Sindikatuak

ELAk «borroka» agindu du enpresetan estatalizazioari aurre egiteko

Azken lan erreformak aldatu ez dituen elementuak mugatzen saiatuko da negoziazio kolektiboan: kaleratze merkeak eta enpresek lan baldintzak beren kabuz aldatzeko gaitasuna.

Mari Cruz Elkoro, Mitxel Lakuntza eta Pello Igeregi, gaur, Bilbon. ELA
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 10a
13:15
Entzun

Espainiako Kongresuak joan den astean onartutako lan erreformak negoziazio kolektiboaren jokoa aldatu du, eta horretara egokitu behar dute estrategia euskal sindikatuek. Haien artean handienak, ELAk, agindu du enpresetara borroka eramango duela, horrela gerarazi nahi duelako oraingo lan araudiak bere ustez hedatzen duen estatalizazioa.

Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak azaldu du ez duela amore eman nahi «bozketa esperpentiko batean» ELAk defendatzen zuen ezezkoak porrot egin arren: «ELArentzat, Zapateroren eta Rajoyren erreformak indargabetzeko borroka ez da amaitu. Batetik, ELAk jarraituko du EAJri eta EH Bilduri eskatzen erreforma honetan ukitu gabeko gaiak (kaleratzeak, EEEak, hitzarmenen lehentasuna…) lehenets ditzatela Espainiako Gobernuarekin izango dituzten negoziazioetan. Bestetik, Espainiako Gobernuak eta erreforma onartu duten alderdiek langile klaseari mezu argi bat helarazi diote: 'ez dizuegu erraztasunik emango; ez dugu patronala gogaituko, ez eta eskubiderik berrezarriko ere; legez ukatzen dizueguna beti bezala borrokatuz lortu beharko duzue'».

ELAren datuen arabera, aurten sektoreko 93 lan hitzarmen negoziatu behar dira Hego Euskal Herrian, eta beste 404 enpresako hitzarmen. Negoziazio horietan «2012ko lan erreformaren funtsezko elementuak indargabetzen jarraituko dugu«, agindu du ELAk, eta indar berezia jarriko dutela bi elementutan: enpresek aldebakarrez lan baldintzak aldatzeko aukera mugatzen, eta kaleratzea garestitzen.

Hego Euskal Herriko hitzarmenak alde batera utzi, eta Espainia inposatzearekin kezkatuta azaldu da ELA. Uste du Yolanda Diazen lan erreformak horretarako aukera zabalik uzten duela, bertako lan hitzarmenei lehentasuna emateko Confebaskekin egindako akordioa gorabehera. «Estatalizazioaren arazoa legezkoa da —negoziazio gaiak autonomia edo probintzia hitzarmenetan mugatzeko aukera ematen die estatuko negoziatzaileei—, baina estatuko gizarte eragileek legea aprobetxatzeko eta hemen egin daitezkeen negoziazioak debekatzeko borondatea izan behar dute. Nahi izanez gero, CCOO eta UGTk uko egin diezaiokete botere hori erabiltzeari, baina estatuko hitzarmenen %80tan negoziazio gaiak mugatu egiten dituzte.

Estatalizazioaren kalteak

Estatalizazio horren adibide bat eman du ELAk: «Izugarri kezkatu gaituzte sukaldaritza kolektiboko EAEko lehen negoziazioa martxan jarri nahi izan dugunean patronalak eta CCOO sindikatuak ukatu izanak. Negoziazio hori martxan jarri nahi izan dugunean CCOO sindikatuko kideek mahaia osatzerik ez zegoela esan zuten; horretarako arrazoia, 'estatuko hitzarmeneko batzorde paritarioaren baimenik ez duelako'. Hau da, hitzarmen horren negoziazioan EAEn %10etik beherako ordezkaritza duen sindikatuak debekatu egin nahi die %85etik gorako ordezkaritza dutenei hemen estatuko hitzarmenaren miseriazko baldintzak hobetzea».

Lan baldintzak Madrilen finkatzearen kalteak azaldu ditu Mari Cruz Elkoro Zerbitzuak ataleko idazkari nagusiak. «Eskola-jantokietako beharginei ostalaritzako hitzarmen probintziala aplikatu ordez sukaldaritza kolektibokoa ezarri zaie, estatu mailakoa: Bizkaian orduko 11,49 euro jaso ordez, orduko 7,6 euro kobratuko dute, eta urtean 50 ordu gehiago sartu. Beste kasua Bulegoen sektorea da, non aurrerako eragina bukatuta, hitzarmenaren indarraldia desagertu eta estatu mailakoa aplikatzen hasi den. Kategoriaren arabera, langileek urtean 3.000 eta 5.000 euro gutxiago irabaziko dute». Elkorok gogorarazi du CCOO eta UGT ordezkaritzaren %30era ez direla iristen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta haiek Madrilen erabakitako baldintzak hedatzen ari direla sektore batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.