ABIADURA HANDIKO TRENA

AHTaren Gasteiztik Iruñera arteko lan guztien tramitazioa eteteko eskatuko du EH Bilduk Madrilen

Europako Batasunak proposatu berri duen bezala, azpiegitura berriak alboratu eta egungo trenbide sarea «modernizatzea» galdegin du koalizioak

EH Bilduko eledunak, gaur, Iruñean egin duten agerraldian. BERRIA
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 18a
14:16
Entzun

«Zentzugabekeria hutsa da, ez du arrazionaltasun ekonomikorik, garestiegia da, eta mugikortasun beharretarako desegokia». Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, «ez dago argudiorik» abiadura handiko trenaren lanei eusteko. Bai, ordea, oraindik eraiki gabe dauden zatien tramitazioa gelditzeko eta, horien ordez, bestelako aukerak aztertzeko. Europako Batasunak TEN-T txostenean egin berri duen proposamena bere egin du koalizio abertzaleak, gaur goizean Iruñean eginiko agerraldi batean: «Europa barneko garraio sarearen politikaren esparruan, Iruñea eta Gasteiz artean aurreikusitako abiadura handiko linea bertan behera uzteko proposatu dute, eta konexio hori Core-Network edo sare nagusitik ateratzea. Horrek pentsarazten du interesgarria izan daitekeela gaur egun dauden lineak modernizatzearen aldeko apustua egitea».

Hori dela eta, «ekinbide zehatzak» erregistratuko ditu EH Bilduk, «Espainiako Gobernuak Araban eta Nafarroan proiektatuta dauzkan abiadura handiko azpiegitura guztien tramitazioa eten dezan». Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari ere «gogoeta sakona egitea» galdeginen diete; «izan ere, klima larrialdiko garai hauetan, ezinbestekoa da trenbide garraio-sarea egokitzea parez pare ditugun erronka eta aldaketa globaletara». Izan ere, koalizioko hautetsien esanetan, Euskal Herriko «historian eginiko inbertsio publiko handiena zentzugabekeria hutsa da».

Ituna Madrilekin

Fernandez de Betoñorekin batera, agerraldian izan dira Adolfo Araiz, EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea; Iñaki Ruiz de Pinedo, EH Bilduko Arabako diputatua; eta Bel Pozueta, koalizioak Espainiako Kongresuan duen diputatua. Pozuetak azaldu du EH Bilduk ituna lotu duela Espainiako Gobernuarekin, aurtengo aurrekontuetan 200.000 euro bideratzeko informazio azterlan bat egitera «Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza arteko trenbide azpiegiturak hobetzeko eta egokitzeko». Konpromiso horren «jarraipen estua» eginen dutela iragarri du diputatu nafarrak, «informazio azterlan hori idazteko lanak objektibotasun eta inpartzialtasun berme handienekin egin daitezen». Pozuetak gaineratu du Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako abiadura handiko proiektuak ez duela «ez hankarik ez bururik», eta jada «ezin zaiola eutsi». Hori dela eta, iragarri dute, Pernando Barrena europarlamentariaren bitartez, EH Bilduk hainbat galdera erregistratu dituela Europako Parlamentuan, argitzeko «ea Europako Batzordeak jaso duen Iruñetik Gasteizera arteko trenbidearen proiektua, eta, bestetik, zer jarrera duen TEN-T txostenetik eratorritako gomendio horren inguruan».

EH Bilduko eledunek azaldu dute Europako Batasunak duela lau urteko txosten batean ere «argi» adierazi zuela Europan «abiadura handia ez zela sare bakar bat, eraginkortasunik gabeko proiektuen mosaiko bat baizik, zeinean ohiko bihurtu baitira gainkostuak eta atzerapenak». Euskal Y-aren inguruan, koalizioak salatu du 7.000 milioi euroko kostua izanen duela. «Eta hori guztia, hiriburuetarako sarbideak kontuan izan gabe». Europako Batasunaren txosten horrek aipatzen zuen azpiegiturak %24ko gainkostua izanen duela: «40 milioi euro eraikitako kilometro bakoitzeko».

Fernandez de Betoñok azaldu duenez, Euskal Herrian abiadura handiko zenbait proiektu daude martxan, euskal Y-az gain: besteak beste, euskal Y-a Iruñearekin lotzeko plana, Gasteiz-Burgos eta Iruñea-Zaragoza. «Azken hori da eraikitzen hasi diren bakarra, eta %4 soilik garatu dute. 145 milioi euroko inbertsioa egin dute Castejon-Campanas, Castejon-Zaragoza eta Iruñeko Etxabakoitz auzoko geltokia eraikitzeko, baina argi dago konexiorik gabeko linea bat izango dela, inondik inora joango ez dena». Horregatik uste du «aukera» dagoela oraindik «trenbide sarea birplanteatzeko eta egungo azpiegiturak modernizatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.