Gabriel Boricek Txileko presidente kargua hartzeko hilabete baino gutxiago falta den honetan —martxoaren 11n egingo dute ekitaldia—, migrazioa eztabaida politikora itzuli da berriz ere, herrialdearen iparraldean gertaturikoen harira. Iragan ostegunean, kamioilari gazte bat hil zuten migratzaileek Txilen sartzeko erabiltzen duten pasabide klandestino batetik gertu, eta hilketa horrek kamioi gidarien haserrea handitu du, uste baitute heriotza iheslari batzuekin izandako liskar baten ondorio izan zela. Haien eta beste herritar batzuen kexak, baina, aspaldidanik datoz, eremuan «segurtasunik eza» dagoela kritikatu baitute hainbatetan.
Kamioilariek greba egin dute iragan asteburuan mugaren inguruko errepideen egoera salatzeko —finean, migratzaileen kontra—, eta horrek zenbait arazo eragin ditu mugikortasunean, baita udalerri horietako herritarren pazientzia agortu ere. Manifestazioek, esaterako, mozketak eragin dituzte elikadura eta erregai hornikuntzetan, baita zenbait hegaldi atzeratzea ere.
Blokeo egoera hori ikusirik, Rodrigo Delgado Barne ministroak iragan larunbatean bertan jakinarazi zuen gobernuak larrialdi egoera agindu duela Perurekin eta Boliviarekin mugakide diren iparraldeko lau probintzietarako: Arican, Parinacotan, Tamarugalen eta Loan. Printzipioz, bi asterako izango da, baina agintariek beste hamabost egunez luzatzeko aukera izango dute.
Erabaki horren aurrean, mugan dagoen Colchane herriko alkate Javier Garcia kritiko agertu da gaur Sebastian Piñera herrialdeko presidentearekin, uste baitu estatuburuak «inprobisatu» egin dituela egoera bideratzea helburu duten neurriak. Haren arabera, elementu batzuk falta dira estrategia horretan, armada eta «hesi fisikoak beharrezkoak» izango direlakoan gobernuaren neurriek «arrakasta» izateko.
Izan ere, kamioilarien protestei gehitu behar zaie hilabeteotan eraso xenofoboak ugaritu egin direla migratzaileen kontra, baita horien aurkako grebak ere, eta kamioi gidariaren heriotzarekin zerikusia dutelakoan atxilotuak atzerritarrak izateak are gehiago zaildu du egoera. Gobernuz kanpoko erakundeek eta migratzaileei laguntza ematen dieten taldeek, baina, argudiatu dute ez dagoela harremanik bi horien artean.
Errepresioa handitzea
Piñeraren estrategia errepresioa handitzea izan da, eta iaz onarturiko —eta aurten erreformaturiko— Migrazioen Legea tresna gisara erabiltzea iradoki du, zeina egunotan sartu baita indarrean. Horren bidez, mugako agenteek errazago izango dute Txilen sartzen diren migratzaileak berehala kanporatzea; tartean, prozesu judizialik gabe.
Mugako agintarientzat, ordea, presidentearen erabakiak ez dira nahikoa, eta «gehiago» egitea nahi dute. Besteak beste, Piñerari eskatu diote mugako herrietako «gatazka» hori bideratzeko «berehalako» neurriak agintzeko: «gutxienez», polizia gehiago bidaltzea eta «azpiegiturak» ugaritzea, kasurako.
Auziaz galdetuta, Boricek hilabete hasieran honakoa adierazi zuen: «Arazo handi bat dugu legez kanpoko immigrazioarekin. Modu argian gelditu behar dugu. Txilek bere mugen kontrola berreskuratu behar du».