Zinema

Douglas Trumbull hil da, efektu berezien aitzindaria

‘Blade Runner’ eta ‘2001: A Space Odyssey’ filmen efektu berezien sortzailea izan zen. 79 urte zituen, eta minbizia zuen. 

Douglas Trumbull efektu berezien aitzindaria izan zen. BERRIA
aitor biain
2022ko otsailaren 9a
11:51
Entzun

Douglas Trumbull efektu berezien aitzindarietako bat izan zen, zuzendari, ekoizle eta gidoilari izateaz gain. Besteak beste, Blade Runner, 2001: A Space Odyssey, eta Close Encounters of the Third Kind eta zientzia fikziozko zinemaren hainbat klasikoren efektu berezien sortzailea izan zen. Atzo hil zen, 79 urte zituela, haren senitartekoek jakitera eman dutenez.

Sare sozialetan argitaratutako idatzi batean, haren alaba Amy Trumbullek adierazi du minbiziaren ondorioz zendu dela: «Nire aita, Doug Trumbull, bart hil zen, minbiziaren, garuneko tumore baten eta garuneko isuri baten aurkako bi urteko borroka handi baten ondoren». Aitak zinemagintzari egindako ekarpena nabarmendu du alabak, eta azpimarratu du haren lanek «hamarkadetan» iraungo dutela.

Los Angelesen jaio zen (AEB), 1942an, eta ia kasualitatez hasi zen zinemagintzan lanean. Izan ere, NASAren film baterako egindako ilustrazioek Stanley Kubrick eta Arthur C. Clarkeren arreta piztu zuten, eta haiei esker egin zituen lehen urratsak zinemaren alorrean. Zientzia fikziozko filmik mitikoetako bat prestatzen ari ziren orduan: 2001: A Space Odyssey (1968).

Gerora, hala ere, zinemako izen handiekin lan egin zuen Trumbullek, eta hark parte hartu zuen film asko klasiko bilakatu dira: Kubricken espazioko bidaia hartaz gain, Steven Spielbergen CloseEncounters of the Third Kind (1977); Ridley Scotten Blade Runner (1982); Robert Wiseren Star Trek (1979); edota Terrence Malicken The Tree of Life (2011), besteak beste.

Hiru aldiz izendatu zuten Oscar sarietarako, baina ez zuen inoiz saririk eskuratu. Ameriketako Estatu Batuetako Argazkilaritza Elkartearen ohorezko saria jaso zuen, hala ere, ibilbidearen aitorpen gisara. Zuzendari moduan hamahiru film egin zituen, baina ez zuen arrakasta handirik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.