Energia

Martxoaren 26rako manifestaziora deitu dute Bilbon, argindarraren garestitzea salatzeko

Hainbat taldek gaur dinamika bat aurkeztu dute kostu energetikoaren igoeraren aurka. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar etxetik batean pobrezia energetikoa jasaten dute, eta, horregatik, premiazko neurriak hartzeko eskatu dute

Gaur egin duten agerraldia, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2022ko otsailaren 17a
14:10
Entzun

Pobrezia energetikoaren aurkako eguna izanik, Bilboko eta inguruko herrietako hainbat talde ekologistak, sindikatuk, auzo elkartek, etxebizitzaren aldeko plataformak eta gazte eragilek dinamika bat aurkeztu dute, Lapurretari ez, energiarako eskubidea lelopean. Pobrezia energetikoa arazo «larria» dela deritzote, eta, egun argindarra eta bizimodua garestitzen ari diren honetan, are larriagoa.

Bilbon egin duten prentsaurrekoan azaldu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar etxebizitzatik batean pobrezia energetikoa jasaten dutela. 70.000 etxe inguru dira, haien datuen arabera. Aldi berean, komunikabideetan azpimarratzen denez, argindar taldeen mozkinak gorantz doaz. Iberdrolak, «beste enpresa batzuen antzera», 3.811 milioi euro garbi irabazi zituen. «Argindar enpresen irabaziak eta pobrezia energetikoa txanponaren bi aldeak dira», adierazi dute.

Taldeon ustez, argindarraren garestitzearekin batera, elikagaiak eta alokairuak gorantz doaz, eta, horregatik, «geroz eta zailagoa da askorentzat duin bizitzea. Honek guztiak prekaritate larri batera kondenatzen gaitu».

Egoera horri aurre egiteko, premiazko neurriak hartzea eskatu dute. Alde batetik, galdegin dute amai daitezela argindar mozketak eta geldi dadila argindar fakturari aurre egin ezin dietenen zorpetzea. Ezinbestekotzat jotzen dute, halaber, argindar enpresen aberastasunari «mugak jartzea».

Hori guztia aldarrikatu eta argindarraren garestitzea salatzeko, manifestaziora deitu dute martxoaren 26rako, Bilbon, arratsaldez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.