Euskal Hirigune Elkargoa

Goi mailako irakaskuntza, trantsizio energetikoa eta zerbitzu publikoen saretzea lehenetsi ditu Etxegaraik

Euskal Hirigune Elkargoak aurten izanen dituen lehentasunak finkatu ditu Baionan Ipar Euskal Herriko lehendakariak.

Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko otsailaren 9a
17:46
Entzun

Bost urte bete ditu Euskal Hirigune Elkargoak, baina Ipar Euskal Herriko lehen instituzioa bere lehen agintaldi osoaren hasieran baizik ez dago. Lehen bilan bat egiteko «goizegi» bada ere, Jean Rene Etxegarai lehendakariak uste du badela «elkargo gogo» bat: «Bada sentimendua elkargoak gure arazo guziak konpondu ditzakeela. [Frantziako] Estatua lurraldeak abandonatzen ari da pixkanaka; antolatzera behartuak gara». Urte hasiera baliatuta, aurten finkatu dituzten erronkak zehaztu ditu kazetarien aitzinean.

Hiru ardatz nagusi aipatu ditu Euskal Elkargoko lehendakariak. Batetik, goi mailako irakaskuntza. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko «zinezko campus» bat sortzeko borondatea agertu du, 2025erako 10.000 ikasletara iristeko helburuarekin —gaur egun 7.500 dira—; hautatutako sail batzuetan nazioarteko erreferentzia bilakatzeko anbizioa du. Horien artean dira nazioarteko ikasketak —Europako zuzenbidea, nazioarteko kudeaketa eta euskal ikasketak aipatu ditu—, eraikuntza eta antolaketa iraunkorra, ingeniaritza eta zenbakizkoa, eta ingurumena eta ozeanoa. «Helburua da formakuntza eta ekipamendu osotasun koherente batera heltzea, [Ipar] Euskal Herria bere garapenaren jabe izan dadin, gazte bakar bat ere bazterrean ez uzteko».
Bi proiektu nagusi ere aipatu ditu: Paueko eta Aturri bazterreko unibertsitatearen Ipar Euskal Herriko ikasleen kopurua bikoizteko asmoa duen Irekia proiektua batetik, eta, bestetik, «etorkizuneko fabrika» polo bat Zuberoan. Enpresentzat teknologien garapena eta leku aldatzea ahalbidetuko ditu, eta formakuntzak ere proposatuko ditu, Etxegaraik esplikatu duenez.

Bigarren ardatza trantsizio energetikoa da. Europako Inbertsio Bankuaren laguntza jaso du Euskal Hirigune Elkargoak, eta 45 milioi euroren inbertsioak eginen dituzte. Horien artean sartzen dira, besteak beste, 77 eraikin publikoren berritze energetikoa eta 70 eguzki parkeren eraikuntza.

Azkenik, Ipar Euskal Herriko lurraldean zerbitzu publikoak saretzea aipatu du, herri txikiek dituzten beharrez oharturik. «Ez nuen uste herriek hainbeste eskaera eginen zigutela ingeniaritza mailan», adierazi du. Hala, azkarki aipatu ditu medikuen desertifikazioari buru egiteko barnealdean irekitzen ari diren osasun etxeak, haurtzaindegiak eta kirol ekipamenduak, baita garraio publikoaren zerbitzua indartu izana ere.

Etorkizun instituzionala

Kazetarien galderei erantzunez, Ipar Euskal Herriaren etorkizun instituzionalaz duen ikuspegia ere eman du. Estatus bereziko lurralde elkargo baten aldekoa zela oroitarazi du, eta, haren iritziz, elkargoa ez da «tresna juridiko egokia» Ipar Euskal Herriarentzat. Horiek horrela, Frantziako Gobernua lantzen ari den 3D deszentralizazio erreformak «ez du aldaketarik ekarriko», haren hitzetan. «Zinezko erantzun bat behar dugu tokiko erakundeek tresna gehiago izan dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.