Neguko Olinpiar Jokoak

Olinpiar Jokoetan elurra gesaltzeko prest daude euskal eskiatzaileak

Lau kirolari ariko dira Pekinen Neguko Olinpiar Jokoetan, hiru Espainiako selekzioarekin, eta bat Brasilgoarekin. Hasi dira Jokoak, ostiralez, eta igandean hasiko dira lehiatzen euskal kirolariak.

2022ko otsailaren 3a
00:21
Entzun

Hirugarren aldia du Lucas Egibarrek Olinpiar Joko batzuetan, eta dominaren bat irabaztekotan, bera da euskal kirolarien artean aukera handiena dutenetakoa. Sotxiko jokoetan zazpigarren egun zuen, 2014an, eta iaz Munduko Txapelketa irabazi zuen, Suedian. Zalantza bakarra, ongi osatu ote zaion azken denboraldiko bizkarreko lesioa. Ari da lehiako erritmoa hartzen, eta BERRIAri itxaropentsu hitz egin zion urtarril hasieran: «Aurreko Jokoetatik badut esperientzia eta maila, eta uste dut irabazteko grinarekin joan behar dudala. Lor dezakedalakoan nago. Domina bat lortzea dut amets».

Imanol Rojok ere hirugarren aldia izango du Olinpiar Jokoetan, Sotxin ere parte hartu baitzuen 2014an, eta Pyeongchangen 2018an, Egibarrek bezala. Sasoi onean dago, eta lehen hogeien artean sailkatzeko ametsarekin iritsi da Pekinera: «Lehenik eta behin, ohiko lasterketa batean bezala sentitu nahiko nuke. Gero, gorputzak laguntzen baldin badit, Olinpiar Joko batzuetan inoiz lortu dudan posturik onena hobetzen saiatuko naiz: 33. izan nintzen Sotxin, duela zortzi urte. Izugarria izango litzateke aurreneko hamabost-hogeien artean sailkatzea».

[Youtube]https://www.youtube.com/watch?v=q8hwnc8V8E4[/Youtube]

Adur Etxezarretak lehen aldiz dastatuko ditu Olinpiar Jokoak, baina uste du ez zaiola «arrotza» egingo, lehendik ere gorengo mailan ari diren eskiatzaile askorekin lehiatzeko aukera izan baitu: «Olinpiar Jokoetan izango diren asko Europako Kopan ere lehiatzen dira, eta, alde horretatik, ez da gauza asko aldatuko. Baina eskiatzaile gehien eramango duen herrialdeak lau eramango ditu, eta hor bai, hor jada munduko onenak daude. Izugarrizko maila egongo da, eta aurrean ibiltzea oso-oso zaila izango da».

«Uste dut ondo nagoela, baina badakit ezin dudala neure burua munduko onenekin alderatu». Lehen Jokoak dira Manex Salsamendirentzat, eta badaki zein duen lekua. Ikastea izango du aurreneko lana Pekingo Jokoetan. Gogor entrenatu da azkeneko hilabeteetan, hala ere, eta ilusioz betea joango da: «Aurtengo negu osoa eskiatzen pasatu dut. Duela bi hilabete eta erdi joan nintzen etxetik, eta oraindik ez dut itzultzeko aukerarik izan. Egunero eskiatzeko aukera izan dut, eta iruditzen zait negu osoko sasoirik onenean iritsiko naizela Pekinera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.