Super Bowl

Eminem belaunikatu egin da Los Angelesen, 1992ko istiluen 30. urteurrenaren atarian

Dr. Dre, Snoop Dogg, 50 Cent, Mary J. Blige, Eminem eta Kendrick Lamarrek kantatu dute Super Bowleko finalean, Los Angelesen, eta Eminemek belaun bat jarri du lurrean, arrazakeriaren eta polizia indarkeriaren aurka. Aurten beteko dira 30 urte AEBetako hiri horretan arrazakeriaren aurkako istilu handiak izan zirenetik.

Eminem, belaunikatuta, Super Bowleko atsedenaldiko ekitaldian. ETIENNE LAURENT, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko otsailaren 14a
12:28
Entzun

AEBetako NFL futbol amerikarreko txapelketako finala jokatu da bart Los Angelesen, eta atsedenaldiko ekitaldian munduko hip-hop kantari entzutetsuenetako batzuek hartu dute parte: Dr. Dre, Snoop Dogg, 50 Cent, Mary J. Blige, Eminem eta Kendrick Lamar. Ordu laurdeneko ekitaldia izan da, eta, kantari horiek guztiak elkarrekin ikusi eta kantatzen entzuteko aukera emateaz gain, utzi du irudi adierazgarri bat ere. Bere agerraldia amaitzean, Eminem belaunikatu egin da arrazakeriaren kontrako keinu bat eginez.

Lose Yourself kanta abestu du Eminemek, eta amaieran Colin Kaepernick San Francisco 49ers taldeko futbol amerikarreko jokalariak 2016ko denboraldian AEBetako ereserkia jotzen zuten bitartean ezagun egin zuen keinua egin du: belaun bat lurrean jarri eta burua makurtu. Kaepernickek AEBetakok Poliziaren arrazakeria eta indarkeria salatzeko egin zuen keinua, eta, haren ondoren, beste kirolari batzuek ere egin zuten, AEBetako Poliziaren arrazakeria eta indarkeria salatzeko.

Ikusi gehiago: atsedenaldiko ekitaldia YouTuben

Zenbaitzuek gogor kritikatu zuten Kaepernick, ereserkia entzuten zen bitartean hori egiteagatik. Eminemek, ordea, babesa adierazi dio behin baino gehiagotan, eta 2017an Untouchable abestian aipatu zuen jokalaria. Urte berean, BET Hip Hop sarietan ere estilo librean futbol amerikarra izan zuen hizpide, eta Donald Trump kritikatu zuen.

Bart egin duen keinua esanguratsuagoa da, gainera, Los Angelesen egin duelako. Apirilean beteko dira 30 urte Kaliforniako hiri horretan inoizko liskar handienak izan zirenetik, epaimahai batek lau polizia errugabetu zituelako Rodney King afroamerikarra bortitz jo ondoren; jipoia grabatu egin zuten, eta mundu osoko hedabideetan ikusi ahal izan zen.

1992ko apirilaren 29tik maiatzaren 5era, hilketak, suteak eta arpilatzeak izan ziren Los Angelesen. 63 pertsona hil ziren, 2.383 zauritu zituzten, 12.000tik gora atxilotu, eta mila milioi dolarretik gorako kalte materialak zenbatu zituzten. Kaliforniako Guardia Nazionala, AEBetako armada eta hainbat polizia atera ziren kalera istiluak gelditzeko.

Atsedenaldiko ekitaldia Dr. Drek eta Snoop Doggek hasi dute, mendebaldeko kostaldeko raparen ikurretako bik. Bigarren horren The Next Episode kantatu dute lehenik, eta, gero, Tupac Shakurren California Love. Eszenatokian agertzen hirugarrena 50 Cent izan da. Ekitaldiko ezusteetako bat izan da, ez baitzegoen iragarrita parte hartuko zuenik. Buruz behera agertu da, eta In da Club abestu du.

Atsedenaldiko emakumezko bakarra Mary J. Blige izan da. Family Affair eta No More Drama abestu ditu. Eszenatokian agertzen azkena Kendrick Lamar izan da; Alright abestu du. Ekitaldiaren amaieran, sei abeslariak izan dira elkarrekin.

Partida hasieran, berriz, Mickey Guyton country kantariak abestu zuen AEBetako ereserkia. Tarte horretan inor ez da belaunikatu. Finala Los Angeles Rams etxeko taldeak irabazi du, 23-20, Cincinnati Bengals Ohioko taldearen aurka.

Ikusi gehiago: hasierako ekitaldia YouTuben

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.