE

64 emakumek Hondarribiko alardean parte hartzea eskatu diete udalari eta Alarde fundazioari

Berria

Guztion Alardea taldeak jakinarazi duenez, astelehenean egin zuten eskaera: orain arte emakumeak soldadu gisa onartu ez dituzten konpainietan desfilatu nahi dute.

 ©@2LoversDjs

Kontxako bidegorria: aldrebeskeria ala zentzuzko neurria?

Hodei Iruretagoiena

Harridura eragin du sarean Donostiako Kontxako pasealekuan egin duten bidegorriaren argazki batek. Kurbatuegia iruditu zaio hainbat erabiltzaileri, baina, errepidearen alboan dagoenez, autoen abiadura murrizteko neurri aproposa dela argudiatu dute beste askok.

Pablo Gonzalez kazetaria, atxilotua izan aurretik. ©Berria

Pablo Gonzalezen atxiloaldia eteteko eskaera atzera bota dute

Julen Aperribai

Maiatzean, Gonzalez beste hiru hilabetez atxilo edukitzea erabaki zuen Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak. Denera, lau hilabete baino gehiago daramatza hala kazetariak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.