Honduras

Hondurasko presidente ohia espetxeratu dute

Justizia Auzitegi Gorenak behin-behineko kartzela zigorra ezarri dio Juan Orlando Hernandezi, narkotrafikoa eta ustelkeria egotzita. AEBek estatuburu ohia estraditatzeko eskatu dute. 

Juan Orlando Hernandez Hondurasko presidente ohia. GUSTAVO AMADOR / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko otsailaren 17a
13:34
Entzun

Hondurasko presidente ohi Juan Orlando Hernandezi behin-behineko espetxe zigorra jarri dio Justizia Auzitegi Goreneko epaile Edwin Ortezek, AEB Amerikako Estatu Batuek estatuburu ohia estraditatzeko eskaera jaso ondoren, narkotrafikoagatik eta ustelkeriagatik.

Hernandezen defentsak martxoaren 16an aurkeztu beharko ditu haren aldeko frogak auzitegian. Beraz, defentsa taldeak hilabete izango du agintari ohia ez estraditatzeko beharrezko informazioa biltzeko. Haren abokatuek, gainera, eskatu dute Hernandezek bere etxean bete dezala atxiloaldia, baina epaileak atzera bota du haien eskaera, Justizia Auzitegia Gorenak emandako autoan oinarrituta. Hala, presidente ohia indar berezien eskuadroian espetxeratuta dago, Tegucigalpan.

Segurtasun neurri gogorrak ezarri dituzte auzitegiaren inguruan, eta presidente ohiaren ehunka jarraitzaile ere joan dira hara Hernandezi babesa adierazteko.

Hondurasko Poliziak asteartean atxilotu zuen Hernandez, herrialdeko epaile batek aginduta, AEBek Hondurasko hiriburuan duten enbaxadak Kanpo Arazoetako Ministerioari eskatu eta gero presidente ohia estraditatzeko. Hernandezi hiru delitu leporatu dizkio Washingtonek: droga AEBetara inportatzea, arma trafikoa eta ustelkeria.

Hain zuzen, AEBek narkotrafiko sare batean parte hartu izana egotzi diote agintari ohiari, Kolonbiatik eta Venezuelatik Hondurasera bidalitako hainbat kokaina tonako kargamentuak jasotzeko, besteak beste. Droga airez eta itsasoz garraiatzen zuten Hondurastik Guatemalara, azkenik AEBetara eramateko. Orotara, 500.000 kilo kokaina garraiatu zituzten 2004tik. Presidente ohiari «milioika dolar eman zizkioten Hondurasko, Mexikoko eta beste herrialde batzuetako narkotrafikatzaileek eroskeria tarteko, haiek babestearen truke».

Hernandez Xiomara Castro egungo presidentearen —urtarrilaren 27an hartu zuen kargua— aurretik egon zen agintean, zortzi urtez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.