Zaldibarko luizia

Zaldibarko luiziaren bigarren urteurrenean, «erantzukizunak argitzea» galdegin dute ehunka lagunek Ermuan

Dozenaka elkartek egin dute bat Zaldibar Argitu plataformak eginiko deialdiarekin. Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran omendu dituzte.

Zaldibarko hondamendiaren bigarren urteurrenaren harira eginiko protesta, gaur, Ermuan (Bizkaia). GORKA RUBIO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko otsailaren 6a
16:35
Entzun

Bi urte joan dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia amildu zenetik. Hain zuzen, 2020ko otsailaren 6an gertatu zen hondamendia. Hainbat hilabete iragan diren arren, baina, bistara da zauriak zabalik segitzen duela oraindik ere. Auziko korapiloak askatu gabe daude oraindik luizia gertatu eta bi urtera, eta herritarren ezinegona ez da arindu; horixe aldarrikatu dute ehunka lagunek gaur Ermuan (Bizkaia) eginiko manifestazioan. Zaldibar Argitu plataformak deituta, mobilizazioa egin dute 12:00etatik aitzina, herriko plazan hasita. Ardurak «argitu» daitezela eskatu dute.

Pankarta handi bat izan da manifestazioaren buruan; hari eutsiz egin dute herritarrek Ermuko plazatik zabortegirainoko bidea. Aldarrikapenez josia izan da mobilizazioa, eta asko izan dira hondamendiaren ondorioz hildako Alberto Sololuzeri eta Joaquin Beltrani eskainitako mezuak. –Beltranen gorpua aurkitu gabea da oraindik ere–. Hain zuzen, mobilizazioaren ondotik, Sololuze eta Beltran omentzeko ekitaldi berezia egin dute, 13:00etan.

Besteak beste, Zaldibar Argitu plataformako bozeramaile Carlos Alonsok nabarmendu du oso bizirik dutela luiziaren eraginez hildako bi herritarren memoria. «Batez ere, luiziaren ondorioz zaborrak eta hondakinak harrapatuta hildako biak ditugu gogoan».

«Halere, erantzukizunak argitu daitezela ere eskatzen dugu. Ez dugu ahazten, baina etorkizunari begira ari gara», ohartarazi du. Zehaztu duenez, Verter Recycling enpresa «ez da erantzule bakarra» hondamendiaren auzian. «Egoerari behatu eta kontrolaz arduratu behar zutenek ere badute erantzukizuna».

Gogor mintzatu dira Eusko Jaurlaritzaz. «2013tik, behin eta berriz baimenak ematera mugatu da Jaurlaritza. Haiek eman dute modua Zaldibarren lurperatu zitekeen hondakin kopurua handitzeko», salatu dute. Halaber, diotenez, luizia gertatu ondotik ere Jaurlaritzak ez du ardura bere gain hartu, eta «beste alde batera begiratu du; gauzak egiten utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.