Euskara

Iruindarren euskaltegia

IKAren Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak 50 urte bete ditu, eta, hori ospatzeko, arduradunek egitarau zabala prestatu dute, hilaren 26tik aurrera. Gainera, liburu bat argitaratuko dute, eta dokumental batean jasoko dute euskaltegiaren bidea. Mende erdia egin du Alde Zaharrean.

Arturo Campion euskaltegiko irakasle Xabier Martinez de Lezea eta bere ikasleak, eukaltegian. IñIGO URIZ/ FOKU
edurne elizondo
2022ko otsailaren 18a
16:46
Entzun

Goizeko zortzietan hasi zuten ostiraleko eskola, baina inor ez zen loak jota; alderantziz, irri artean eta erne ari ziren ikasleak Xabier Martinez de Lezearen lezioa entzuten; irri artean, elkarrekin hitz egiten. Iruñeko Alde Zaharrean, Comedias karrikako 14.eko azken solairuan da Arturo Campion euskaltegia, eta ganbarako gelan ziren Martinez de Lezea eta haren ikasleak. Sumatzen zen ospatzeko garaia zutela, besta giroak hartu zuela eraikina. 50 urte bete ditu euskaltegiak, eta kide guztiak murgilduak dira orain arteko bidea nabarmentzeko prozesuan.

«Kontent» ziren Martinez de Lezearen ikasleak, ospakizun garaiak euskaltegian harrapatu zituelako. Amaia Arrieta Labrit Multimedia etxean aritzen da, eta euskaltegiari buruzko dokumental bat egiteko lanean da betean. Labritekoak ari dira filmatzen, eta Amaia Merinok eginen du muntaia; Silvia Ansorena, berriz, Iruñeko Orfeoiko kidea da, eta erakunde horretako Gazte Abesbatza lotu du IKAren euskaltegiaren 50. urteurrena ospatzeko martxoaren 5ean kontzertu bat egiteko Iruñean, Baluarten.

Xabier Martinez de Lezeak ere eskolak eta urteurrena ospatzeko lanak uztartu behar izan ditu, azken hilabeteotan. Baina ez ditu jada euskaltegian ez direnak ahaztu nahi izan, eta nabarmendu du hasierakoen ahaleginari eta arduren lekukoa jaso eta emateko prest izan direnen ekarpenari esker ari direla orain mende erdia ospatzen. «Aurretik aritu ziren guztien lana eskertu besterik ezin dugu egin; haiengatik gaude gu hemen».

Hasierako garai hartan, hain zuzen ere, Etorkizuna elkarteak funtsezko eginkizuna zuen gero Arturo Campion euskaltegia izanen zen proiektuaren sorreran. Jorge Cortesen eta Javier Cunchillosen gisako euskaltzaleak ziren, bertzeak bertze, elkarte horretako kide.

Compañia karrikan

1997an, euskaltegiak 25. urteurrena bete zuenean, 1970eko hamarkadaren hasierako giro hura oroitu zuten Cortesek eta Cunchillosek Egunkaria-ren Nafarkaria astekarian: «San Frantzisko Xabierren, Gurutze plazako institutuan, Eskolapioetan klaseak ematen hasiak ginen. Orduan, Bilbotik Patxi Elgezabal etorri zen soldaduska egitera. Nire etxera askotan etortzen zen, eta hari proposatu nion irakasle hastea. Companñia kalean pisu bat hutsik zegoela esan zidan Ernesto Torio lagunak; hura hartu, Javier Cunchillosen izenean jarri, eta horrela hasi ginen», laburbildu zuen Jorge Cortesek, duela 25 urte.

2010ean zendu zen Cortes; Arturo Campion euskaltegiko familiak bertze kide bat galdu zuen 2018an, Felipe Rius kazetaria hil zenean. Compañia karrikako hasierako egoitzan aritu zen ikasle Rius, bi urtez, eta gerora irakasle ere izan zen. «Lehen, parranda gehiago egiten genuen, afari eta poteo asko. Giro aparta genuen gure artean, eta oso ongi pasatu nuen euskaltegian eman nituen urteetan», erran zuen Riusek, 1997ko Nafarkaria-n.

Martinez de Lezeak eta haren ikasleek garbi erran dute ohitura zaharrei eutsi dietela euskaltegian. «Ikasturte amaierako bazkaria da urteko onena!», berretsi du irakasleak. Onartu dute, halere, pandemiak baldintzatu dituela euskaltegiko gelatik kanpoko jarduerak. Osasun krisiak eztanda egin zuenean, 2020ko ikasturtea nola antolatu asmatu behar izan zuten, egun batetik bertzera. Lortu zuten. «Online egin genituen eskolak; irakasleen erantzuna zoragarria izan zen, eta ikasturtea amaitu ahal izan genuen», azaldu du Martinez de Lezeak.

Ikasleen gogoa, gakoa

Ikasleek eskertu dute euskaltegiko arduradunek pandemiak ezarritako jokalekura egokitzeko egindako ahalegina. Martinez de Lezeak, berriz, ikasleen ahaleginak duen balioa nabarmendu nahi izan du. Sumatzen zaio gozatzen duela eskolak ematen, ikasleei euskararen atea zabaltzen. Ate hori irekitzeko gogoa da hizkuntzan murgiltzeko tresnarik eraginkorrena, eta euskaltegiko ikasleek badute. «Aspaldi hasi nintzen ikasten, baina behin baino gehiagotan utzi behar izan dut; ikasi nahi dudalako naiz gelan, berriz ere», erran du, adibidez, Montxo Gomezek.

