HILBERRIA

Pello Zabala «jakintsua» omendu dute Arantzazun

Frantziskotarra zenaren lagun eta senideek azken agurra eman diote. Fraidearen sen ona nabarmendu dute hiletara joandakoek.

jone arruabarrena
2022ko otsailaren 3a
21:28
Entzun

Abitu grisa eta urdina eramango luke gaur Pello Zabalak; laino grisezkoa, baina zeru urdinezko tarteekin. «Euskaldunok gainean eraman behar dugun eguneroko soinekoa da eguraldia», esan zuen Zabalak berak BERRIAn 2005ean egindako elkarrizketa batean. Hala ere, Arantzazuko santutegi aurrean laino grisen atzean eguzki borobil eta argitsu bat antzeman zitekeen gaur, haren aldeko hiletan.

Atzo hil zen Pello Zabala fraide frantziskotarra, idazlea, euskaltzalea eta eguraldi iragarlea, 78 urte zituela. Euskal Herriko hainbat pertsonaia ezagun igo dira gaur Arantzazura, Zabalari azken agurra ematera. Han izan zen, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria. «Hutsune handia utziko du gizarte osoan. Oinordekotza handia utzi du, eta espero dut haren haziak fruituak emango dituela», esan du Zabalari buruz. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere betirako «euskaldunen iruditerian» egongo dela adierazi du: «Euskal Herriko etxe guztietan etxeko izan dela uste dut, eta hori euskaldun baten inguruan esan daitekeen gauza politenetariko bat da».

Maddalen Iriarte EH Bilduko Legebiltzarkidea ere joan da; estimu handia zion Iriartek fraide frantziskotarrari: «Oso inguruan izan dut irratian ibili naizenean, telebistarako deitzen nionean ere beti baiezkoa ematen zidan, eta euskalgintzan aritu garenontzat erreferente bat izan da; horrez gain, familiako kide ere banaiz neurri batean, senarraren amaren lehengusua zelako».

Fraidearen familiakoak ere han izan dira. Santutegiko atarian «goxo» hartzen zituen osaba bezala gogoratzen du Aritz Saenz de Nanclares ilobak, eta harritu egin du Zabalaren heriotzak izan duen oihartzunak: «Gaur konturatu naiz nolako garrantzia izan duen Euskal Herrian. Familiakoa zenez, batzuetan ez gara ohartzen norainoko eragina zeukan. Gaur jaiki naizenean ehunka mezu neuzkan, eta egunkaria irakurri zein irratia entzutean sorpresa polit bat hartu dut. Oso harro gaude».

Gaur hileta elizkizunera sartu aurretik bildu diren leku berean, Arantzazuko santutegiko atarian, gogoratu dute beste askok ere; Arantxa Arza Euskadi Irratiko Landaberri saioko aurkezleak, esaterako: «Astero egoten zen gurekin Landaberri saioan, eta bezperan deitzen nion sarri, telefonoz aritzen ginen. Arantzazura etortzen ginenean ere beti galdetzen nuen beragatik, eta hemen azaltzen zen». Zabalaren «komunikatzeko gaitasuna» azpimarratu du Arzak: «Entzuleengana iristeko zeukan ahalmen hori, hizketarako grazia hori, jada galtzen ari gara. Berak bazeukan, iritsi egiten zen». Jakoba Errekondo dibulgatzaileak ere Zabalaren galera nabarmendu du: «Pertsona jakintsu bat galdu dugu; Euskal Herriko pertsona jakintsuenetako bat».

Atari horretan bertan hartu zituen Zabalak Kontuz Atsuak! saioko protagonistak ere. Han izan da Maikruxen papera egiten zuen Anjel Alkain umoregilea ere: «Oso oroitzapen onak izango ditut beti. Umoretsua zen; bizitzaz gozatzea gustatzen zitzaion, eta bazirudien beretzako umorea garrantzitsua zela ondo bizitzeko”.

Ekarpen «neurtezina»

BERRIAri egindako ekarpena ere eskertu nahi izan dio Beatriz Zabalondo Berria Taldeko administrazio kontseiluko presidenteak: «BERRIAri egin zion ekarpena neurtezina da. Garai zailetan prestutasuna eta eskuzabaltasuna adierazi zuen administrazio kontseiluko kide izatea eskaini genionean, eta hori estimatzekoa da».

Kanpora begira izan duen oihartzunaz gain, «barrura begirakoa» ere nabarmendu nahi izan du Juan Migel Dorronsoro Arantzazuko santutegiko zaindariak: «Pello dimentsio askotako gizona zen. Elizkizunetarako kantu asko sortu eta moldatu zituen, eta irakurzaletasun handia ere bazuen; denetarik irakurtzen zuen».

Elizkizunaren ondoren, Arantzazuko bihurguneetan behera jaitsi dira santutegian bildutakoak; fraidea zeruan dagoelakoan batzuk, betirako Arantzazun geratuko delakoan besteak. Edo biak. «Honaino nentorrela pentsatu dut: non dago Arantzazu? Badirudi Arantzazun dagoela zerua bera», adierazi du Maddalen Iriartek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.