Lan gatazkak

Lau eguneko greba deialdia egin dute Petronorren

Azpikontrataturiko langile guztien erregularizazio prozesu bat has dadila nahi dute. ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k bat egin dute deialdiekin.

Petronorreko langileen protesta ekintza bat findegiaren kanpo aldean. OSKAR MATXIN / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko otsailaren 11
14:07
Entzun

Petronorren ordezkaritza duten bost sindikatuek lau eguneko greba deialdi bateratua egin dute. Langile azpikontratatuen baldintzak hobetzeko eskatu dute, eta, horretara behartzeko, Muskizko (Bizkaia) findegian lanuzteak egingo dituzte otsailaren 24an eta martxoaren 3an, 10ean eta 11n. Enpresak ostegunean jakinarazi zuenez, 50 eguneko ekoizpen jaitsiera hasiko du otsailaren 15ean, eta kontu horrekin lotura du deialdiak.

ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k bat egin dute eskaeran. Esan dute ahaleginak egin dituztela elkarrizketa mahaia irekitzeko eta negoziatzeko, baina, haien iritziz, «Petronorrek eta azpikontratetako arduradunek ez dituzte langileen lan baldintzak hobetu nahi». Sindikatuek azpikontrataturiko langile guztien lan baldintzak erregularizatzeko balioko duen kontratu lotesle bat nahi dute. Akordio horren bitartez, bi helburu lortu nahi dituzte: batetik, lanpostu gehiago ez galtzea, eta, bestetik, langile finkoen eta azpikontratatuen baldintzen arteko ezberdintasunak ezabatzea. Subrogazioaren aldarria ere egin dute sindikatuek, lan baldintzei eutsiz, eta langintza bakoitzeko sektore lan ituna errespeta dadila eskatu dute.

Greba egiten bada, egun horietan findegia bere ahalaren %50ean arituko da, hilaren 15ean urteroko mantentze etenaldia hasiko baitu. Eten horretan, besteak beste, koke planta gainbegiratuko dute bigarren aldiz. Petronorrek 1.000 langile ditu, eta 1.400 ere izaten ditu egun batzuetan. Grebek, normalean, ez diote eragiten mantentze arloari, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen baititu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.