Polizien 460 kalte-ordain eskaera atzera bota ditu Eusko Jaurlaritzak

Guztira 1.220 lagunek egin dute eskaera estatuaren biktima gisa kalte ordainak lortzeko, eta horietatik 460 dira polizia eta guardia zibilak. Artolazabalek esan du eskaera horiek ez dituztela betetzen motibazio politikoko indarkeriaren biktimen legearen baldintzak.

Beatriz Artolazabal eta Gorka Urtaran, gaur, presoen lan zigorrak betetzeko gune batean, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko otsailaren 3a
11:59
Entzun

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur jakinarazi duenez, poliziek eta guardia zibilek bidalitako 460 eskaera iritsi dira Balorazio Batzordera motibazio politikoko indarkeriaren biktimen legeak jasotako kalte ordainak galdegiteko. Guztira, 1.220 lagunek egin dute kalte ordainak lortzeko eskaera, eta horietatik 460 dira polizienak; horiek denak atzera bota ditu Balorazio Batzordeak. ETAren biktima diren beste 50 lagunen eskaerak ere ez ditu aintzat hartu batzorde horrek, sailburuak jakinarazi duenez. Jasotako 1.200 eskaera horietatik 563 ebatzi ditu Balorazio Batzordeak.

Agerraldia egin du gaur Artolazabalek Gasteizen presoak gizarteratzeko akordio baten berri emateko, eta han izan du ahotan 12/2016 legearen inguruan sortutako polemika. Sailburuak gogoratu du lege horren xedea dela «motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa» ematea, eta Poliziaren edo talde parapolizialen indarkeria jasan dutenak aintzat hartzen dituela, ez besterik. Hala, Balorazio Batzordeak zenbait polizia eta guardia zibilek kalte ordainak jasotzeko asmoz egindako eskaerak atzera botatzea babestu du horiek ez direlako bateragarriak legearen helburuarekin. «Ez dituzte betetzen legearen baldintzak», azpimarratu du.

Poliziek eta guardia zibilek jasandako giza eskubideen urraketa «onartezinak» izan zirela salatu du, baita ETAren indarkeria jasan zuten gainerako biktimenak ere. Hala ere, gogorarazi duenez, ETAren indarkeriak kalte egindakoek badute berariazko lege bat 2008tik, Terrorismoaren Biktimentzako Erreparaziorako Legea, eta haren bitartez jaso ditzakete kalte ordainak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.