«Gau eskolak esaten zieten hasieran», gogoratu du. Bat egin du oroitzapen horrekin Patxi Zabaletak, eta gau eskolen garaian Arturo Campionekin izan zuen harremana jarri du erdigunean. Politikari ohia izan zen euskaltegiko lehendabiziko zuzendaria, hain zuzen ere. Patxi Zabaletaren lekukoa Iñaki Zabaletak hartu zuen gero, Sagrario Alemanen etapa hasi baino lehen.

«Euskarari beldurra kentzea» izan da euskaltegiak herritarrei eman diena, Patxi Zabaletak oroitu duenez. Beldurra kendu, eta hizkuntza eman. Zeregin horretan, lan handia bada egiteko, oraindik ere, Xabier Martinez de Lezeak nabarmendu duenez. Euskararen dekretu berriaren inguruko eztabaida erdigunean den garaian, atzera begira eta gorabeherak «betiko ezaugarri» izan direla garbi du IKAko irakasleak. «Nik uste dut, oro har, hobeki gaudela; gero eta euskara gehiago entzuten da. Baina ezin dugu euskaraz bizi. Bada kezkarako arrazoirik, eta horregatik jarraitu behar dugu lanean, guk eta gainerako euskaltegiek ere».

1999an egin zuen Martinez de Lezeak irakasle izateko formakuntza. Bide luzea egina du jada Arturo Campion euskaltegian, eta oraindik ez da nekatu. «Gozatzen dut eskolak ematen, niretzat opari bat da lan hau egin ahal izatea», erran du ikasleen aurrean.

Ikasleak pozik dira harekin. Astelehenetik ostiralera joaten dira euskaltegira, 08:00etatik 09:30era; Comedias karrikako 14.eko ganbaran egiten dute bat euskara maite eta euskaraz bizi nahi dutelako. Bide horretan dira; loak hartu gabe, eta erne, egunero.

Sagrario Aleman: «Campion nire etxea da»

E. Elizondo

Ez du lotura ukatu. «Nire etxea da», erran du Sagrario Aleman euskaltzainak, argi eta garbi, Iruñeko Arturo Campion euskaltegiari buruz. Izan ere, hastapeneko etapan parte hartu zuen hark, eta Erriberan eta Sakanan irakasle aritu eta gero, Nafarroako hiriburuko egoitzara itzuli zen, 1981ean. Euskaltegiko zuzendaria izan zen 2017ra arte, ardura bertzeen esku uztea erabaki zuen arte.

«Euskaltegitik pasatu den jende guztia da oroitzapenik politena», erran zuen Alemanek, duela 25 urte, Arturo Campionek mende laurdena bete zuenean. Iritzi hori berretsi du orain: «Oroitzapen politak ditut, urte luzez aritu bainaiz euskaltegian; baina garaian garaikoei utzi behar zaie beren lana egiten».

Jakin badaki Nafarroako gizartea anitz aldatu dela euskaltegia martxan jarri zutenetik, eta garaian garaiko erronketara moldatu behar izan dutela, aurrera egiteko. 50 urteurrenak balio du, hain zuzen, atzera begiratzeko, «bai eta aurrera begiratzeko ere», Alemanek nabarmendu duenez. Eta, batez ere, «elkarrekin egoteko». Bada, gainera, euskaltegia sortu zutenetik aldatu ez den zerbait: ikasleen gogoa. «Jendeak euskaltegira jotzen du hizkuntza ikasi nahi duelako». Gogo hori jarri du erdigunean, euskaltegiaren mami izan delako.

Iruindarren erreferente

«Jende gaztea mugitzen hasi zen arlo guztietan, eta euskararen arloan ere bai; ikasleak eta irakasleak, denak ziren gazteak, eta ilusioz beteak», gogoratu du Sagrario Alemanek, Arturo Campionen hasierako garaiaz. Gazte horien guztien ahalegina eskertu du, hain justu, ahalegin horrek garai hartako «erreferente» bilakatu zuelako euskaltegia. «Orain badira gehiago, baina orduan bakarrenetakoa zen».

«Ahal zena» eginez hasi zuten bidea, Alemanek gogoratu duenez. «Profesionalizatzen joan zen gure jarduera gero». Erakundeen laguntzetan hasieratik egondako «gorabeherak» nabarmendu ditu euskaltzainak, baina garbi utzi du sail horiek inoiz ez direla izan sekulakoak. Zailtasunak zailtasun, euskaltegitik euskara sustatzeko egindako ahalegina ere nabarmendu du; hau da, Arturo Campion beti izan dela prest hirian garatu diren bertze egitasmoak bultzatzeko. Eta Iruñeko Alde Zaharretik, euskarari bidea ematen segitzen du.

EGITARAUA

Arturo Campion Iruñeko euskaltegiak hamaika ekitaldi prestatu ditu 50. urteurrena ospatzeko. Honako hauek dira horietako zenbait.

Otsailaren 26a

12:30: txupinazoa. Euskaltegiko atarian, Comedias karrikan, Irati Majuelo eta Sustrai Colina bertsolariekin, eta Kinbonbo Brass Bandekin.

Martxoaren 5a

19:00: kontzertua. Iruñeko Orfeoiko Gazte Abesbatzaren emanaldia, Hutsun txalaparta taldearekin, Ortzadar dantza taldearekin eta Teatrolari antzerki eskolako kideekin, Baluarten.

Martxoaren 10a

Liburu aurkezpena. Arturo Campion euskaltegiak 50 urte, 11 istorio liburua prestatu du urteurrenerako. 11 idazlek eta bertze hainbertze ilustratzailek parte hartu dute. Laban aurkeztuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.