LABek bost mila afiliatu gehiago egin ditu azken bost urteetan

Kide berrien %56 emakumeak dira, eta sindikatuak dio sektore feminizatuetara hurbiltzearen ondorio dela. Hauteskunde sindikaletan, abertzaleek gora egin dute gehien 2017tik hona

LABek bost mila afiliatu gehiago egin ditu azken bost urteetan.
Iker Aranburu.
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Sindikatu baten indarra bi modutara neur daiteke: hauteskunde sindikaletan lortzen dituen ordezkarien arabera eta hileroko kuota ordaintzen duten afiliatuen arabera. Arlo batean zein bestean gora egin duela nabarmendu du LABek, eta duela bost urteko «sindikalismoa birpentsatu» eta sektore berrietara gerturatzeko urratsarekin lotu du.

Atzo zabaldutako datuen arabera, LABek 2017az geroztik %12,4 handitu du afiliatuen kopurua. 2021. urtea 46.178 kiderekin amaitu du: bost urte lehenago baino 5.095 gehiagorekin.

Gainera, kide berrien artean %56 emakumeak izan direla nabarmendu du Izaskun Garcia Bordagarai LABeko Antolakuntza idazkariak, «sindikatuaren antolaketa eta ekintza sindikalean egindako urrats feministen ondorio». Industriako eta sektore publikoko gotorlekuak alde batera utzi gabe, azken urteetan sindikatu abertzaleak zerbitzuetara ere zabaldu du begirada, han baitaude, oro har, baldintzarik prekarioenak. Sektore horretan emakumeak dira gehiengo, eta horrek azaldu dezake emakumeen afiliazioa gizonena baino gehiago handitu izana.

Kuota sistema berria

Bilbon egindako agerraldian, Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren albokoak azaldu zuen diru sarreren araberako kuota sistema berri bat indarrean jarri dutela, hilero ordaindu beharrekoa ez dadin muga bat izan sindikatuaren zerbitzuak eta babesa jasotzeko. «LAB langile guztiontzako tresna eraginkorra izan eta LABen afiliatzeak denon eskura egon behar du», adierazi du Arroyok.

Horrela, 2.000 eurotik gorako soldata dutenek apur bat gehiago jarriko dute, eta gutxiago soldata txikiagoak dituztenek. Gehienez, hilean 21,33 euroko kuota ordainduko dute hilean 2.001 eurotik gorako soldata edo pentsioa dutenek; 18,30 euroko kuota izango dute 1.201-2.000 tartean daudenek; 13,66 eurokoa 965-1.200 euro artekoek; 9,11 eurokoa 706 eta 965 euro artekoek; eta bost eurokoa 706 eurotik beherako errenta dutenek.

«Ideia honek harremana du sindikatuen muinarekin. Sindikatuak badira langile bakoitzaren egoerari konponbidea emateko tresna. Baina sindikatuek, batez ere, langileon arteko elkartasuna praktikan jartzeko eta klase gisa ahalduntzeko tresnak behar dute izan», azaldu zuen Arroyok. Sindikalizatzeko deia egin die langileei, «langile klase osoaren eskubideak defendatzeko».

LABek ez ezik, ELAk ere gardentasunez jokatzen du bere kideei buruzko informazioa zabalduta. Azaroan egin zuen bere azken kongresua sindikatu horrek, eta orduan azaldu zuen azken lau urteetan 2.000 afiliatu berrik eman dutela izena, eta batzarrera 100.925 afiliaturekin iritsi zela.Krisi ekonomikoak eragindako enplegu galeraren ondorioz, 98.960 afiliaturekin egin zuen 2017ko bilera orokorra, baina dagoeneko eten du joera hori, eta 100.000 afiliatuen langa igaro du berriz. Dena den, oraindik urrun du 2008ko kopurua, 109.318 afiliatu zituen orduan, eta 2012kotik behera dago: 105.312 afiliatu.

Hauteskunde sindikalak

Ordezkaritza sindikalari dagokionez, LABek nabarmendu du azken bost urteetan gehienhanditu den sindikatua dela. Zehazki, 433 ordezkarigehiago ditu 2017an baino, 4.668 guztira. Ehunekoetan, %18,13tik %19,24ra igaro da Hego Euskal Herri osoan.

Gutxiago bada ere, tarte horretan hazi egin dira ELA (%36,15etik %36,33ra) eta CCOO (%20,15etik %20,22ra) ere. Lau sindikatu nagusien artean pisua galdu duen bakarra UGT da, baina ez asko (%14,43tik %14,31ra), azken urtean kuota handitzea lortu baitu.

Hain zuzen ere, azken kopuru horri erreparatu dio UGT-Euskadiko idazkari nagusiak, Raul Arzak. BERRIAri iaz eskainitako elkarrizketan, Arzak ziurtatu zuen sindikatuak eten egin zuela azken urteetako beheranzko joera, eta atzo zabaldutako datuek adierazpen hori baieztatu dute.

Hain zuzen ere, UGTk 1.892 ordezkari ditu Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lantegietan, 2020 amaieran baino 126 ordezkari gehiago. Portzentajeetan, %10,19tik %10,56ra igo da. Bizkaian eta Gipuzkoan sindikatu handienetan laugarrena da UGT, baina Araban hirugarren da,LABen aurretik.

Aldi berean, hiru lurralde horietan azken urtean pisu erlatibo pixka bat galdu dute sindikatu abertzaleek: 0,29 puntu portzentual jaitsi da ELA, eta 0,05 puntu LAB. Nolanahi ere, nagusitasunari eusten diote: alde handiz, ELAk du ordezkari gehien (%40,98), eta LAB da bigarrena LAB (%19,85), CCOOren aurretik (%18,71).

Zenbaki horiek ongi ikusi ditu Arzak: «Langileak ikusten ari dira sindikatu eredu bat negoziatzen duela, mobilizatzen duela, akordioak lortzen dituela, eta langileen baldintzetan eragina duela».

Nafarroan, berriz, nagusitasunari eusten dio CCOO-UGT bikoteak, baina urrun dute ordezkaritzaren erdia baino gehiago zuten garaia. Zehazki, UGT da ordezkari gehien duen sindikatua (%24,58), baina gerturatu egin zaizkio CCOO (%24,16), ELA (%22,85) eta LAB (%17,29).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.